Energia

Lau erreaktore nuklearren geldialdia luzatu egingo du EDFk, korrosioarengatik

Arazoa ikertzeko eta konponketa lanak egiteko denbora gehiago behar duela dio EDF Electricite de Francek. Une honetan, Frantzian dauden 56 erreaktoreetatik 32 geldirik daude.

Penlyko zentraleko 1 erreaktorea ez dute martxan jarriko urtarrilera arte. FRED HASLIN / EFE
Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 25a
19:11
Entzun

Korrosio arazoak direla eta, lau erreaktore nuklearren geldialdia luzatu beharko duela jakinarazi du gaur EDFk, uste baino denbora gehiago beharko dutelako arazoen jatorriaren ikerketarako eta konponketa lanetarako.

Konpainia publikoaren aurreikuspen berrien arabera, Cattenom 1 erreaktorea azaroaren 1ean jarriko da martxan; Cattenom 4, azaroaren 14an; Cattenom 3, abenduaren 11n, eta Penly 1, urtarrilaren 23an. Une honetan 56 erreaktore nuklearretatik 32 geldialdian daude Frantzian, korrosio arazoengatik edota mantentze lanengatik.

Horrekin, EDFk kalkulatu du 280 eta 300 terawatt-orduren ekoizpena pilatuko dutela 2022. urte osoan, eta «gertagarriena» beheko kopurutik gertu ibiltzea dela esan du. Urtea 280 terawatt-orduren bueltan itxiko balute, esan nahiko luke Frantziako nuklearrek azken urteetan sortutako argindarraren %60 inguru ekoitzi dutela aurten.

Eta nuklearren pattalaldia garai okerrenean dator. Elektrizitatea esportatzera ohituta zegoen Frantzia, eta aurten momentu askotan argindar inportatzaile bihurtu da, noiz eta Ukrainako Gerraren ondorioz Europarako gasaren hornidura murriztu denean, argindarraren prezioak kontinente osoa ziztuan igoaraziz.

Gaurko iragarpenak are gehiago bultzatuko du megawatt-orduaren prezioa Frantzian. Egia da herritarrek ez dutela argindar garestia hainbeste eta horren zuzen igartzen, prezioen aldakortasuna mugatzen duten kontratu luzeagoak direlako nagusi herrialdean, eta horrekin batera Gobernuak mugatuak dituelako gasaren eta argindarraren kostuak. Hala ere, argindarraren merkatuan kopuruak beldurgarriak dira, batez ere gerokoen merkatuan. Atzo bertan, urtebeterako megawatt-orduak 900 euroren prezioa izan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.