AURREKONTUAK

«Zaintza eredu berrian sakontzeko» aurrekontuak aurkeztu ditu Gipuzkoak: 1.160 milioi euro

%2,7 handitu dira aurrekontuak, eta Zainketa eta Gizarte Politika departamentuak du zamarik handiena: 515 milioi euro (+%2,4).

Asensio, Mendoza eta Perona diputatuak, gaur. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
inaut matauko rada
2023ko urriaren 31
12:34
Entzun

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu du 2024. urteko aurrekontu proiektuaren ardatz nagusiak «familien ekonomia eta ongizatea babestea, inbertsioak bultzatzea eta klima aldaketari aurre egitea» direla. Hala, 1.160 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak, iaz baino %2,7 gehiago. Ostegunean hasiko dira alderdi politikoekin negoziatzen, eta ostean onartuko dituzte aurrekontuak Batzar Nagusietan.

Urtero legez, Zainketa eta Gizarte Politiken departamentuak izango du aurrekonturik handiena, 515 milioi euro —724 euro biztanleko—. Mendozak adierazi du «zaintza eredu berrian sakontzeko» aurrekontuak direla, eta, egoitza eredu berria bultzatzeko, 38,4 milioi euro jarriko dituzte.

Hala ere, departamentu horren aurrekontuaren hazkundea orokorraren behetik dago, %2,7 handitu baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren gastu orokorra, eta %2,4 gizarte politikena.

Ekonomian, nabarmen gora

Ekonomia, Sustapena eta Proiektu Estrategikoen departamentuaren aurrekontua da gehien handitu direnetariko bat. 75,8 milioi izango dituzte 2024an, iaz baino %4,3 gehiago. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak adierazi du «oso pozik» dagoela proiektuarekin, «instituzioen egonkortasuna» bermatzen dutelako.

Jasangarritasunean aurrera egiten lagunduko dutela ziurtatu du Asensiok, eta trantsizio ekologikoan lau ardatz nabarmendu ditu: «Energia trantsizioa, ekonomia zirkularra, ekonomiaren deskarbonizazioa eta klima aldaketaren aurkako borroka». Adierazi du mugikortasun jasangarrian jarriko dutela indarra.

Lurralde Oreka Berdearen departamentuaren aurrekontua %5,9 handitu da. Jokin Perona Ogasun diputatuak arlo berri horren garrantzia nabarmendu du, «naturaren eta basoen zaintzan eta elikadura jasangarrian» proiektu «esanguratsuak» aurrera ateratzen lagunduko duelako. Ia 46 milioi euro izango dituzte datorren urtean.

2024ko zerga bilketen aurreikuspena ere egin du Peronak. Gipuzkoako Ogasunaren sarrerak %5,25 handituko dira datorren urtean, baina, ekarpen lege berriaren arabera, Gipuzkoak Eusko Jaurlaritzari eman beharko dion partea %7,92 handituko da. Hala ere, Espainiako Estatuari emango dion zatia murriztu egingo da. Udalei 658 milioi euro banatuko dizkie aldundiak, iaz baino 49 milioi gehiago.

Etorkizun ezjakinerako prest

Mendozak adierazi du datorren urtean ere aurrekontuek gora egingo dutela, eta «etxea sendo» nahi dutela. Izan ere, haren esanetan, etorkizunean «krisi bat etorriko balitz», familiak eta enpresak laguntzeko prest egon behar dute.

Izan ere, Mendozaren hitzetan, gaur egun «ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna» nagusi dira Europan eta munduan, baina nabarmendu du Gipuzkoako enpresek «sendo» eusten diotela egoera horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.