Paperik gabeko langileak. Testigantzak

«Legez kanpo nengoen, ezkutuan bizi behar nuen»

Kona Marley, Boli Kosta, 30 urte.

Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Nire jaioterrian biologia irakaslea nintzen», gogoratu du Kona Marleyk. Elikagaien zientzia eta teknologia ikasketak egin zituen Boli Kostan, eta kalitate kontroletan berezitu zen. 2019an iritsi zen Ipar Euskal Herrira, Baionara. «Segituan lagundu ninduten bertako elkarteek. CIMADEk, besteak beste, erregularizatua izateko egin behar nituen pausoak azalduz», azaldu du.

Asilo eskaerarekin hasi zuen bere bidea Marleyk. «Sei hilabetez lan egiteko debekua nuen, baina hilabetean 300 euro ematen zizkidan Frantziako Estatuak». Sei hilabete horiek iragan ondotik, lan baimena lortu, eta Aldi Baterako Lan Enpresa batean eman zuen izena. «Zortea izan nuen; nire formakuntzari esker, berehala aurkitu zidaten lana Angeluko (Lapurdi) Arcadie hiltegian, kalitate kontrolean».

Hilabete gutxi bertan lan egin ondoren deitu zuen Errefuxiatuen Babeserako Frantziako Bulegoak. Asiloa ukatu zioten. «Guztiz nahigabetu ninduen. Orduan hasi zen nire erronka: legez kanpo nengoen, ezkutuan bizi eta lan egin behar nuen». Haren helburua hurrengo hiru urteetan 24 lansari agiri biltzea izan zen. Hiltegian jarraitu zuen, legez kanpo. Lan baldintza onak zituen, beltzean lan eginez gero, lortuko ez zituen lansari agiriak egin zizkion enpresak. «Zuzendaritzak begiko ninduen, eta 24 lansariak lortzean lana utziko nuen beldur ziren. Hori dela eta, enplegatze hitzarmen bat proposatu zidan, lan kontratu mugagabe bat».

Marleyk aurten egin du hirugarren urtea Euskal Herrian, eta lortu du bere helburua. Valls zirkularrari erantzunez, eta CIMADErekin batera, errotze txosten bat osatu zuen bizileku baimena eskuratzeko baldintzak betetzen zituela frogatuz. «Otsailean onartu zidaten hemen bizi eta lan egin ahal izateko estatusa». Gaur egun hiltegian dihardu, eta lankideen artean duten giro ona eta ugazaben tratua goratu du: «Zortea ukan dut, nire alorrean bainaiz».

Ikusi gehiago:Kontraesanen esklabo

Ikusi gehiago:Paperik gabeko langileak: kasu ezagunak

Ikusi gehiago:Paperik gabeko langileak. Testigantzak. Johanna Flores: «Instrumentu gisa ikusten gaituzte, ez pertsona gisa»

Ikusi gehiago:Maria Teresa 'Maite' Guzman Cortes: «Bizimodua zail dago egun: esplotazioa inoiz baino handiagoa da»

Ikusi gehiago:Marta Veronica Alegria: «Nire lehen lana: 09:00etan hasi eta 22:00etan bukatu, astelehenetik igandera, 650 euroren truke»

Ikusi gehiago:Marisol: «Paperak lortu eta oporrak eskatzean, kaleratu egin ninduten»

Ikusi gehiago:Oumar: «Paperik gabe, ezin dut lanik egin, arriskutsua baita»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.