Lau asteko 'black friday'-a

Konfinamenduak kontsumitzaile asko bultzatu zituen Internet bidez erostera. Dendak itxita zeudela, banatzaileak nazioarteko plataformen paketeak banatzen ibili ziren, baina ziurtatu dute kontsumo ohiturak ez direla gehiegi aldatu. Jasangarritasuna da, gaur egun, logistikaren sektoreak duen erronkarik handiena.

Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Etsigarria izan da mundu osotik zetozen paketeak banatzen jardutea hiriko komertzio guztiak itxita zeuden bitartean». Dani Ruiz Donostiako Txita banaketa enpresako arduradunaren testigantza da, eta hala definitu du koronabirusaren krisiak eragindako konfinamenduan egin zuten lana. Denda gehienek halabeharrez itxi behar izan zituzten ateak pandemiaren unerik gogorrenetan, eta kontsumitzaile asko hasi ziren Internet bidez erosten. Banatzaileak dira prozesu horren azken bitartekariak, eta ezohiko egoera horretan izandako eskarien gorakadari aurre egitea erronka bat izan da haientzat ere.

Ruizek aztertu du banaketek zer bilakaera izan duten azken hilabeteetan, eta, horretarako,hiru fasetan banatu du martxoaz geroztik jazotakoa. Lehenengoan, konfinatu osteko lehen egunetan, eskariak izugarri egin zuen behera Hego Euskal Herrian: «Jendea shock moduko batean zegoen; bat-batean gertatu zen dena, eta ez zekiten noiz arte iraungo zuen itxialdiak».

Hamargarren egunetik aurrera, ordea, erosleek erabat aldatu zuten jokabidea. Gero eta argiago zegoen luzerako izango zela konfinamendua, eta Espainiako Gobernuak argi utzi zuen ezinbesteko sektorea zela logistikarena, Internet bidez eros zitekeela. Orduan, izugarri handitu zen eskaria, baina ez Donostiako dendetan: «Zoritxarrez, jaso genituen pakete gehienak nazioarteko plataformenak ziren: Inditex, Amazon... beldurrik gabe erosten hasi zen jendea, topera». Txitako arduradunak uste du plataforma horiek izan direla egoeraren onuradunik handienak.

Bezero berriak

Banatzailearen arabera, hiru edo lau astez mantendutako black friday moduko bat izan zen hura, eta sekula Internet bidez erosi ez zuen jende askok baliatu zuen bide hori nahi zuena eskuratzeko. Ugaritu egin ziren eskaerak, eta, horren ondorioz, hainbat banatzaile gainezka eginda ibili zirela baieztatu du Ruizek; supermerkatuetakoak, adibidez: «Erosketak etxera eramateko zerbitzuak bi edo hiru asteko atzerapenekin ibili ziren, eta hori ez zen sekula gertatu».

Logistikan aditua da Fernando Zubillaga MLC EAEko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko zuzendaria, eta, halako kasuak gertatu arren, argi du sektoreak bikain erantzun duela osasun krisian: «Hornikuntzan arazoak egon badira, gehiago izan da produkzioan izandako zailtasunengatik logistikan izandakoengatik baino». Haren arabera, inork ez zekien egoerari nola egin behar zitzaion aurre, eta, «ziurgabetasunez», baina jakin dute moldatzen.

Dena den, klusterreko zuzendariak nabarmendu du osasun krisia baino lehen ere handitzen ari zirela etxeetara egin beharreko banaketen eskariak. DBK aholkularitza bulegoaren arabera, 2019an %20 hazi zen erosketa elektronikoei lotutako logistika.

Atzera-buelta?

Oraingo egoera martxoa baino lehenagokoaren antzekoa dela azaldu du Ruizek; normaltasunera itzuli direla dio, eta ez du uste konfinamenduak bezeroen kontsumo ohituretan eragin duenik. Sumatu duen aldaketa bakarra da denda batzuetan entrega gutxiago egiten dituztela orain.

Txita haietako batzuekin elkarlanean ibili da azken hilabeteetan: «Ez zitzaigun gustatzen gu lanean aritzea eta haiek ez; kontxo, gu ere komertzio txikia gara, eta modu batera edo bestera haiei nola lagundu pentsatzen hasi ginen». Hala, hainbat dendarekin eta ekoizlerekin hitz egin zuten, eta haiei etxez etxeko banaketa egitea ahalbidetu zieten: «Ikusi genuen hainbat zirela Instagram, Whatsapp eta telefono bidez saltzen hasi zirenak». Besteak beste, Tolosako merkatutik deitu zieten, baserritar asko gehiago saltzen ari zirelako Whatsappetik, betiko moduan postuan egonda baino.

Txita, ordea, ez da ohiko banaketa enpresa bat, eta urte hasierara arte Donostiako hiru auzotan soilik banatzen zuen, trizikloan. Izan ere, jasangarritasuna da sektorearen erronka nagusia, digitalizazioarekin batera; batez ere, azken milia deritzonean, etxez etxeko banaketan. Hala azaldu du Zubillagak, eta horrek guztiontzako hiri atseginagoak eraikitzen lagun dezakeela ere adierazi du: «Nola egin dezakegu ogia etxe azpiko okindegira irits dadin, modu jasangarrian eta prezioak gora egin gabe?».

Txitarekin elkarlanean hasi ziren komertzioek Donostia osoanbanatzeko eskatzen hasi ziren.Horretarako, Donostia Sustapenarekin batera, furgoneta elektriko batzuk erosi ditu aurten Txitak: «Argi genuen ez genuela kutsatu nahi; furgoneta diesel batekin banatzen jarduteak gure balioak zalantzan jarriko lituzke».

Logistikaren sektorean, ordea, Ruizek argi du prezioa arazo bat dela oraindik ere: «Badira banaketa jasangarriari bere balioa ematen dioten bezero batzuk, gero eta gehiago; baina oraindik ere gehienek kostua ingurumenaren gainetik jartzen dute».

Berpizte azkarra

Enpresen arteko lehia handia da sektorean, baina ez dirudi horiek pairaturiko dituztenik gehien krisiaren ondorioak. Randstadek argitaratutako ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian, logistikan, 6.521 lan kontratu berri egin ziren aurtengo ekainean: 3.649 Bizkaian, 1.239 Araban, 1.067 Gipuzkoan, eta 566 Nafarroan. Gehien hazi den sektoreetako bat izan da. Enpresariei egindako galdeketan, gainera, %86,3k esan zuten 2021eko lehen seihilekoa baino lehen erabat suspertzea espero dutela.

Dena den, logistikan horrenbeste kontratazio egoteak zerikusia du han lan egiten duten beharginen lan baldintzekin; asko autonomoak dira. Ruizek azaldu du ia legez kanpokoak diren lan harremanak ohikoak direlabanaketa enpresetan: «Guk hamabi langile ditugu, guztiak kontratatuak, eta ausartzen naiz esatera bakarrak ez bagara ia bakarrak garela». Zubillagak ere aitortu du logistika enpresek dituzten irabazi marjina estuak arazo bat direla.

Ruizen ustez dohainik eskaintzen diren bidalketek kalte handia egiten diote sektoreari, eta debekatu egin beharko lituzketela ere azaldu du: «Bere buruari min asko egin dion sektorea da gurea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.