Lau gurpilak zulatuta

Epsilonen arrakala ekonomikoak airean utzi, eta Villadelprat zigortu du auzitegiak, porrota handitzeagatik

Joan Villadelprat, ezkerrean, Epsiloneko auto taldearen aurkezpenean, 2007. urtean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2013ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Proiektu handinahitsua zen, hori ezin ukatu. 2007. urtean autogintzari lotutako zentro berritzaile eta goi mailako bat sortzeari ekin zion Epsilonek, jarduerak Arabako Teknologia Parkean bilduta. Garaian laudorio, txalo eta aurkezpen publiko ugari izan zituen. Une jakin batean, 1 Formulan lehiatzeko ametsa. Sei urte geroago, ez da ezer geratzen ilusio horretatik, eta atzo bere historiaren azken atala idatzi zuen merkataritza arloko Gasteizko lehen auzitegiak, Epsilonen porrotean Joan Villadelprat administratzaileak izandako jokabidea zigortuta.

Hasteko, epaia. Maria Trinidad Santos epaileak erabaki du Epsilonen konkurtsoa erruduna izan zela, hala administratzaile konkurtsalek nola fiskaltzak defendatu zuten gisara. Alegia, zuzendaritzak —kasu honetan, Joan Villadelpratek— porrota okerragotu zuela. Hori dela eta, bi zigor ezarri dizkio. Batetik, hiru urterako inhabilitatuko du, eta tarte horretan ezingo du beste inor ordezkatu edo inorren ondasunak kudeatu. Bestetik, ia 900.000 euro or- daindu beharko ditu, hartzekodunei eman beharrekoak. Arabako auzitegian helegitea jartzeko aukera izango du Villadelpratek orain.

Erabaki hori hartzeko administrazio konkurtsalak eta fiskaltzak erabili dituzten tesiak bere egin ditu epaileak. Ebazpenaren 31 orriak, ezer baino gehiago, lau gurpilak zulatuta zeuzkan autogintza proiektu erraldoi batek zituen gabezien azalpena dira. Puztutako aurreikuspenak, horien gainean eraikitako zorpetze handiegia, eta, krisia iritzi zenean, Epsilon deskapitalizatu zuten iruzurrezko erabakiak.

Zenbakiek ondo laburbiltzen dute ametsaren eta errealitatearen arteko alde gaindiezina. Negozio planaren arabera, 2009. eta 2011. urteen artean 64 milioi euroren diru sarrerak lortzea aurreikusi zuen Epsilonek. Azkenean, ez zen ezta horren erdira iritsi.

Haatik, negozio plan hori baliatu zuen konpainiak finantzaketa bilatzeko. Bidelagun ugari izan zituen prozesu horretan, eta 40 milioi inguru lortu zituen. Espainiako Gobernutik kopururik handiena etorri zen: 16,8 milioi. Eusko Jaurlaritzak beste 3,7 milioi jarri zituen. Vitalek eta Kutxak, zortzi milioi bakoitzak. Luzarok 600.000 euro eta beste hainbeste, erdibana, BBK-k eta Caixak.

«Itxaropen oso handiak zeuden proiektuan, bai, baina hori baino ez ziren, aurreikuspen hutsak», dio hitzez hitz epaiaren testuak, frogatutako gertakarien atalean. Enpresaren arabera, krisia hasi zenean babesle kopuruak jaitsi izanari zor zaio gainbehera. Puntu hori zalantzan jartzen du epaileak. «Babesleen diru sarreren ondorioz proiektuak porrot egin zuela esatea gauzak asko sinplifikatzea da». Hor enpresak atalez atal zituen benetako diru sarreretatik tiraka egiten du, aurreikuspenetatik oso urrun zeudela agerian uzteko. 2007. eta 2011. urteen artean, orotara, 30 milioi eskuratu zituen enpresak, 2009-2011 aurreikuspenaren erdia baino gutxiago.

Arazoen unea

Villadelpratek noiz ikusi zuen benetan enpresa arriskuan zegoela? Konkurtso legean oinarritutako epaiketek, besteak beste, ardura hori definitu behar dute, hartzekodunei ez ordaintzeko arriskua sumatzen den momentuan legez behartuta baitaude administratzaileek epaitegiei jakinarazpena igortzera.

Epaiari jarraituz, 2009. urteko kontuak atera zituenerako enpresaren gainbehera agerikoa zen. Aurreko urtearekin alderatuz, Epsilonen fakturazioa %30 murriztu zen. «Administratzaile sozialak jakin behar zuen gauzak ez zirela espero zen bezala ateratzen ari». Urte horretan 1,3 milioi euroren galerak aurkeztu zituen enpresak. Guztira, 12,5 milioi galdu zituen 2008tik 2011ra.

Une horretan, lehentasun osoa beste inbertitzaile bat aurkitzeari eman zion Epsilonek, baina, bitartean eta zenbakiek kontrakoa eskatzen zuten arren, maileguetan beste 1,6 milioi euro bere gain hartu zituen konpainiak. «Oso egoera zailean zegoen. Gelditzea erabaki eta legeari jarraituz kaudimen faltari aurrea hartu ordez, epeak betetzea eta gehiago zorpetzea erabaki zuen, egoerari buelta emateko itxaropen egiazkorik edo arrazoizkorik ez zegoenean», argudiatu du ebazpenak.

Erabaki horrek Epsilonen porrotaren emaitza are gehiago okertu zuen. Enpresan gainzorpetzea une horretarako — 2010. urtearen hasiera — frogatutzat jo du auzitegiak.

Auto taldearen salmenta

Villadelpraten kontrako akusazioetan beste atal bat Epsilonen auto taldearen salmenta izan da. Salmenta hori 2011. urteko apirilaren 4an erabaki zen, auzitegiari konpainiaren egoera ekonomiko estua jakinarazi eta hilabetera. Auto taldearen truke 200.000 euro ordaindu zituen Epic Racing enpresak, Epsilonen lanean ari ziren hainbat lankidek propio sortu zutena erosketa egiteko.

Salmentaren prezio baxuaren inguruko eztabaidatik haratago, aktiborik preziatuena kentzeak enpresaren balio orokorra murriztu zuen. Izan ere, auto lasterketen jarduerak negozioaren %97 ematen zion ordurako Epsiloni. Salmenta hura lege iruzurtzat jo du epaiak, eta horregatik 900.000 euro ordaintzera zigortu du Villadelprat: salmenta prezioaren eta atal horrek liburuetan zuen balioaren arteko aldea da.

Hiru hilabete geroago, konkurtso legearen babesa eskatu zuen Epsilonek. Ordurako, deus gutxi geratzen zitzaion. Balio sinbolikoa zuten bi negozio ildo baino ez, eta, hori bai, 1 Formularen ametsa ordaindu ezineko 38 milioiko pasibo baten azpian lurperatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.