Laudioko Guardian enpresa itxi egingo dute, eta 171 langile kaleratu

Guardian Glass konpainiak iragarri du lantegia udan itxi asmo duela. Argudiatu dute labean arazoak izan direla, baina langileek ziurtatu dute aitzakia bat dela. Eusko Jaurlaritzak eutsi egin nahi dio enpresaren jarduerari.

Laudioko Autoglas Glavista enpresako langileak, protestan, 2023ko uztailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Laudioko Autoglas Glavista enpresako langileak, protestan, 2023ko uztailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza - Jokin Sagarzazu
Laudio
2025eko urtarrilaren 21a
16:30
Entzun

Beste kolpe bat hartu du Aiaraldeko industriak (Araba). Laudioko Guardian Glass fabrika itxi egingo dutela jakin zuen atzo enpresa batzordeak, eta gaur enpresako arduradunekin izan duten bileran berretsi diete informazioa, «sei hilabeteko aurreabisuarekin». Hau da, lantegia udan itxi asmo du Ameriketako Estatu Batuetako multinazionalak. Eusko Jaurlaritzak, ordea, esan du areagotu egingo dituztela enpresarekin dituzten elkarrizketak, inbertsio berrien bidez jarduerari euts diezaion.

Beira enpresak 171 langile ditu gaur egun, eta argitzeko daude haiek kaleratzeko enplegu erregulazioko espedientearen xehetasunak. Ohar bidez, enpresako zuzendaritzak lan karga txikia eta labe batean izandako ezustekoa aipatu ditu erabaki «zail» hori hartzeko argudio gisa. Zehazki, ezusteko «larri» bat izan dute labearen zamaketa horma nagusian, eta esan dute horren ondorioz ezin dela segurtasuna bermatu.

Labea 2011. urtean berritu zuten azken aldiz, eta 15-18 urte arteko bizitza erabilgarria du. Laster berritzea tokatuko litzateke berez, baina Guardianek dio inbertsio hori jada ez dela errentagarria.

Beraz, lehen fasean labe hori hoztuko dute. Jarraian, asmoa da lantegia ixteko eman beharreko pausoak ematea, eta, besteak beste, langileekin eta haien ordezkariekin negoziatzea. Enpresaren jabeek ziurtatu dute lehentasuntzat daukatela «prozesuan zehar beharginen segurtasuna bermatzea».

Ez dute itxitzat eman

Enpresan gehiengoa du ELA sindikatuak, eta iragarri du enplegua bermatzeko «bide guztiak» baliatuko dituztela. Haien arabera, enpresak emandako argudioak «ez dira oso sinesgarriak», eta Guardiani egotzi diote eskualdeko industria eta enplegua suntsitzen aritzea. Erakundeei, bereziki Jaurlaritzari, eskatu diete desindustrializazioa eragozteko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko fabrika ez ixteko.

Itxieraren mamua 2020. urtetik zebilen Laudion, Guardianek Glavista filiala Suitzako Parter Capital inbertsio funtsari saldu zionetik. Iaz itxi zuten, epaileak bidegabetzat jo zituen kaleratzeak, eta langileei ordaina ematera zigortu zuen enpresa.

Orain iragarri duten itxierak berehala eragin ditu erreakzioak. «Minduta» agertu da, esaterako, Arabako Foru Aldundia: «Azken urteetan, Arabako eta Euskadiko erakundeok etengabe eskaini diogu lankidetza enpresari, Aiaraldeko lantegiaren etorkizuna bermatzeko». Aldundiak ez du dena galdutzat eman, eta ziurtatu du Eusko Jaurlaritzarekin lanean dabilela enpresari jarraipena emateko, «oinarri sendoak izango dituen etorkizuneko enpresa proiektu bat sortzeko».

«Areagotu egingo ditugu enpresarekin ditugun elkarrizketak, inbertsio berrien bidez jarduerari euts diezaion»

MIKEL JAUREGIEusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak, berriz, aitortu du ezustean hartu dutela Guardianen iragarpena. Azaldu duenez, Gabonen aurretik harremanak izan zituzten konpainia horren Luxenburgoko zuzendaritzarekin, eta, sektoreak dituen zailtasunen berri eman zien arren, ez zuten itxieraz hitz egin.

Hori ikusita, sailburuak esan du enpresarekin hitz egingo dutela jarduerari eusteko bideak topatzeko. Bitartean, babes osoa helarazi die Laudioko fabrikako langileei eta Aiaraldeko biztanleei.

LAB sindikatuak, bestalde, Aiaraldeko desindustrializazio prozesua gaitzetsi du, eta eskualdearen etorkizuna defendatzera deitu.

Guardian Glassek beste lantegi bat du Euskal Herrian, Tuteran (Nafarroan), baina Laudiokoa ixteak ez dio eragingo.

Historia luzea

Guardianen arazoak ez dira atzo goizekoak. Baina 2020. urtea mugarritzat har daiteke. Konpainiak bi enpresa zituen Laudion, eta horietako bat, Glavista izenekoa, Suitzako Parter Capital inbertsio funtsari saldu zion. Autoetarako beirak egiten zituen Glavistak, eta iaz itxi zuten, 240 langile kalean utzita. Orduan, sindikatuek ohartarazi zuten bazitekeela Guardianek bide bera hartzea. Ordutik hona, enpresak ia ez du kontratu berririk egin, eta, aldi berean, Laudioko lantegian egiten ziren lan batzuk taldeko beste lantegi batzuetara eraman ditu.

Guardianek —lehen Villosa (Vidrierias de Llodio) zenak— 90 urteko historia du herrian. Delclaux familiak sortu zuen, eskualde eta sektore bereko beste enpresa garrantzitsu bat bezala: Vidrala.

Laudioko fabrikan beti aritu dira eraikuntzarako eta autoetarako beira lauak egiten. 1970eko hamarkadan 1.500 langile ere izan zituen, eta Europako beira fabrikarik garrantzitsuenetako bat bihurtu zen.

Guardianeko langileak protestan, Gasteizen, 2021. urtean. JUANAN RUIZ / FOKU
Guardianeko langileak protestan, Gasteizen, 2012. urtean. JUANAN RUIZ / FOKU

1984an, AEBetako Guardian multinazionalak konpainiaren %48 erosi zuen; hurrengo urtean, bere egin zituen gainerako akzio guztiak, eta enpresaren izena aldatu. 2016. urtetik, Koch Industries AEBetako taldearen esku dago Guardian.

Urte horietan guztietan, Laudioko lantegian gatazka sonatu batzuk izan dira langileen eta zuzendaritzaren artean. Adibidez, 2012ko azaroan 57 eguneko greba egin zuten 139 langile kaleratzeko espedientearen aurka. Akordio bat lortu ondoan amaitu zen gatazka hura, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat ezarrita.

Laudioko fabrikan, eraikin esanguratsu batzuen beira egin da, hala nola Dubaiko Khalifa dorrearena. Bilbon ere badira Laudioko enpresan egindako beira duten eraikin ezagun batzuk: besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren egoitza, Miribillako Udaltzaingoarena eta suhiltzaileena, eta IMQ klinikarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.