Legazpiko (Gipuzkoa) CIE fabrikako langileen batzordeak greba mugagabera deitu du ekainaren 6tik aurrera. Planta horretan 205 pertsonak lan egiten dute.
Enpresa Batzordea ELA sindikatuko zortzi kidek eta LABeko batek osatzen dute. Jakinarazi dutenez, maiatzaren 31n egindako batzarretan, langileen «gehiengo zabalak» berretsi zuen greba deialdia.
Komunikabideetara bidalitako ohar labur batean, sindikatuek azaldu dute enpresa hitzarmena negoziatzen ari direla eta eskaera hauek egin dituztela: KPIaren gaineko soldata igoerak, hobekuntzak bajen soldata osagarrietan eta lizentzietan eta 4. eta 5. txandetarako eta lanaldi zatituko langileentzako hobekuntzak.
Legazpiko CIEn burdin lanak egiten dituzte autogintzaren sektorerako.
Asteartetik aurrera Legazpiko plantako langileek bat egin dute CIEk Legutioko (Araba) Goiaingo industria parkean duen lantegikoekin.
Haiek maiatzaren 15ean hasi zuten greba mugagabea. 30 langile ditu planta horrek, ELAk ordezkatuak, eta lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira. Sindikatuaren arabera, lantaldearen aldarrikapen nagusien artean daude KPIaren araberako soldata igoerak, urteko lanaldia murriztea (1.700 ordutik behera) eta soldata taulak berrikustea.
CIE Automotive Euskal Herrian egoitza duen multinazional bat da, eta autogintzaren sektorearentzat egiten du lan. Hamabost lantegi ditu Hego Euskal Herrian, eta 100 kanpoan.
ELA sindikatuak gogorarazi duenez, taldeak 90 milioi euroko emaitza garbia izan du aurtengo lehen hiruhilekoan, aurreko ekitaldiko aldi berean baino %9,6 gehiago; eta ustiapenaren emaitza gordina 179,3 milioi eurokoa izan da, iazko lehen hiruhilekoan baino %13,8 handiagoa.