Egutegi ofizialari kasu egin gabe, gaur hasiko da benetako legegintzaldia. Iñigo Urkulluk artean lehendakari kargua hartu ez badu ere, Jaurlaritza berriaren datorren urteko politikaren zati handi bat gaur bertan erabakiko da, Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran. Lakuako bulego batean finkatu behar dute behin-behineko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek datorren urtean zenbat diru izango duten gastatzeko. Edo moduare gordinago batean esanda, zenbateko mozketa egin beharko duten 2013ko aurrekontuetan. Betiere zerga bilketa handitu ditzaketen neurrien esperoan.
Bilera duela joan den astean zen egitekoa, baina Patxi Lopezen Jaurlaritzak atzeratzea erabaki zuen, hauteskunde kanpainarekin bat ez egiteko. Erabakiak hiru aldundien protesta eragin zuen, beren kontuak egin ahal izateko denbora gutxiago uzten dielakoan. Baina denborak, ezer baino gehiago, panorama politikoa aldatu du. Lau hankako mahaia zena, hirukoa izango da aurrerantzean, Jaurlaritzarekin batera PSEk bere botere instituzionala galduko duelako. Sozia- listek, ordea, ez dute eragin guztia galduko, zerga politikari buruzko azken hitza batzar nagusiek dutelako, eta horietan beren botoek badute garrantzia.
Sendoturik azalduko da, berriz, EAJ. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzek pisu handiagoa izango dute orain, haren ahotik mintzatuko baita alderdi jeltzalea eta, hortaz, hurrengo gobernua ere. Haren alboan, Martin Garitano (Bildu) eta Javier de Andres (PP), zerga politikaren inguruan sor daitezkeen gehiengo berrietan parte hartzeko aukerei adi.
Gaurko bileran ez da, teorian, zergei buruzko erabakirik hartuko, nahiz eta Jaurlaritzako iturriek adierazi duten aldundien aldetik proposamen zehatzak espero dituztela. Aldaketak, ordea, izan izango dira ondorengo hilabeteotan. Gipuzkoan, Bilduk abian du sozietate zergaren erreforma, eta horri ez ezik, beste batzuei zerga batzuei sakoneko aldaketak egiteko garaia dela esan berri dute Bilbaok eta De Andresek ere.
Krisiak, okerrera
Testuingurua ezin okerragoa n egingo dute Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera: ekonomia %0,9 uzkurtu da aurten (ekainera arte), langabezia handitzen ari da (120.600 langabe Eustaten arabera, beste 30.000 gehiago INEk dioenez), pobrezia gora doa, industria larri dago, eta finantzak jota. Panorama gehiago belzteko edo, zerga bilketa ere emaitza txarrak ematen ari da. Urteko lehen bederatzi hilabeteotan zerga bilketa jaitsi egin da hiru lurraldeetan: %2,1 Gipuzkoan, %2,2 Bizkaian eta %7,1 Araban.
Jaitsiera are handiagoa izango zen baldin eta aldundiek iaz ondarearen gaineko zerga berreskuratu izan ez balute. Eragin lausagoa izan dute errenta zergan egindako igoerek —handiagoa Gipuzkoan (Bilduk eta PSEk hitzartua), Bizkaian eta Araban baino (EAJk eta PPk hitzartua)—, atzeraldiak herritar askoren diru sarrerak txikitu dituelako. Kontsumoaren jaitsierak hari lotutako zergen amiltzea nabaria ekarri dute, BEZarena eta alkoholaren gainekoarena nagusiki. Ikusteke dago zer ondorio duen irailaren 1ean BEZ murriztuak eta arruntak izandako igoerek.
Zerga arloko neurriak iritsi bitartean, aurtengo bilketari buruzko azken kalkulua egin beharko dute Jaurlaritzak eta aldundiek. Eta are inportanteagoa dena, datorren urtekoa, haren arabera erabakitzen dutelako aurrekontuetan zenbat diru gastatu ahal izango duten.
Krisiaren gogortzearen ondorioz zerga bilketak gastu osoa estaltzeko moduan izango ez denez, gastuan zenbateko murrizketa egin beharko den dago jokoan. Kanpainan zehar bili-bolo ibili den zenbakia 1.000 milioirena izan da, EAJk behin eta berriro plazaratu duena. PSEren gobernuak gutxiago izango dela uste du. Bi alderdien arteko eztabaida oso gogorra izan da azken hilabeteotan, jeltzaleek esan baitute Jaurlaritza porrot egiteko zorian zegoela. «Gezurra izateaz gain, arduragabekeria galanta da, ezin zaiolako EAEko erakunde nagusiari halako erdeinua erakutsi», erantzun du Carlos Agirre Ogasun sailburua.
Eztabaida politikoa gora behera, bada saihets ezin daitekeen faktorea: aurten gehienez BPGaren %1,5eko defizita izateko baimena eman die Espainiako Gobernuak erkidegoei, baina kopuru hori %0,7ra mugatu du datorren urtean, Madrilek beretzat gorde duelako Bruselak emandako puntu bateko defizit gehigarria. 500 milioi euroren guraizekada da hori. Zerga bilketaren aurreikuspenak finkatuko du gainontzekoa, BEZaren likidazioari buruz EAEko erakundeek eta Madrilek dituzten desadostasunak konpontzen ez diren bitartean.
Ohiko marra gorriak
Kanpainan murrizketak egingo zituela ezkutatu ez badu ere, non egingo dituen ez du argitu Urkulluk. Ohiko marra gorriak finkatu ditu —osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta pentsioak— eta inor gutxi mintzen duten arloetan moztu nahi duela esan du —protokoloa, publizitatea eta propaganda—. Horiek, baina, guraizekada handia jasan dute azken urteotan, eta hortik ezin daitezke mila milioi aurreztu.
Erakundeen funtzionamendu gastuak ere aipatu ditu, eta hor sartzen dira langile publikoen soldatak. «Ahalegin handiagoak» eskatuko dizkie, «gutxiagorekin gehiago egiteko». Gezurtatu du, ordea, funtzionarioen kopurua gutxitu nahi duenik. Gauzak horrela, dirulaguntzeieta inbertsioei begiratu beharko die. Urkulluk esan du Lopezen gobernuak hartutako gastu konpromisoak aztertuko dituela batzuk atzeratzeko.
Legealdia gaur hasiko da
Jaurlaritza berriak eta diputazioek 2013an zenbat gastatu ahal izango duten erabakiko du gaur Finantzen Euskal KontseiluakMila milioi euroren murrizketak egin beharko direla esan du Urkulluk kanpainan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu