Larreak hotz, prezioak bero

Urtarrileko elurteek Europa hegoaldeko barazki ekoizleen produkzioa murriztu dute. Ondorioz, produktu askoren prezioek gora egin dute, eta eskasia ere sortu dute.

joxerra senar
2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eguraldi hotzak bete-betean eragin die Europa hegoaldeko ekoizleei, eta, ondorioz, prezioek gora egin dute, eta hainbat produktutan eskasia eragin. Adibidez, kalabazina. Horregatik, Erresuma Batuko supermerkatuetan barazki hori lortzeko zailtasunak dituztenez, zenbaitek ez dute aukera galdu umorez jarduteko Twitterren: «Lehenik, brexit-a; gero, Trump, eta, orain, kalabazinen eskasia nazionala. Zer da amesgaizto hau?».

Txantxarako girorik ez dago, ordea. Hainbat faktore batu dira ekaitz perfektua osatzeko. Negu gorria izatera ohituta ez dauden eskualdeak jo ditu oraingoan hotzak: Iberiar Penintsulako hego-ekialdean izandako euriteek eta ondorengo elurteek hainbat barazkiren ekoizpena gerarazi du: besteak beste, letxugak, kalabazinak, orburuak, alberjiniak, brokoliak, luzokerrak eta tomateak. Eskualde hori Europako barazki merkatuen hornitzaile da —barazkiaren arabera, %50 eta %75 artean—. Kontinenteko hegoaldeko beste herrialde ekoizleei ere —Italiari edo Greziari— ere eragin die hotzak, eta, hala, elikagai freskoen merkatua hankaz gora geratu da.

Arazoaren aurre egiteko, prezioek gora egin dute nabarmen. MercaBilbao handizkako merkatuan, urteko lehen hiru asteetan, kalabazinaren, babaren eta alberjiniaren prezioa hirukoiztu egin zen, iceberg motako letxugaren, orburuen eta piper berdearen salneurria bikoiztu, porruak %65 inguru garestitu ziren, eta tomatea, berriz, %45 eta %50 artean.

Prezioen igoera orokorra izan da Europa osoan. Herrialdeka, tokian tokiko gertuko ekoizpenak barazki batzuen salneurriek beren horretan iraun dute. Aldiz, inportatutako barazkien kasuan, eskasia nabaritu da.

Murtziako letxugarik gabe, Erresuma Batuko, Herbehereetako, Alemaniako eta Suitzako handizkako banatzaileek AEBetako iceberg letxugak erosi dituzte, ohi baino garestiago. Estatubatuarrez gain, Egiptok letxuga horiek esportatu ditu Finlandiara, Suediara, Bulgariara eta Espainiara. Marokok, berriz, tomateak, alberjiniak eta kalabazinak esportatu ditu.

Dena den, alternatiba horiek ez dute merkatua lasaitu. Banatzaileak aurrez izenpetutako kontratuak aldatzera behartuta daude ezinbestean, eta horrek tentsioak eragin ditu. Izan ere, elikagai freskoen merkatua gehiegizko eskaintza izatera ohituago dago, eta, orain, egoera zeharo diferentea da: «Oro har, supermerkatu kate gehienek ulertzen dute egoera baldintzak berriro negoziatzeko prest daude. Dena den, zenbait kasutan irmo uko egin diote», dio Enrique de los Rios Unica Group banaketa enpresa bateko arduradunak Freshplaza webgune espezializatuari.

Azken asteetako prezioek kontsumitzailea uzkurtu badezakete ere, sektoreko adituen arabera, egoerak ez du luze iraungo, eta Europa hegoaldeko herrialdeek produkzioa berreskuratu ahala, merkatua onbideratuko da.

«Ez dira torlojuak»

Prezioen gorakadak ekoizleari egin beharko lioke mesede, baina UPA Espainiako Nekazari Txikien Sindikatuak —bazkide da Nafarroako UAGN— ukatu egin du laborariek «dirua barra-barra» irabazi dutela. «Zertarako balio digu alberjiniak garesti izateak, ez badugu alberijiniarik saltzeko?», galdetu du prentsa ohar batean.

UPAk gogora ekarri du izotzak eta elurteek kalte handiak eragin dizkietela ekoizleei, eta prezioakigotzeak ez duela kaltea konpondu. Produkzioak behera egin arren, merkatuaren beharrei erantzuteko gai izan direla azpimarratu du. «Ez ditugu torlojuak ekoizten. Gure lanean, eguzkiaren, euriaren eta tenperaturen menpe gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.