Lehengo egoerara itzultzeko bi urte beharko dira, Confebasken arabera

Aurreikusi du datorren urtean %7,2 haziko dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia. Enplegu berri gutxi sortuko da, eta langabezia tasa oraingoaren oso antzeko mailan mantenduko da

Confebaskeko Eduardo Aretxaga, Eduardo Zubiaurre eta Pablo Martin, atzo eginiko agerraldian. MANU DE ALBA / CONFEBASK.
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ekonomiak bi urte beharko ditu inoiz ezagutu duen kolperik gogorrenari buelta emateko. Hala aurreikusi du Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak, urte amaieran kaleratzen duen koiuntura txostenean. Horren arabera, BPGa %9,2 jaitsi da aurten —%7,2 eurogunean—, eta datorren urterako «hazkunde ekonomiko handia» espero duen arren —%7,2—, azpimarratu du hori ez dela aski izango 2020an galdu den guztia berreskuratzeko. Helburu hori lortzeko, 2022ra arte itxaron beharko da. Hori da Confebasken «jokaleku nagusia», baina zuhurtziaz jokatu beharra dagoela ohartarazi du: oroitarazi du pandemiaren etorkizunari buruz ziurgabetasun handia dagoela oraindik, eta horrek baldintzatu egingo duela bilakaera: hazkundea, beraz, %5 eta %8,5 artean egon daitekeela zehaztu du.

Eta susperraldi horrek enpleguan eraginik izango al du? Confebasken arabera, gutxi nabarituko da hurrengo urtean, ez onerako, ez txarrerako. Birusak jada egina du triskantza: Gizarte Segurantzan 22.000 afiliatu gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa ia bi puntu igo da: %11,3 da. Enpresarien elkartearen aurreikuspena da orain arte galdutakoaren zati bat berreskuratzen hastea, baina «erritmo motelean» oraindik ere. Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek azaldu duenez, aldi baterako erregulazioan jarraitzen duten pertsonak lanera itzultzearekin batera —hiru lurraldeetan, 30.000 behargin inguru— beteko da hurrengo urtean izango den enplegu beharren zati handi bat. Hortaz, apenas sortuko den lanpostu berririk —5.000 afiliatu gehiago, Confebasken arabera—, eta langabezia tasa ere ez da aldatuko: aurtengoaren bueltan geratuko da.

COVID-19ak pertsona guztiei eragiten dien moduan, gauza bera gertatu da sektore ekonomikoekin. Baina egon dira kaltea gehiago nabaritu dutenak: mugikortasunari, kulturari eta aisiari lotutako zerbitzuek eta «atzerrira oso irekita dauden» industriek, hala nola aeronautikak, petrolio findegiek eta ekipo ondasunak. Confebasken arabera, 2021ean horiek eta gainontzekoek «hobekuntza argia» izango dute, zerbitzuen sektore pribatuak bereziki; horien artean, baina, gehiago kostako zaie aisialdiarekin eta turismoarekin lotutako jarduerei. Eraikuntza eta industria ere «asko» haziko dira datorren urtean, baina, bigarrenaren kasuan, jarduera adar batzuetan geldoagoa izango da susperraldia, findegienean edo aeronautikarenean, adibidez.

Enpresen eskaerak

Aurreikuspen ekonomikoek beti dute akatserako tarte bat, eta are gehiago osasun krisi baten moduko aldagai ezezagun bat tartean sartzen bada. Horrek sortzen duen ziurgabetasuna kontuan hartuta ere, Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak mezu positibo bat helarazi nahi izan du. Batetik, nabarmendu du euskal ekonomia Europakoen abiadura berean haziko dela, 2022an pandemia aurreko maila berreskuratzeko aurreikuspenarekin, eta Espainiakoa baino urtebete bizkorragoa izango dela. 2008ko krisia ere izan du hizpide, eta gogoratu du orduan hamar urte behar izan zirela «bide positiboa berreskuratzeko», eta, orain, bi urteko aurreikuspenekin dabiltzala. Enpresen artean ere baikortasuna nabari duela azpimarratu du Aretxagak.

Confebaskek egindako inkesta baten arabera, euskal enpresek «hobekuntza progresibo» bat espero dute datorren urterako, 2020an baino jarduera handiagoarekin, baina krisiaren aurretik izandakoa baino txikiagoa oraindik. Enpresen kezkak dira, besteak beste, Espainiako ekonomiaren ahultasuna eta salmenten errentagarritasunak behera egitea. Eskakizun nagusiak ohikoak: dira: barruko lan malgutasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioen murrizketa, likideziarako abal eta mailegu lerroak mantentzea eta enplegurako lan erregulazioak egiteko egungo baldintzei eustea.

Urte hasiera «zaila»

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko lehendakariak «aldarrikapen logikotzat» jo du erregulazioen egungo eredua erreformatzeko eskaera, baliabide hori «errazteko». «Zenbat eta traba eta muga gutxiago egon, orduan eta gutxiago joko da neurri traumatikoagoetara, enpleguaren suntsiketan eragingo duten neurrietara, alegia». Pablo Martin Confebaskeko Ekonomia arduradunak onartu du datorren urtearen lehen hilabeteak «zailak» izango direla eta «saihetsezina» izango dela enpresa batzuk ixtea. Ez du zehaztu zein eta zenbat izan daitezkeen.

Hori ekiditeko, enpresei «kontingentzia plan errealistak» egiteko eskatu die Aretxagak, eta gizarte eragileei «elkarrizketara irekiak» egoteko, enpresekin diagnostiko partekatu bat adosteko. Administrazioei, berriz, eskatu die COVID-19a dela-eta onartutako tresnak «ahal duten neurrian» indartzeko. «Begirada errealista bat proposatzen dugu, baina ezkortasunean eta gogogabetasunean erori gabe. Krisialditik ateratzeko beharrezkoak diren esperientzia eta tresnak ditugu, eta horretarako konpromisoa, erantzukizuna eta esfortzu indibidual eta kolektiboa beharko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.