Europako Batasuna

Lehengaien kluba, Txinaren monopolioa amaitzeko

Hornidura dibertsifikatzeko, Bruselak harremanak bultzatu nahi ditu AEBekin eta Kanadarekin. EBn meategiak zabaltzeko prozedura bizkortu nahi du

jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Pandemia garaitik sektore ugaritan izandako hornikuntza kateen hausturek agerian utzi dute Europako Batasunak beste lurralde batzuekiko eta bereziki Txinako ekonomiarekiko duen mendekotasuna. Maskarekin gertatu zen, baina baita industriarako lehengaiekin ere. Horrek «burujabetza estrategikoaren» ideia indartu du Europako agintarien artean, eta, helburu horrekin, Europako Batzordeak Lehengai Kritikoen Lege egitasmoa aurkeztuko die bihar estatu kideei. Horrekin, hornidura arrisku gero eta handiagoak murriztu nahi ditu Bruselak, eta EBren gaitasunak indartu lehengaien balio katearen etapa guztietan: erauzketan, prozesatzean eta birziklatzean.

Ikusi gehiago:Lur arraroak, energia trantsiziorako ezinbesteko osagaiak

EBko industrian erabiltzen diren lehengaiak inportazioaren mende daude hein handi batean. Batzordeak kritikotzat jotzen dituen 27 lehengaietatik hamalautan %100ekoa da, eta beste hirutan, %95ekoa. Eta lehengai horiek funtsezkoak dira. Lur arraroen multzoko mineralak, adibidez, telefono adimendunetan, ordenagailuetan, auto elektrikoen motorretan eta energia berriztagarrietako teknologietan erabiltzen dira, eta espero da haien eskaria izugarri handitzea datozen urteetan.

Gaur egun, Txinak du lehengai horietako askoren monopolioa. Hori amaitzeko, hornidura katea dibertsifikatu nahi du Bruselak, eta, horretarako, proposatu du 2030erako ez egotea beste herrialde baten mende edozein lehengai estrategikoren inportazioen %65etan baino gehiagotan. «Hornidura indartu eta dibertsifikatu gabe, ez dago trantsizio digital edo berderik», ohartarazi zuen atzo Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak, berri agentziekin izandako topaketa batean.

Bertan ekoiztu eta birziklatu

Horretarako, beste herrialde batzuekin batera, «lehengaien klub bat» sortu nahi du Bruselak, batez ere AEBekin eta Kanadarekin. Jokaleku horretan kokatzen dira Batzordeko buruek azken asteetan bi herrialde horietara eginiko bidaiak eta Margrethe Vestager Lehia komisarioak egunotan Txilera, Kolonbiara eta Brasilera egindakoak.

Bruselak begiz joak ditu Hego Amerikako eta Afrikako herrialde batzuetako ustiategiak. Txinak han dituen interesei aurre egiteko «atzerri politikako tresna guztiak» erabili behar direla uste du. «Txina oso azkar ari da lanean etorkizuneko hornidura bermatzeko, iturriak dibertsifikatuz baliabideetan aberatsak diren herrialdeekin akordioak eginda. EBk presaz jardun behar du», azpimarratu du Batzordeak.

Horrekin batera, barrura begirako erronka batzuk ere ezarri ditu: 2030erako Europako industriaren lehengaien urteko kontsumoaren %40 gutxienez EBn prozesatzea nahi du. Gaur egun, Txinak egiten du hori Europak inportatzen dituen industriako lehengai gehienekin. Era berean, material horien %10 EBko meatzeetatik atera nahi ditu. Horretarako, baina, baimenek «arinagoak eta aurreikusteko modukoak» izan behar dutela dio.

Ikusi gehiago:Europako Batzordeak epe luzeko kontratuekin merkatu nahi du argindarra

Batzordearen arabera, Europan ustiatu gabeko baliabide mineral industrial ugari daude, baina nabarmendu du ez dela haietara jotzen, hala nola inbertsio faltagatik, lizentziak lortzeko traben- gatik eta herritarren onarpen eskasagatik. Sektorearen arabera, gaur egun batez beste hamar urte behar dira meatze berri bat martxan jartzeko, eta Bruselak bi urtera murriztu nahi du hori. Gainera, egitasmo horiek estatu laguntzen bidez bultzatu nahi ditu, «inbertsio pribatua berez ez baita nahikoa». Batzordeak gogorarazi du estatu laguntzen araudia berriki berrikusi duela, eta errazagoa dela estrategikotzat jotzen diren sektoreetan inbertsioak egitea.

Halaber, Bruselak azpimarratu du lehengai horien birziklatzea bultzatu behar dela: 2030ean %15ekoa izatea nahi du. Gaur egun, metal batzuk —burdina, zinka eta platinoa— %50 baino gehiago berrerabiltzen dira EBn, eta horrekin kontsumoaren %25 baino gehiago estaltzen da. Hala ere, beste batzuei dagokienez — batez ere energia berriztagarriko teknologietarako erabiltzen direnak—, hutsaren hurrengoa da birziklatzea. «Material baliotsuak zabortegietara iristea eragotzi behar da. Gainera, baliabide asko hondakin eta txatarra gisa ateratzen dira Europatik, eta EBn birzikla litezke bigarren mailako lehengai bihurtzeko», dio Batzordeak.

Horrekin batera, Bruselaren arabera, funtsezko lehengaiekiko mendekotasuna murrizteko beste modu bat da antzeko errendimendua eskaintzen duten beste batzuekin ordezkatzea. Horretarako, materialen esparruko berrikuntzak eta material alternatiboak erabiltzen diren teknologien garapenak bultzatu behar direla azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.