Lehen sektorearen «ziurgabetasun eta aldaketa garai honek» ikuskera «biktimista» bat zabaldu du alorreko eragileen artean. Hala uste du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak. Horri aurre egin eta sektorearen «indarguneak» bultzatuko dituen agintaldi programa bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko taldeen aurrean. Horretarako, lege berri bat —2008ko Nekazaritza Politika eta Elikadura Legea «egungo errealitatera egokituko» duena—, 45 egitasmo eta 178 ekintza zehatz iragarri ditu 2024-2028 eperako.
Horien guztien artean hiru nabarmendu ditu: Jaurlaritzak sektorean belaunaldi erreleboa bultzatzeko zazpi programa berri jarriko ditu martxan, Arabako Errioxako ardoa nazioartean sustatzeko 22,5 milioi euro bideratuko ditu, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako portuak berritzeko hogei milioitik gora inbertituko ditu.
Barredoren arabera, Jaurlaritzak lehen sektorerako sail propioa izateak erakusten du alor horri eman nahi dion «estrategikotasuna» —Urkulluren agintaldian Ekonomiaren Garapenerako Sailaren barruan zegoen—. «Agerian geratu da gure ongizaterako oinarrizkoak diren produktuetan eta zerbitzuetan kanpokoaren mende gaudela, eta lezio horrek eskatzen du erabakiak hartzea eta portaerak aldatzea gure etorkizuneko garapena bermatzeko». Gainera, gogoratu du aurreko gobernuak sektorearekin konpromiso hori hartu zuela azken hilabeteetan izandako protesten harira egindako bileretan.
Barredok azpimarratu du sektoreak «aldaketa handiei» aurre egin behar diela —operadore berrien eta inbertsio funtsen sarrera, klima aldaketa, kontsumo jarrera berriak, errelebo falta...—, baina nabarmendu du beldur horiek «aukera» bilakatu daitezkeela, «ekoizpen eta industrializazio ereduak birpentsatzeko eta bideratzeko». Sailburuaren arabera, sektoreak ezinbestekoa du urrats bat egitea bere «lehiakortasuna eta errentagarritasuna hobetzeko».
%4,5
Hazkundea 2019tik. Lehen sektorea industria eta zerbitzu sektoreen oso azpitik hazi da, zeinak Barredoren arabera %15 hazi baitira azkenengo lau urteetan. Sektoreak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %9,7 sortzen du, eta 133.000 pertsonari ematen die lan. Transformazio industriak du pisurik handiena, alde nabarmenarekin, gainera. Lehen sektoreak, bere horretan, BPGaren %0,84 pisua baino ez du, baina, sailburuaren hitzetan, gizarteari egiten dion ekarpena «eztabaidaezina» da, «bai ingurumen balioei dagokienez, bai kultura eta gizarte balioei dagokienez».
«Balio erantsia» handitu
Barredok azpimarratu du langileen zahartzea eta errelebo falta dela sektorearen «adierazlerik kezkagarrienetako bat». Hiru lurraldeetan 12.919 ustiategi daude, eta horien jabeen %10,4k bakarrik dute 41 urte baino gutxiago; aldiz, %30ek dute 65 urtetik gora.
Horri buelta emateko zazpi programa espezifiko iragarri ditu. Besteak beste, lur bankuak, lurren jabetza eskualdatzeko tresnak eta errelebodun erretiro aurreratuak bultzatzeko programak aipatu ditu, eta finantza mekanismo berri bat iragarri du.
Horrekin batera, «balio erantsi handiagoa» duten laboreen alde egin behar dela uste du sailburuak, iritzita eremu batzuetan oso handia dela zerealekiko menpekotasuna, Araban bereziki. Horri buelta emateko, Arabako patata bultzatzeko milioi bat euroko programa berri bat iragarri du, eta berotegiko laboreentzako hamabi milioiko beste bat. Plan sektorial bat iragarri du, halaber, labore estentsiboetarako eta haragitarako behi aziendetarako.
«Gure ongizaterako oinarrizkoak diren produktuetan eta zerbitzuetan kanpokoaren mende gaude, eta lezio horrek eskatzen du erabakiak hartzea eta portaerak aldatzea»
AMAIA BARREDOEusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua
Sektoreak Nekazaritza Politika Bateratua Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako «ezaugarrietara» egokitzeko eginiko eskaera ere bere egin du Barredok, eta konpromisoa hartu du aldarrikapen hori Espainiako eta Europako erakundeetara eramateko.
Elikadura industria ere nabarmendu du. Bertako produktua ez dela behar beste aprobetxatzen azpimarratu du. Horren harira, besteak beste, elikadura ekologikoa bultzatzeko plan berri bat iragarri du, jatorri izeneko jakien zerrenda handitzen jarraituko dute, eta sektorean ekintzailetza bultzatzeko bi zentro zabalduko dituzte, bata Donostian eta bestea Ortuellan (Bizkaia).
Laguntza ardogileei
Edarien sektorean ere arreta berezia jarri du sailburuak, ardogintzan bereziki. Arabako Errioxako ekoizle batzuek Errioxa sor-markatik irten eta deitura propioa sortzeko egindako urratsaz ez du ezer esan. Baina Arabako ardoak nazioartean zabaltzeko hainbat ekintza egingo dituela iragarri du. Horretarako, 22,5 milioi euro jarriko ditu datozen lau urteetan.
Aurreko gobernuak garatutako egitasmo bati bultzada emango diotela ere baieztatu du. Ardogintzaren sektorearekin lotutako ikerketa eta ekintzailetza egitasmoak bultzatzeko zentro bat zabalduko dute Guardian, BCC Basque Culinary Centerrekin batera, eta beste bat Gasteizen, edarien sektorerako oro har. Hamar milioi bideratuko dituzte bi azpiegitura horietara.
Sagardoaren kasuan, berriz, Euskal Sagardoa sor-marka Euskal Herri osora zabaltzeko egindako urratsak bultzatuko dituztela azaldu du Barredok, eta artisau garagardoaren sektoreari laguntzeko programa indartuko dutela.
Kofradien «fusioa»
Arrantzaren sektoreari buruz ere mintzatu da Barredo. Batetik, hogei milioi eurotik gorako inbertsioak iragarri ditu azpiegituretarako. Besteak beste, Mutrikuko (Gipuzkoa) babes dikea sendotzeko, Bermeoko eta Ondarroako izotz lantegiak berritzeko, eta Bermeoko kirol portuan lehorreratzeko orgak jartzeko. Bestetik, jakinarazi du Bizkaiko eta Gipuzkoako baxura ontzien kofradiek bat egingo dutela, elkarte bakarrean.