Iazkoa urte gogorra izan zen errepidea lanbide dutenentzat, eta 2025. urteak beste lau kamioilari gehitu dizkio zerrenda beltz horri. Gaur goizaldean gertatu da istripua, Fiteron (Nafarroa), N-113 errepideko 101. kilometroan, Errioxako mugatik oso gertu. Kamioietako bat bidetik atera da, eta kontrako bidetik zetorrena jo du, aurrez aurre. Ibilgailuetan zihoazen lau lagunak berehala hil dira kolpearen ondorioz, osasun taldeak iritsi aurretik.
Bi gizon eta bi emakume dira hildakoak, eta laurak atzerritarrak: bi txekiarrak —46 urteko David A., eta 47 urteko Marcela H., Ostravakoak—, eta bi bulgariarrak —Spas D.A., 47 urtekoa, eta Petya V.A., 41ekoa—. Azken horiek Granadako herri batean bizi ziren (Andaluzia, Espainia), eta handik atera zen haien kamioia, Pabertrans garraio konpainiakoa, barazkiz beteta. Bestearen kabina, berriz, VKP Txekiako garraio enpresarena da, eta pneumatikoak zeramatzan Guadalajara (Gaztela-Mantxa, Espainia).
Bi bikote osatzen zituzten hildakoak, eta txandaka aritzen ziren kamioia gidatzen. Ibilbide luzeak egin behar dituzten garraioetan hori gertatzea «gero eta ohikoagoa» dela azaldu du LAB sindikatuak, eta arrazoi ekonomiko bat ikusten du horren atzetik: «Garraiolariak binaka joatera behartzen dituzte kamioietan, horrela ahal den kilometro gehien egiteko, kostuak gutxituta».

Baina ekonomikoki enpresarentzat errentagarria izan daitekeena langilearentzat arriskutsua dela ziurtatu du LABek. «Modu horretan, garraiolaria behartuta egoten da bere atseden arauzkoan kamioian bertan pasatzera, eserlekuan eserita, kamioia gelditzen ez delako. Hala, etengabe lanean diraute benetako atsedenik hartu gabe, eta nekea arrisku faktore nagusi bilakatzen da». Garbi dauka sindikatuak: «XXI. mendeko esklabotza gure errepideetan».
«Garraiolariak binaka joatera behartzen dituzte kamioietan, horrela ahal den kilometro gehien egiteko, kostuak gutxituta»LAB
Efe agentziari egindako adierazpenetan, Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaileak esan du garraiolariena oso sektore zaharkitua dela, eta, lan baldintza txarren ondorioz, ez dagoela belaunaldi aldaketarik. Gidariak zahartzea arriskutsua dela nabarmendu du, «langileak ez baitaude halako lanaldi eta bide luzeak egiteko». Sektorearen eskaeretako bat da garraiolariek erretiroa aurreratu ahal izatea.
Bertakoen arazoak
Antzeko ildotik jo du Pablo Sanchez Nafarroako ELAko burukideak. «Prekaritatea hedatu egin da, eta horrek segurtasunik eza dakar, gidariek ez baitute behar beste atseden hartzen, eta denbora gutxiagoan kilometro gehiago egin behar batituzte».
Oraingo honetan, Nafarroa zeharkatzen ari ziren garraiolari batzuek izan dute istripua, baina bertakoak ere sektorearen pairatzen ari dira egoera, Sanchezek ziurtatu duenez. «Patronalen eskaeretako bat da garraiolariei gainsari bat ematea kilometro gehiago egiten badituzte. Horrek lanaldia luzatzea dakar, eta lan gehiago egitea soldata duinagoa eskuratzeko». Nafarroako garraioaren lan ituna ez da berritu 2008az geroztik.
Errepide arriskutsua
Garraiolari autonomoen sindikatuak, Hiruk, gogorarazi du aurten Euskal Herrian istripuz beste bi garraiolari hil direla, baina gaurkoa «Euskal Herrian sekula gertatutako lan istripu larrienetarikoa» izan dela. Zuzenean lotu du sektoreko baldintza txarrekin: «Goizeko laurak atseden hartzeko ordua izan arren, bi gidari zihoazen ibilgailu bakoitzean, txandaka gidatzen».
«Goizeko laurak atseden hartzeko ordua izan arren, bi gidari zihoazen ibilgailu bakoitzean, txandaka gidatzen»HIRU GARRAIOLARIEN SINDIKATUA
Gainera, istripua gertatu den errepidearen egoera salatu du Hiruk. «Duela 40 urteko errepide berbera da, hobekuntza handirik izan gabea, eta gaur egun ibilgailu handiagoak eta azkarragoak dabiltza».
Errepide zahar hori ordezkatu behar du A-15 autobidearen luzapenak, eta, hain zuzen ere, aste honetan Nafarroako Gobernuak lehen urratsak egin ditu bost kilometroko zatia eraikitzeko.
Erlazionatuta
Fiterokoa 2012az geroztik Nafarroan izan den trafiko istripurik larriena izan da, eta lau izen batu dizkio lanean hildakoen zerrendari. Dagoeneko hamahiru dira, LABen arabera; ELAk, berriz, zortzi zenbatu zituen gaur arte.
Atzo bertan, Elorrioko Betsaide lantegian (Bizkaia) makina bat garbitzen ari zen langile bat hil zen, makinak horrek berak harrapatuta. Hildakoa azpikontratatutako Grupo One garbiketa industrialeko enpresan zebilen beharrean. 38 urte zituen, Senegalgoa zen sortzez, eta duela gutxi etorri zen Euskal Herrira, Almeriatik (Espainia).