Lanuztea sektore publikoan. Igor Eizagirre. ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusia

«Lehen ez ziren pribilegiatuak, eta orain are gutxiago»

Igor Eizagirre. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak uste du Eusko Jaurlaritzak egin behar lukeenaren kontrakoa egin duela langile publikoen eskubideak dekretuz murriztuta. Beren haserrea mobilizazio bidez adieraziko dutela dio.

Sindikatuok uko egin zenioten langile publikoen lan baldintzak negoziatzeari, eta Jaurlaritzak dekretuz onartu ditu murrizketak.

Gu lan baldintzak negoziatzeko prest geunden, baina ez murrizketak negoziatzeko prest. Hasieratik garbi utzi genuen hori, eta horrexegatik alde egin genuen negoziazio mahaitik, Jaurlaritzak ez zituelako proposatutako murrizketak erretiratu. Gainera, gogorarazi behar da oraindik ez dituela bete 2010eko lan ituna sinatzerakoan hartu zituen konpromisoak. Eta onartezina iruditzen zaigu, zerbitzu publikoak garatzea eta sektore publikoko lanpostuei eustea inoiz baino beharrezkoa denean, gizarteak zerbitzu horiek inoiz baino gehiago behar dituenean, Jaurlaritzak haiek murriztera egin duelako.

Esan al liteke funtzionarioak orain arte zituzten pribilegioak galtzen ari direla?

Lehen ez ziren pribilegiatuak, eta orain are gutxiago. Kalitatezko zerbitzu publikoak izateko ezinbestekoa iruditzen zaigu zerbitzu horiek emango dituzten langileek lan baldintza duinak izatea. Horrek zerbitzu horien independentzia bermatzeko ere balio du, zerbitzu publikoek eragin politikotik ahalik eta urrunen egon behar baitute. Beraz, funtzionarioek zituztenak ez ziren pribilegioak, lan baldintza duinak baizik. Administrazioak ere pribilegioen argudio hori bera erabili du murrizketak justifikatzeko, eta funtzionarioek pribilegioak zituztela sinetsarazita, arlo publikoko eta pribatuko langileak aurrez aurre jartzeko.

Arlo publikoak pribatuarentzat eredu izan behar duela diozue.

Bai, baina azkenaldian eredu txar bat besterik ez da. Arlo publikoan langileen lan baldintzak murrizteak arlo pribatuko enpresei bide ematen die gauza bera egiteko. Hori da gertatzen ari dena.

Biharkoa [gaurkoa]izan eta gero, mobilizazioekin jarraituko al duzue?

Bai, noski. Administrazioak oker ari direla konturatu eta bestelako politikak egiten hasi arte jarraituko dugu mobilizatzen. Kalean egotea ezinbestekoa iruditzen zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.