Lau egun mirarirako

Ostiraleko bileraren atarian, bizkortu dira Greziari buruzko negoziazioak.Gutxieneko soldata igotzeko legegaia aurkeztu du Atenasek

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa, Atenasko parlamentuko saio batean. SIMELA PANTZARTZI / EFE.
Iker Aranburu.
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Lau egun baizik ez dira falta euroguneko finantza ministroak Rigan biltzeko. Greziaren finantzaketa arazoei behin-behineko konponbide bat emateko hitzordua izan behar zuen Letoniako hiriburukoak, maiatzean eta ekainean lotu ahal izateko Greziaren hurrengo urteotarako finantzaketa plana. Gaur-gaurkoz, ordea, otsailaren 20ko akordioan finkatutako lehen epe hori huts egingo dutela onartzen ari dira Europako Batasuneko agintariak. «Akordioa ez da prest egongo Rigarako»; hala iragarri du bilera horretako presidenteak,Jeroen Dijsselbloem eurotaldeko presidenteak.

Egun batzuetako atzerapena baino kezkagarriagoa da Europak eman beharreko 7.200 milioi eurorik gabe Greziako Gobernuak arazoak izan ditzakeela maiatzeko ordainketak egiteko: langile publikoena eta pentsioena, batetik; eta NDF Nazioarteko Diru Funtsari maiatzaren 12an egin beharreko 740 milioi euroren ordainketa, bestetik. Diru hori bere kasara bilduta ere, langa garaiagoak igaro beharko lituzke ondoko hiletan Alexis Tsiprasen gobernuak, ekainetik abuztura NDFri eta EBZri 10.000 milioi euro itzuli behar dizkie eta.

Pentsaezina dirudi Tsiprasek pentsio edo soldata publikoak ez pagatzea, kolpe bakar batean zapuztuko lukeelako Bruselari aurre eginez etxean lortu duen izen ona, eta bete-betean joko lukeelako austeritatea amaitzeko promesa. Baina NDFri ez ordaintzea, inor gutxik egindako urratsa ez ezik, Grezia eurogunetik ateratzeko domino efektuaren lehen pieza ere izango litzateke.

Gauzak horrela, zorrak pagatzeko dirua ahal duen lekutik ari da bilatzen Atenasko gobernua. Martxoaren 17az geroztik erakunde publikoen erreserbak beretzat ari da gordetzen, eta atzo kaleratu zuen neurri hori legeztatzen duen dekretua. Atenasko metroak dagoeneko 150 milioi utzi dizkio gobernu zentralari, 110 Atikako prefeturak, eta 80 milioi Enplegu Agentziak. Diru hori %2,5eko interesarekin itzuli behar die gero Estatuak.

Gutxieneko soldata, gora

Baina adabakiak gorabehera, Greziak akordio bat behar du orain eta hurrengo bizpahiru urteotan izango dituen finantzaketa beharrak betetzeko. Eta euroguneko gobernuek akordio bat behar dute Greziaren zauriak eremu osoari eragiten dizkioten zalantzak uxatu eta oposizio euroeszeptikoei karnata gehiago ez emateko.

Gauzak horrela, hainbat astez erritmo geldoaren ondoren, negoziazioen erritmoa «bizkortu» egin dela onartu zuen atzo Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak. Beste iturri batzuek, ordea, nabarmendu dute bi aldeak elkarrengandik oso urrun daudela, Atenasek ez baititu onartzen 7.200 milioi euroen truke exijitzen dizkioten neurri batzuk. Greziaren marra gorriak gogorarazi ditu berriro Dimitris Statulis Osasun ministroak: soldatak eta pentsioak gehiago murriztea, zerga berriak ezartzea edo dagoeneko abian ez dauden pribatizazioak martxan jartzea.

Are gehiago, Syrizaren gobernuak gutxieneko soldata handitzeko eta negoziazio kolektiboa berriro ezartzeko lege proiektua aurkeztu zuen atzo Parlamentuan. Troikak eskatuta, Antonis Samaras aurreko lehen ministroak 751tik 586 eurora jaitsi zuen gutxieneko soldata, 2012an. Bi epetan igo nahi du orain ezkerreko gobernuak: 650 eurora urrian, eta 751era 2016ko uztailean. Gainera, bertan behera utziko luke 25 urtetik azpikoentzako gutxieneko soldata berezia, 511 euro.Gazteak laneratzea omen zen neurri horren helburua, baina horien artean %50etik gora lanik gabe segitzen dute.

Lege proiektuaren beste atal batek 360 eurotik 400 eurora igo nahi du langabezia saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.