Trantsizio energetikoa aurrera doa Europako Batasunean. Energia eolikoak eta fotovoltaikoak erregai fosilek baino argindar gehiago ekoitzi dute aurtengo maiatzean. Inoiz ez zen halakorik gertatu hilabete oso batean. Ember taldearen arabera, eguzkitik eta haizetik elektrizitatea sortzeko energiaren %31 etorri da (59 TWh), eta erregai fosiletatik, berriz, %27 (53 TWh).
«Energia garbiak errekorrak hausten jarraitzen du», azaldu du Sarah Brown Emberreko Europarako arduradunak. «Eguzki energia eta energia eolikoa erregai fosilen erabilera murrizten laguntzen ari dira; ikatzak inoizko daturik apalenak izan ditu, eta gasa ere apaltzen ari da. Energia eolikoa eta eguzki energia etorkizuneko sistema elektrikoaren bizkarrezurra izango dira».
Maiatzean eguzki energia ugariak, haizeak gogor jo izanak eta argindarraren eskari apalak eragin dute errekor hori. Eguzki panelek argindarraren %14 sortu dute (27 TWh), eta horrela hautsi dute iazko uztailean jarritako marka.
Energia eolikoak marka hautsi ez duen arren, produkzioa ona izan du —%17 edo 32 TWh—, kontuan hartuta udaberrian haizeak motelago jotzen duela udazkenean eta neguan baino. Hain zuzen ere, urtarrilean jo zuen goia eolikoak, 54 TWh ekoitzita.
Ikatza, %10 baino gutxiago
Erregai fosilen artean, berriz, zentral termikoetan ikatzetik lorturiko energiak %10 hartzen du soilik (20TWh). Ikatza da guztietatik iturririk kutsagarriena. Aurtengo maiatza izan da azken mendean ikatz gutxien erre den hilabetea EBn, pandemia garaiko datuak gaindituta.
Gainera, gas bidezko ekoizpenak ere 2018az geroztiko produkzio txikiena izan du: elektrizitatearen %15 besterik ez da sortu horrela. Iaz arte, gas naturala erretzea zen argindarra lortzeko gehien erabiltzen zen bidea, baina berriztagarriek gainditu egin zuten lehen aldiz.
Erregai fosilak gero eta gutxiago erabiltzen dira argindar iturri moduan. Aurtengo urtarriletik maiatzera, iazko epe bereko datuekin alderatuz gero, %15 gutxiago erabili da, eta %20 ikatz gutxiago. Aitzitik, 2022. eta 2023. urteak konparatuta, energia eolikoaren ekarpena %5 handitu da, eta fotovoltaikoarena, berriz, %10.
NBE Nazio Batuen Erakundeak bide horretatik jarraitzeko eskatu die gobernuei, klima aldaketaren kalteak arindu ahal izateko. Haren datuen arabera, tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez berotzeko, 2020-2030 tartean munduko ikatzaren produkzioa %11 murriztu beharko da, petrolioarena %4, eta gasarena %3.
Gainera, herrialde batzuk are zorrotzagoak dira, eta urtean %2 murrizteko planak jarri dituzte martxan.
Lehen aldiz, fosilek baino argindar gehiago sortu dute berriztagarriek EBn
Maiatzean, eolikoak eta fotovoltaikoak argindarraren %31 ekoitzi dute, eta erregai fosilek, %27. Ikatz gutxien erre den hilabetea izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu