Lan merkatua. Enpresak

Lauak taldeak 156 langile kaleratuko ditu Lapurdin, lantaldearen ia herena

Aeronautika «egoera larrian» dagoela argudiatu du enpresak. Nagusiki Airbusentzat egiten du lan, eta lan eskaerak %40 jaitsi dira

Lauak taldeak Lapurdin duen lantegietako bat. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Jokin Sagarzazu - Paulo Ostolaza
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak gogor jo du hegazkingintza. Munduan %55 egin du behera hegazkinez bidaiatzen duten bidaiarien kopuruak, eta Euskal Herriko industrian kalte nabarmenak eragiten ari da hori. Hegoaldean ITP Aero eta Aernnova izan dira kaleratzeak iragarri dituzten sektoreko lehen enpresak, eta atzo Ipar Euskal Herrira heldu zen olatua: Lauak taldeak 156 langile kaleratuko ditu Aiherran eta Hazparnen (Lapurdi) dituen lantegietatik. Guztira, 528 ditu han. Beharginek ostiralean izan zuten erabakiaren berri, eta lehen kaleratzeak 2020ko azaroan izango dira.

Sektore aeronautikoaren «egoera ekonomiko kritiko» hori bera argudiatu du enpresak erabakia hartzeko. Lan eskaerak %40 jaitsi direla azpimarratu du, eta luze gabe ez dirudi egoera hobetuko denik: urteko azken hilabeteetarako eskariak %50 jaitsiko direla aurreikusi dute. COVID-19aren krisiak guztiz lehortu du hegazkinen eskaria, eta arriskuan jarri du sektore osoa, Airbus erraldoia barne.

Airbus da, hain justu, Lauak taldearen bezero nagusietako bat: hari saldutako piezetatik eskuratzen ditu bere irabazien %60. Berdin Ipar Euskal Herriko beste enpresa batzuentzat: Dassaultek Lapurdiko lantegi handiena du Miarritze eta Angelu artean, 900 langilekoa, eta Zuberoan, berriz, Elkar ingeniaritza enpresaren jarduera nagusia da aeronautika.

Hegazkinentzako piezak ekoizten ditu Lauak-ek. Lapurdin du egoitza nagusia, eta lantegi gehiago ditu Okzitanian, Portugalen, Mexikon, Kanadan eta Indian. Krisia hasi zenetik ez du aldi baterako langilerik kontratatu enpresak, eta, orain, kaleratzeak ez ditu Euskal Herrian soilik egingo: Okzitanian dituen bi lantegietan ere 93 langile kaleratuko ditu, Isle-Jourdanen 33 eta Saint-Germen, 60. Enpresak argi utzi du kaleratutako langileei ezin dielalanposturik eman bere beste lantegietan.

Frantziako Gobernuak 15.000 milioi jarriko ditu industria aeronautikoa salbatzeko. Bruno Le Maire Ekonomia ministroak ekainean aitortu zuen ehun mila lanpostu inguru kolokan daudela. «Estatuak ez badu berehala esku hartzen, sektoreko hiru enplegutik bat desager daiteke», ohartarazi zuen, eta Lauak-en kasuan bederen, bete da aurreikuspena.

Aeronautikaren kolpea

Euskal Herrian funtsezko sektorea bilakatu da aeronautika. Hegoaldean, oraingoz, Arabako Aernnovak eta Bizkaiko ITP Aerok iragarri dituzte kaleratzeak.

Aernnovak Berantevillan (Araba) du egoitza nagusia, eta joan den astean plazaratu zuen langileen %20 kaleratzeko asmoa: Euskal Herrian eta Espainian 650 behargini eragingo die neurriak, eta 350i gainontzeko herrialdeetan.

ITP Aerok, berriz, uda ostean kaleratuko du lantaldearen %15. Hegazkinentzako motorrak eta osagaiak ekoizten dituen enpresak lau planta ditu Bizkaian: Zamudion, Derion, Sestaon eta Barakaldon. 1.900 behargin, guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.