Lehen sektorearentzako laguntzen %70 aurreratuko ditu Jaurlaritzak

Hiru lurraldeetako abeltzainen eta nekazarien artean 20 milioi banatuko ditu, 2020ko ekitaldikoak. Europako plan berritik diru gehiago iristea espero du, baina jarrera zentralista leporatu dio Madrili

Arabako Errioxako ardo ekoizle bat, mando batekin mahastia goldatzen, aurtengo martxoan. BIBA ARDOAK.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak erabaki du Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) 2020ko ekitaldiko zuzeneko laguntzen %70 aurreratzea: 20 milioi euro. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 7.000 nekazari eta abeltzainek eskatu ahal izango dute diru hori. Orain arte ekitaldi baterako laguntzen %50 aurreratu zezaketen administrazioek, baina Bruselak baimena eman die kopuru hori %70era igotzeko, COVID-19ari aurre egiteko neurri gisa. Jaurlaritzak aurreikusi du onuradun guztietatik 5.300 oinarrizko ordainketa berdearen erregimenekoak izatea, eta gainerakoak, nekazari txikiak.

Bestalde, Batasuneko estatu kideek datozen urteetarako NPBri buruzko akordioa itxi zuten herenegun, eta balorazio gazi-gozoa egin du Jaurlaritzak. Aurreikusten du diru gehiago iritsiko dela Bruselatik, baina Espainiako Gobernuaren jarrera zentralista salatu du, funtsean berak kudeatuko dituelako laguntzak.

Bruselak izaera subsidiarioa aitortu die estatuei, eta hori dela-eta haiek definitu ahalko dituzte diru laguntzen onuradun potentzialak edo lagundu beharreko sektoreak. Jaurlaritzak neurria txalotu du, baina neurri batean salatu du eredu hori ez dela hedatu eredu autonomiko edo federalak dituzten estatuetara, «edo, gutxienez, zerga autonomia duten eskualdeak dituztenetara»; Espainiako Estatuaren kasuan, EAEra eta Nafarroara.

Hala, eta nekazarien elkarte batzuek egindako eskaerari erantzunez, adierazi du horrek plan estrategiko propio bat egitea eragotziko diola, Bruselak herrialde bakoitzeko bakarra aurreikusten duelako. Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako Sailak salatu du Espainiako Nekazaritza Ministerioak ez duela aukera hori Europan defendatu nahi izan, Espainiako erkidego guztiek nekazaritza arloko eskumen osoak dituzten arren. «Egungo akordioak ez dio Eusko Jaurlaritzari uzten NPBren laguntzak Euskadiko errealitate estrukturalera eta produktibora egokitzen».

Bruselaren zain

Azkenean, Bruselak 390.000 milioi euro bideratuko ditu Nekazaritza Politika Bateratuarentzat: horietatik 47.700 milioi Espainiarentzat izango dira. Jaurlaritzaren ustez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazari eta abeltzainek urtean 65 milioi euro jasoko dituzte, 2023tik 2027ra bitartean.

Ekonomia Garapenerako Sailetik azaldu dutenez, NPBk ezarritako helburu estrategikoekin bat egiten dute Jaurlaritzak martxan jarritako hainbat proiektuk, eta espero du Madrilek horietara bideratzea laguntzak: egitasmo horien artean daude nekazariei bidezko errenta bat bermatzea, lehiakortasuna areagotzea, elikaduraren katean botere oreka berreskuratzea, klima aldaketaren aurka jardutea, ingurumena babestea, paisaiak eta biodibertsitatea babestea, belaunaldi erreleboa sustatzea, eta kudeaketa eredu berria ere (Delivery Model delakoa) bultzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.