Argindarra

Lehen aldiz, berriztagarriek erregai fosilek baino argindar gehiago produzitu dute EBn

Maiatzean, eolikoak eta fotovoltaikoak argindarraren %31 ekoitzi dute, eta erregai fosilek, %27

Alemaniako eguzki energia instalazio bat. FILIP SINGER / EFE
Igor Baigorri Perez
2023ko abuztuaren 1a
16:15
Entzun

Trantsizio energetikoa aurrera doa Europako Batasunean. Energia eolikoak eta fotovoltaikoak erregai fosilek baino argindar gehiago ekoitzi dute aurtengo maiatzean Europako Batasunean. Inoiz ez zen halakorik gertatu hilabete oso batean. Ember taldearen arabera, eguzkitik eta haizetik etorri da elektrizitatea sortzeko energiaren %31 (59 TWh), eta erregai fosiletatik, berriz, %27 (53 TWh).

«Energia garbiak errekorrak hausten jarraitzen du», azaldu du Sarah Brown Emberreko Europarako buruak. «Eguzki energiak eta energia eolikoak erregai fosilen erabilera murrizten laguntzen ari dira; ikatzak inoizko daturik apalenak izan ditu, eta gasa ere apaltzen ari da. Energia eolikoa eta eguzki energia etorkizuneko sistema elektrikoaren bizkarrezurra izango dira».

Maiatzean lorturiko eguzki energia ugariak, haizeak gogor jo izanak eta argindarraren eskari apalak eragin dute errekor hori. Eguzki panelek argindarraren %14 sortu dute (27 TWh), eta horrela hautsi dute iazko uztailean jarritako marka.

Energia eolikoak marka hautsi ez duen arren, produkzioa ona izan du —%17 edo 32 TWh—, kontuan hartuta udaberrian haizeak motelago jotzen duela udazkenean eta neguan baino. Hain zuzen ere, urtarrilean jo zuen goia eolikoak, 54 TWh ekoitzita.

Ikatza, %10 baino gutxiago

Erregai fosilen artean, berriz, zentral termikoetan ikatzetik lorturiko energiak %10 hartzen du soilik (20TWh). Ikatza da guztietatik iturririk kutsakorrena. Aurtengo maiatza izan da azken mendeko ikatz ekoizpen urriena izan duen hilabetea EBn, pandemia garaiko datuak gaindituta.

Gainera, gas bidezko ekoizpenak ere 2018tik produkzio txikiena izan du: elektrizitatearen %15 besterik ez da sortu horrela. Iaz arte, gas naturala erretzea zen argindarra lortzeko gehien erabiltzen zen bidea, baina berriztagarriek gainditu egin zuten lehen aldiz.

Erregai fosilak gero eta gutxiago erabiltzen dira argindar iturri moduan. Aurtengo urtarriletik maiatzera, iazko epe bereko datuekin alderatuz, %15 gutxiago erabili da, eta %20 ikatz gutxiago. Aitzitik, 2022. eta 2023. urteak alderatuz, energia eolikoaren ekarpena %5 handitu da, eta fotovoltaikoarena, berriz, %10.

NBE Nazio Batuen Erakundeak bide horretatik jarraitzeko eskatu die gobernuei, klima aldaketaren kalteak arindu ahal izateko. Haren datuen arabera, tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez handitzeko, 2020-2030 tartean munduko ikatzaren produkzioa %11 murriztu beharko da. petrolioarena %4, eta gasarena %3. Gainera, herrialde batzuk are zorrotzagoak dira, eta urtean %2 murrizteko planak jarri dituzte martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.