Hego Euskal Herriko landetxeek nekez hasi zuten udako denboraldia, baina denborak aurrera egin ahala egin dute hobera, gertuko turismoak izan duen bultzadaren eskutik. Aste Santuan koronabirusaren laino beltzak izan zituzten gainean, baina, uda hasierarekin batera,baretzen hasi zen eguraldia. Orain ez dute trumoirik entzuten, baina ez dute luzaroan eguzki izpirik iragartzen.
Ekain amaiera aldera hasi zen atertzen, alarma egoera amaitzearekin batera. Idoia Ezkurdiak, Nekatur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza turismo elkarteko kudeatzaileak, adierazi du ordutik aurrera erreserbak «erritmo oso onez» egiten hasi zirela. Sektore ia denek bezala, turismoak pandemiaren eraginak nozitu ditu. Orain, atzera begira, aurreikuspenak ez dira inondik inora ere bete.
Iazko bisitarien kopurutik urrun geratu dira, Ezkurdiaren ustez: «Ez da nahikoa. Urteak hamabi hilabete ditu, eta apirilean, maiatzean eta ekainean fakturatu gabe egon dira jabeak. Kontuan izan behar da autonomoak direla eta hilero-hilero gastuak dituztela. Uztaileko eta abuztuko aktibitateak zerbait lagunduko du, noski, baina nekez kitatuko dituzte gastuak».
Izan ere, COVID-19aren gorabeherek zuzenean eragin dute erreserbetan. Arabako. Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeen okupazioa %47koa izan da uztailean —iaz baino %13 gutxiago—. Abuztuan, aldiz, %66koa izan da okupazioa —iaz baino %17 gutxiago. «Onartu behar ditugun datuak dira, noski, baina ez dira datu onak», azaldu du Nekaturreko kudeatzaileak.
Gainontzeko turismo establezimenduekin alderatuta, txarrenean ondoen ibili dira landetxeak. Hegoaldeko hotelak, esaterako, ez dira iritsi okupazioaren erdira ere: %30 Nafarroan, %34 Araban, %37,2 Bizkaian eta %47,2 Gipuzkoan.
Nafarroa iparraldean bestelakoa izan da denboraldia. Patxiku Irisarri Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko lehendakaria da, eta Gainkoborda landetxean jarduten du, Etxalarren. Haren arabera, «nahiko ondo» joan da uda; ia-ia %100ean aritu dira elkarteko landetxeak.
Landetxeak beterik izanda ere, aurtengoa «arraroa» izan dela adierazi du: «Inolako ziurtasunik gabe ibili gara. Hartuta zeuden landetxeak bertan behera geratu ziren martxoan, eta ekain hasieran hasi zen jendea berriro animatzen. Ezeztatze pila bat izan ditugu, baina jarraian beste batzuek deitzen zuten erreserba egiteko».
Joandakoak eta datozenak
Aste Santuak, San Joseko zubia... Aukera gehiegi galdu dituzte landa turismokoek. Urtea, baina, ez da amaitu. «Oraindik lau hilabete falta dira, eta asteburuetako jendea ibiltzen da gehienbat. Laster ikusiko dugu kurtso hasierak dakarrena; zer baldintza izaten diren, horrek baldintzatuko du guztia», azaldu du Irisarrik. Oraingoz, irailerako aurreikuspenak ez dira hilabeteotakoak bezalakoak: aurreko urteetako erdia espero dute, %25-30 inguruko okupazioa.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udako azken asteetarako erreserbak ere ez dira kezkak ahazteko modukoak. Joan den asteazkenean hitz egin zuen Ezkurdiak BERRIArekin, eta adierazi zuen helburua abuztuko azken asteburuko erreserbei eustea zela, okupazioa %66tik ez jaisteko.
Irailean, gainera, datuak ez dira inolaz ere hobeak. %13ko okupazioa dutela adierazi du kudeatzaileak, eta egunez egun datu hori behera doala: «Abuztu erdialdetik geroztiko osasun egoerak eragin du ez abuzturako, ezta irailerako ere eskaera berririk ez sartzea. Eta, oraintxe bertan, oso-oso txikia da iraileko okupazioa; are gehiago, ezeztatzeak ari gara kudeatzen orain. Joan den astean handiagoa zen».
Gorabeherak gorabehera, aurtengo landetxeetako bisitarien artean joera nabaria izan da. COVID-19ak oporraldiak «birplantearazi» ditu, eta «lehentasuna» eman zaio bertakoari. Dudarik gabe, gertukoak izan dira oporrak.
Uztailean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Hego Euskal Herrikoak izan dira zerrendetan lehenak:5.136, hiru bisitaritik bat. Iaz baino %40 gehiago.
Patxiku Irisarriren arabera, antzekoa jazo da haienean. «Nafarroako elkarteko landetxeetan oso-oso hurbileko jendea ibili da». Uztailean nafarrak izan ziren gehienak, eta gipuzkoarrak ere joan ziren. Abuztuan, jada, aurreko urteetako bezeroak itzuli ziren Nafarroa aldera: Espainiatik, Madrildik eta Aragoitik bereziki; eta Herrialde Katalanetatik.
Etorkizunera begira
Abuztuko datu ofizialen faltan. Ezkurdiak adierazi du bertakoak ere nabarmen izango direla, halako kopuruetara ez iritsi arren. «Fideltasuna oso handia izaten da; euskaldun bezero askok gure landa ostatu mota ezagutzen du aurretik. Kanpotik etorri direnen artean bai, haien artean egon da lehendabiziz erreserbatu duena». Uste du etorkizunera begira, halako noranzkoak «segur aski kontuan» izango dituztela.
Irisarriren ustez, landetxeen gorakada orokorra konfinamenduak eragindakoa da, «ziurtasuna eta segurtasuna» eskaintzen baitute. Eta ikusteko dagoela hurrengo urtera begira jendeak zer-nolako jarrera hartzen duen. «Guk martxan jarraitzen dugu, hementxe jarraituko dugu». Udazkenean, oraingoz, badute zer egin: Baztan-Bidasoko jatetxeetan jardunaldi gastronomikoak egingo dituzte.
Lehentasuna hurbilekoari
Udako landetxeen okupazioan alde handiak izan dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu