Lau eguneko lan astea eskainiko du Erresuma Batuak, baina orduak gutxitu gabe

Langileen eskubideak handitzeko neurri sorta bat aurkeztuko du aurki Starmerren gobernu laboristak.

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, fabrika batera egindako bisitan. ANTHONY DEVLIN / EFE
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, fabrika batera egindako bisitan. ANTHONY DEVLIN / EFE
Iker Aranburu.
2024ko abuztuaren 30a
15:40
Entzun

Astean lau egunez lan egitea eta hiru egunez jai. Horixe eskainiko die gobernu laborista berriak Erresuma Batuko langileei. Ez da, ordea, lanaldia laburtzeko proposamen bat, Londresek esan baitu bost eguneko lanaldia lau egunetan biltzea dela asmoa.

Daily Telegraph egunkari kontserbadoreak eman du gobernuaren asmoen berri, eta baieztapen ofiziala iritsi da gaur. Jacqui Smith Hezkuntza ministroak azaldu du neurri horren helburua dela langileen produktibitatea handitzea eta aldi berean langileei malgutasun handiagoa ematea, «haurrak zaintzeko laguntza gutxiago behar izateko, haurrekin denbora gehiago egoteko, edo beste zerbait egiteko».

Smithek onartu du sektore batzuetan ezin dela hori egin, hezkuntzan esaterako. «Beste askok ere ez dute modurik izango, baina horrek ez du esan nahi horretako aukera dutenek ezingo dutenik egin».

Azken urteetan gutxitu egin dira lan orduak Erresuma Batuan, eta gaur egun batez bestekoa 38 urtetik beherakoa da lanaldi osoko lanean.

Negozio eta Merkataritza Saileko bozeramaile batek azaldu du proposamen landu bat aurkeztuko dutela aste batzuk barru, baina zehaztu du ez dutela lau eguneko astea «inposatuko», eta enpresen esku egongo dela halako neurri bat indarrean jartzea. Proposamena lan araudiaren erreforma sakonago baten parte izango da. «Belaunaldi batean langileen eskubideetan egindako hobekuntzarik handiena» izango dela agindu du Keir Starmer lehen ministroak.

Saioak izan dira

Berez, Erresuma Batuko gaur egungo legediarekin posible da lau eguneko lan astea egitea, eta enpresa batzuetan dagoeneko probatua dute. Saioa arrakastatsua izan da batzuetan, eta ez beste batzuetan. Asda supermerkatu katean, esaterako, uztailean utzi zuten lau eguneko astea, langileak kexu baitziren eguneko lanaldia luzeegia zela. Beste kate batean, Morrisonen, lau eguneko lanaldiak larunbatean lan egitera behartzen zituen hainbat langile, eta ez zeuden gustura horrekin.

Kontrara, BBCri egindako adierazpenetan, Tyler Grange ingurumen aholkularitza enpresako ordezkari batek azaldu du lau eguneko astearekin jarraituko dutela aurrerantzean ere, «hasiera zail baten ondoren», langileak gusturago daudelako orain eta lan eskaera asko jaso dituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.