Lau puntu zero eta infinitua

Industriaren laugarren iraultzatzat jo duten teknologien bildumaren eguna izango da datorren astelehena, Basque Industry 4.0 industriarena. Eusko Jaurlaritzarentzat, estrategikoa da euskal industriak muturreko teknologien olatu hori hartzea.

Basque Industry 4.0 estrategiaren topaketa eguna, iaz, Donostian. SPRI.
xabier martin
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Basque Industry 4.0ren topaketen eguna badator. The Metting Point-en bosgarren ekitaldia izango da, atzera begiratu eta azken urtean Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat jo duen esparruan zenbat aurreratu den neurtzeko. Hainbat sektoretan erreferente da euskal industria, tartean makina-erremintan, autogintzan eta aeronautikan, eta erreferentzialtasun horrek posizio egokian kokatu du munduko manufakturazioa erabat baldintzatu duen 4.0 industriaren abangoardian jartzeko. Jaurlaritza sinetsita dago apustu sendoa egin behar dela industriaren teknologia aurreratuenen lidergoan egoteko, eta, etzi, azaroaren 26a, giharra ateratzeko eguna izango da. Bilboko Euskalduna jauregiak hartuko ditu hainbat sektoretako adituak eta enpresa zein erakundeetako ordezkariak.

Ekoizpen prozesu eta produktuak ziztu bizian aldatzen ari dira muturreko teknologiaren eraginez, eta teknologia zehatzak jorratuko dituzte eragileek, Bilbon: esaterako, fabrikazio gehigarria, elkarlanerako robotika, sistema ziberfisikoak eta errealitate handitua. «Hau ez da hautatzeko kontu bat, egin beharrekoa baizik», laburtu zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak aurreko urteko ekitaldian. Lelo hori bera edota antzeko ideiak sarritan errepikatu ditu azken urtean. Luze gabe ezagutuko diren datuek esango dute eraginkorra izan ote den.

Zibersegurtasunak eta enpresa txikiak eta ertainak muturreko teknologiara eramateko egitasmoak leku berezia izan zuten iazko Basque Industry 4.0ren egunean, eta aurten ere haien ekarpenaren berri izango da. Izan ere, Manuel Salaberriak zuzentzen duen Basque Digital Innovation Huben azken ekarpenak jakinaraziko dituzte. Arantxa Tapiaren arabera, «ez da komeni enpresa txikiak eta ertainak atzean geratzea»; alegia, muturreko teknologien erabilpenean «bi abiadura egotea» saihestu nahi du Lakuak. «Ez ditugu nahi enpresa itxiak ikusi teknologia berrienera iristeko gai ez direlako».

Sektoreak eta teknologiak

Adituen hitzaldiek, mahai inguruek eta dozenaka standen erakusketak beteko dute; enpresak dira protagonistak eta Gamesa Siemens, Aernnova, ITP, Ulma, Soraluce, Ingeteam, Fagor Arrasate eta beste hainbat ez dira faltako. Arantxa Tapiak abiaraziko du eguna, dena den, 4.0 estrategiaren eboluzioa plazaratzeko. Haren lekukoa hartuko du, gero, Marco Taischek, Milango politeknikoko irakasleak. Industry 4.0: the way to make it profitable hitzaldia emango du Euskaldunako areto nagusian. Sektoreka eta teknologiaka ordenaturik egingo dira mahai inguruak egun osoan. Big data, cloud computing, zibersegurtasuna eta beste hainbat kontzeptu hitzetik hortzera ibiliko dituzte solasaldi horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.