Nekazaritza eta abeltzaintza «jarduerak estrategikotzat» izendatzea eskatzen duen mozioa onartu dute Arabako Batzar Nagusiek. Elkarrekin Araba taldeak aurkeztu du proposamena, UAGA Arabako nekazarien elkartearen, Araba Bizirik-en eta Bionekazaritza taldeen izenean, eta aho batez onartu dute alderdi guztiek gaurko saioan. Hala, aldundiari eskatu diote lehen sektorearen aldeko politikak garatzeko eta nekazariak eta abeltzainak babesteko neurriak hartzeko.
Mozioan jasotzen denez, %42 jaitsi da ustiategi kopurua Araban azken hamarraldian, eta %2,5 murriztu da nekazaritza jardueretarako erabiltzen den lur azalera kopurua. Horrez gain, zahartzen ari da herrialdeko biztanleria, Arabako herrietan bizi diren herritar gehienek 65 urte baino gehiago dituztelako. «Despopulazioa agerikoa da, mila biztanlera iristen ez diren 397 herri baitaude Araban; horien erdiak baino gehiagok 50 biztanle baino gutxiago dituzte, eta hogei herritar baino gutxiago beste 73 herrik».
Datu horiek kezkagarriak dira mozioa bultzatu duten elkarteen ustez, ondorio zuzenak izan ditzakeelako Arabako ekonomian nahiz herrialdearen lurralde orekan. Horregatik, beharrezkoa da lehen sektorea babesteko neurriak hartzea. Izan ere, gogorarazi dute nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak lagungarri direla despopulazioari aurre egiteko edo «gero eta ohikoagoak diren» suteen mehatxuengatik babesteko. «Gizarte osoari mesede egiten dion jarduera da, eta lehentasunez hartu behar da kontuan», dio testuak.
Nahitaez bete behar
Mozioa eztabaidatzen ari ziren bitartean, elkarretaratzea egin dute elkarteetako kideek batzar nagusien aurrean, Gasteizen. Eta argi eta ozen adierazi dute mozioa hori ezin dela izan lehen sektorea aspaldian egiten ari den eskakizunen artean beste bat. Izan ere, salatu dute orain artekoek ez dutela «ezertarako» balio izan. «Konpromiso horiek ez dira errespetatu, eta landa ingurunea eta lehen sektorea abandonatuta eta baztertuta daudela agerian utzi besterik ez dute egin», adierazi dute Gorka Barredok eta Iñigo Lezak, UAGAko eta Araba Bizirik-eko ordezkariek, hurrenez hurren.
Horregatik, ohartarazi dute ez dutela onartuko mozioa «adierazpen instituzional hutsa» bilakatzerik. Aitzitik, aldundiari gogorarazi diote mozioa aho batez onartzeak esan nahi duela bertan jasotzen diren eskakizunak nahitaez bete beharrekoak direla: «Exijentzia horrek behartzen zaitu Araba proiektu handien jazarpenetik defendatzera, etengabe ari baitira hedatzen lurralde osoan».
Azpiegitura proiektu guztiak berehala gelditzeko eskatu dute, bereziki energia berriztagarriei lotutakoak, lurralde plan sektorialak garatu artean. Eta lehen sektorea babesteko tresnak aplikatzea, nekazaritzaren eta elikagai industriaren legeek jasotzen dutenari jarraikiz. Herritarrei ere protestara batzeko dei egin diete, gogorarazi baitute egoera ez diola soilik landa eremuari eta bertan bizi direnei eragiten, Arabako herritar guztiei baizik. «Arazoa kolektiboa da», ohartarazi dute.