Ekintza sinboliko bat egin du LABek Lauak enpresaren aitzinean, Hazparneren (Lapurdi) eta Aiherraren (Baxenabarre) arteko mugaren bi aldeetan. Kanporaketa kolektiboa, lurraldearen suntsi- tzaile! pankarta eskuan, enpresaren eremu barnera sartu ziren LABeko kideak, eta sarreran dagoen erakusketako hegazkina oihal beltz batekin estaltzen entseatu ziren, aeronautika enpresak abian jarritako 156 kaleratzeak salatzeko. Enpresako arduradun batek eragotzi zien ekintza burutzea, eta, sokatira saio labur baten ondotik, oihal beltza sarrerako seinalearen inguruan ezarri zuten azkenean, xingola beltz bilakatuz.
Lauak-ek abuztuan iragarri zituen kaleratzeak, COVID-19aren ondorioz aeronautika «egoera larrian» dagoela argudiatuta. Lan eskaerak %40 jaitsi direla azpimarratu zuen, eta luze gabe ez zirudiela egoera hobetuko zenik: urte bukaerarako eskariak %50 jaitsiko direla aurreikusi zuten.
«Ezkutuko deslokalizazio bat» da Michel Larralde CFDT sindikatuko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusiaren hitzetan. Langileei informazioa banatzen aritu ziren urri bukaeran. «Epe luzeko langabezia partzialaren neurria sortu zuen Frantziako Gobernuak aeronautikarentzat, baina Lauak-ek ez du erabili nahi izan, baldintza zelako neurriaren bukaeran kanporatzerik ez egitea». Bere hitzetan, Portugalera eraman dute Euskal Herriko ekoizpena. «Eta okerrena da hemen langileak kanporatzen ari diren bitartean Portugalekoak ekarri dituztela hona prestatzera; lotsagarria da!».
Lauak enpresan ez dago sindikaturik gaur egun. «Bere garaian, batzuk sartzen entseatu ziren, baina zuzendaritzak lepoa moztu zien. Arduradunak kanporatu zituzten, lan auzitegiak ezarritako kalte ordainak bere gain hartuz. Geroztik, ez da ezer izan». Langileak «bakartuak eta beldurtuak» direla salatu dute, bai LABek eta bai CFDTk.
Heren Muruaga LABeko industria saileko Ipar Euskal Herriko arduradunaren hitzetan, Lauak-eko kanporatzeek erakusten dute garrantzitsua dela langileak sindikatuan antolatzea. Botere publikoei dei egin die sindikatu abertzaleak, egoera horren aurrean «erantzun bat» eman dezaten. Ez Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, ez inguruko herrietako auzapezek, ez Pirinio Atlanikoetako prefetak, ez lan ikuskaritzak: inork ez die erantzun.
«Modelo ekonomikoaz erabakitzeko» gogoeta baten beharra ikusten du Muruagak. «Trantsizio ekologikoa egin behar dugu; erabaki behar dugu zer lanbide sustatu nahi dugun».
Lauak aeronautika enpresak 156 langile kaleratzea salatu du LABek
Sindikatu abertzaleak ekintza sinboliko bat egin du aeronautika enpresak Aiherra eta Hazparne artean duen gunean. «Ezkutuko deslokalizazioa» egitea leporatu dio CFDT sindikatuak enpresari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu