Zaharrak berri Eusko Jaurlaritzaren, patronalaren eta sindikatuen arteko harremanetan. Berriro osatu da Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, oraingoan egitura finko eta antolatu gisa. Eta berriro argi ikusi da mahaiak hanka bat motz izango duela, langileen erakundeei dagokiena. Ordezkaritzaren %60 duten sindikatuek, ELAk eta LABek, parte hartzeari uko egin diote, argudiatuta mahai horretan ez dutela funtsezko ezer eztabaidatzen, eta «Jaurlaritzak patronalaren alde egiten duen politika zuritzeko» baizik ez duela balio. Sindikatu abertzaleei agertzeko gonbidapena egin zien atzo Maria Jesus San Jose Enplegu sailburuak, baina haiek gabe ere topaguneak lan harremanen inguruko erabakiak hartzeko legitimotasuna duela aldarrikatu du.
Ia hilabete pasatu da Eusko Jaurlaritzak mahaia erakunde antolatu gisa sortzeko dekretua onartu zuenetik. Gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen arteko «topaketarako eta partaidetzarako» organo gisa sortu zuen, eta haren eginbeharra du lan arloarekin eta negoziazio kolektiboarekin zerikusia duten gaietan «politika publikoen negoziazioa eta kontzertazioa sustatzea». Gaur egun mahaia erakunde bat den aldetik, hartutako erabakiek «babes juridikoa» izango dutela azaldu zuen San Josek.
Orain aldarrikatzen duen «kontzertazioan» gabezia erakutsi zuen mahaiak iaz, lehenik CCOOk eta ondoren UGTk mahaitik altxatu zirenean, Jaurlaritzak enplegu plan bat Confebaskekin soilik hitzartu zuelako. «Dagoeneko bideratu den desenkontru bat» izan zen hura, atzo Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak azaldu duenez. «Borondate ona dagoenean, gauzek bere onera egiten dute».
Gaiak finkatu dituzte
Giro ona erakutsi nahian, lehen bileran parte hartzaileak gai izan ziren 2019an jorratu nahi dituzten bost gaiak finkatzeko: genero berdintasuna, gizarte kohesioa, enpleguaren kalitatea, enpleguen eskaintza eta eskariaren arteko oreka, eta enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna.
Gai horiek jorratzeko, bost talde egonkor sortuko dituzte, eta bakoitzean Jaurlaritzako sail batek parte hartuko du: Lehendakaritza eta Emakunde genero berdintasunean, Lan Saila lan osasunean, Enplegu Saila enplegu kontuetan, Ekonomiaren Garapena industria arloan, eta Hezkuntza lanbide heziketan.
Arlo horietako bakoitzean akordio bat lortzeko nahikoa izango da sindikatu baten oniritzia erabakiek mahaiaren zigilua izan dezaten. Hori da, hain zuzen ere, sindikatu abertzaleen kritika nagusietako bat: ordezkaritzaren %10 soilik izan arren, UGTren botoa nahikoa izan daitekeela neurri batek aurrera egiteko. «Antidemokratikoa», ELAren etaLABen arabera.
Beste sindikatuek, berriz, esan dute sindikatu abertzaleek bere burua baztertzen dutela. «CCOOk beharrezkotzat jotzen dituen leku guztietan egongo gara, langileen eskubideak defendatzeko», azaldu zuen Loli Garcia sindikatu horretako idazkari nagusiak.
Lehengo lepotik burua
Barne desadostasunak konponduta, erakunde gisa agertu da berriro Elkarrizketa Sozialerako Mahaia. ELAk eta LABek ez dute parte hartuko, gobernua zuritzeko organoa dela uste baitute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu