Legebiltzarrak atzera bota du pentsioak DSBEarekin ofizioz osatzeko proposamena

EH Bilduk ez beste talde guztiek aurka bozkatu dute.

PENTSIODUNAK
Pentsiodunen mugimenduaren mobilizazio bat, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 1a
12:35
Entzun

Pentsio txikienak DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarekin ofizioz osatzeko EH Bilduk egindako proposamena atzera bota du Eusko Legebiltzarrak. Martxoan gauza bera egin zuen. Soilik EH Bilduko legebiltzarkideen aldeko botoa jaso du legez besteko egitasmoak; gainerakoek kontra egin dute. Zehazki, EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio aldundiekin adostu zitzala DSBEa pentsio txikienen osagarri gisa ofizioz izapidetzeko eta ordaintzeko neurriak.

Horretarako eskubidea dute pentsiodun batzuek, baina, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 14.000k bakarrik jasotzen dute DSBEaren osagarria. Beste milaka batzuek izango lukete horretarako aukera, gehienak emakumeak. «Ez dakigu zergatik gainerakoek ez duten prestazioa eskatzen. Zerbait egingo dugu behingoz? Ezer ez egitearen kostua handiegia da. Justizia eta erreparazio kontua da. Politika feminista da», esan du EH Bilduko kideak.

EAJko Maitane Ipiñazarrek gogorarazi du DSBEaren lege berrian diru sarrera txikiak dituzten pentsiodunak babesteko laguntzak jasotzen direla. Era berean, azpimarratu du Jaurlaritzak ez duela pentsioen gaineko eskumenik, eta gaineratu du «azterketa sakonagoa» egin beharko litzatekeela EH Bilduk proposatutako osagarria ofizioz ordaindu ahal izateko.

Bide beretik mintzatu da PSE-EEko Ekain Rico ere, eta lege berriak dituen «tresnak» aldarrikatu ditu. Elkarrekin Podemos-IUko David Sotoren arabera, lege berriak «DSBEaren baldintzak hobetu ditu», eta uste du arauari «denbora» eman behar zaiola baliabide horiek garatzeko.

PPko Laura Garridoren ustez, EH Bilduren proposamenak DSBEa «desitxuratzen» du, «betebeharra eskubide bihurtzen duelako».

Pentsiodunen mugimenduak hainbatetan eskatu dizkio Jaurlaritzari pentsioak osatzeko neurriak, gutxienez 1.080 eurokoa izan dadin, eta DSBEaren lege berriaren «tranpak» salatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.