Urrats ez oso handietan bada ere, Europako Batasunak aurrera egin zuen iaz erregai fosilen erabilera gutxitzeko bidean. Lehen aldiz, eguzki energiaren bidez argindar gehiago sortu zen ikatza erabilita baino, eta energia berriztagarrien erabilera %44,8tik %47,4ra igaro zen. Horri esker erregai fosilen inportazioan 59.000 milioi euro aurreztu zirela ziurtatu du Ember energia alorreko think tank-ak.
Emberrek gaur berritu du EBren argindar sorkuntzari egiten dion urteroko errepasoa, eta nabarmendu du trantsizio energetikoak erritmoari eutsi diola, «baldintza politiko eta ekonomiko zailak izan diren arren». Handitu egin dira energia berriztagarrietan egindako inbertsioak, eta bosgarren urtez jarraian, txikitu egin da erregai fosilen ekarpena. Ikatza, petrolioa eta gasa erabiliz 868 terawatt-ordu (TWh) argindar sortu ziren 2023an, eta 793 TWh izan ziren iaz, hau da, %8,7 gutxiago.
Berez, 2007an jo zuen goia erregai fosilen erabilerak elektrizitatea sortzeko (1.579 TWh), eta ordutik hona erdira jaitsi da haien ekarpena.
Berriztagarrien ekarpena, berriz, 2,6 aldiz handitu da, 496 TWh-etik 1.300 TWh-era igaro baita 2007tik 2024ra.
Ordutik hona beste gauza bat ere aldatu da: iturri berriztagarrien arteko banaketa. 2007an, zentral hidroelektrikoek ekarri zuten berriztagarrien argindar ekoizpenaren %60 baino gehiago (307 TWh), eta hutsaren parekoa zen panel fotovoltaikoen ekarpena (3,8 TWh). Gaur egun, ordea, eguzkiaren energia handitzen ari da gehien, eta iaz dagoeneko argindarraren %11,1 sortzeko gai izan zen. Jauzi nahiko handia izan da 2023arekiko, %21,7ekoa. Edo, beste modu batera esanda, egunean batez beste 450.000 panel gehiago jarri ziren EBko zelaietan eta etxeetako, lantegietako eta bulegoetako teilatuetan.
Helburuak agian beteko dira
Emberrek uste du oraingo erritmoan posible izango dela EBk REPower EU planean bere buruari jarritako helburuak betetzea —400 GW 2025ean, eta 750 GW 2030ean—, baina derrigorrezkoa izango da urtetik urtera hazkundea bizkortzea. Aipatu du horretarako bide bat etxeetako balkoietan panel txikiak jartzea izango litzatekeela, «Alemanian egiten ari diren moduan».
Energia fotovoltaikoaren arazo nagusia da eguneko ordu batzuetan biltzen dela; herrialde batzuetan, argindar beharraren %80 ere bete izan dute ordu batzuetan. Baina Emberrek uste du teknologia dagoeneko prest dagoela baterien eta argindar sare adimenduen bitartez energia hori bildu eta beste ordu batzuetan banatzeko, «eta erregai fosil garestiekiko menpekotasuna gutxitzeko». Onartu du, ordea, baterien erabilera oso mugatua dela oraindik ere: Alemaniak eta Italiak dituzte gaur egun baterien %70.
%4Argindarra doan izan diren orduak. 2023an, urteko orduen %2tan doakoa izan zen argindarra, berriztagarrien ekarpenari esker. Iaz, %4ra iritsi zen kopuru hori. EB osoan ugaritu dira doako orduak.
Ikatza da gaur egun munduan argindarra sortzeko erabiltzen den erregai nagusia, baina Europako Batasunean oso bestelakoa da egoera. Haren kontsumoa urtez urte txikitzen ari da, eta dagoeneko %10etik behera dago. Are gehiago, hamar herrialdek dagoeneko ez dute ikatza erabiltzen; beste batzuek aurki uzteko asmoa dute —aurten bertan Espainiak, Eslovakiak eta Irlandak—, eta %5etik beherako pisua du gehienetan.
EBko ikatz kontsumo osoaren aztertuta, berez bi herrialdek kontsumitzen duten parterik handiena —Alemaniak (%39) eta Poloniak—, eta horietan ere behera egiten ari da erregai kutsagarrienaren erabilera.
Emberrek iritzi dio bere lana egiten ari dela EBren Green Deal edo energia trantsiziorako araudia. 2020an jarri zen indarrean, eta, haren bidez, EBk energiaren kostua txikitzeaz gain, 59.000 milioi euroren inportazioak aurreztu ditu: 53.000 milioi euro dagozkie petrolio eta gas inportazioei, eta beste 6.000 milioi ikatz inportazioei. Diru gehien Espainiak (14.000 milioi inguru) eta Alemaniak (12.500 milioi inguru) aurreztu dute, horiek baitira energia berriztagarriak gehien hedatu dituzten herrialde handiak.
+%1,5Zenbat hazi den eolikoaren potentzia. Hedapen bete-betean dago fotovoltaikoa, baina moteltzen ari da eolikoa. Iaz zazpi terawatt-ordu handitu zen haren ekarpena, eta batez beste 30 TWh gehiago izan ziren 2019-2023 epean. Edonola ere, Emberrek uste du 2025ean bultzada izango duela sektoreak, batez ere itsasoko eolikoan, haize erroten prezioak igotzeari utzi diotelako eta iaz eskaerak asko handitu zirelako.
Europaren jarrera ez dator bat Atlantikoaren beste aldetik jotzen duen erregai fosilen aldeko haizearekin, han Joe Bidenek IRA inflazioa jaisteko araudiaren bitartez hartutako neurriak indargabetzea izan baita Donald Trumpek hartutako lehen neurrietako bat.
Edonola ere, Emberrek esan du EBk berak gehiago egin behar duela, eta zenbait proposamen egin ditu. Horien artean daude Europako industria eolikoari laguntzea, parke eolikoak jartzeko erraztasunak ematea, eta argindar sare adimendunak zabaltzea.