Nekazaritza

«Sektorerik gabe geratzen ari gara Euskal Herrian», ohartarazi dute nekazariek

Datorren astean mobilizazioak egingo dituzte Hegoaldeko hiriburuetan, kostuen igoerak «ito» egiten dituela salatzeko eta administrazioei Elikadura Katearen Lege berria aplika dezatela eskatzeko.

Nekazarien protesta, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 21a
13:22
Entzun

San Tomas egunean baserritarrak Donostiara jaistea ohitura zaharra da, baina urte berezia izan da 2021a, eta gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan bildutako nekazariak ez dira joan beren produktuak saltzera, sektorearen egoera larria ezagutaraztera baizik. «Kokoteraino gaude», ziurtatu du Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko lehendakariak; «nazkatuta gaude diru eske ibiltzeaz batetik bestera [...] Utz itzazue bakean festak eta oporrak», eskatu die administrazioei Mikel Arteaga Gipuzkoako ENBAko zuzendaritzako kideak.

Nazabalen eta Arteagaren hitzak, ordea, Hego Euskal Herriko sektore osoarenak dira. Ez da batere ohikoa, baina lau lurraldeetako nekazarien eta abeltzainen sindikatu guztiek dei bateratua egin dute protestarako: EHNE konfederazioko hiru kideek ez ezik (Nafarroako eta Gipuzkoako EHNE, eta Arabako UAGA), egitura horretatik aspaldi ateratako talde batek ere bat egin du deialdiarekin, Bizkaiko EHNEk alegia, eta gauza bera egin dute ENBAk eta Nafarroako UAGNk ere. «Desberdintasunak desberdintasun», sektorea «itota» dagoela salatu dute.

Ez dira berriak nekazarien salaketak; «urteak daramatzagu esaten otsoa datorrela», onartu du Nazabalek. Baina orain otsoa bertan dagoela ohartarazi du, egoerak «hondoa jo» duela. «Sektorerik gabe geratzen ari gara Euskal Herrian». Lehen sektoreak aspaldi dio ez dutela behar besteko saririk jasotzen bere lanaren truke, banatzaileek (supermerkatuak) duela 30 urteko prezioetan ordaintzen dizkiela produktuak. «Inflazioa igo bada, ba, guri ere igo diezagutela», azaldu du Arteagak. «Ez gara ari irabaziak handitzeari buruz, galerak eteteaz eta parean geratzeaz baizik».

Azken urteak egoera are gehiago okertu duela diote Hego Euskal Herriko nekazarien sindikatuek, ekoizpen kostuak «neurri gabe» handitu direlako, eta haiek ez direlako gai izan kostu gehigarri horiek «katearen hurrengo begiari» pasatzeko, hau da, bitartekariei eta banatzaileei. «Baserritarrak input-ak ezin ordainduta dabiltza, likidezia lortzeko azienda sartu beharra dute askok, besteak baserriko aseguruak kentzen...».

Lehen sektoreko atal guztiei modu batera edo bestera kostuak igo bazaizkie ere, egoerarik okerrena abeltzainena dela ziurtatu dute, argindarra eta gasolioa ez ezik pentsuak ere asko garestitu zaizkielako, %30 inguru azken urtean.

Adibide bat eman dute, esne sektorearena: ekoizpen kostua 0,005 euro igo da litroko, eta kostua 0,40 eta 0,42 euro da litroko, baina abeltzainek 0,35-0,37 bitartean jasotzen dute. Espainiako Nekazaritza Ministerioaren Katearen Behatokiak egindako azterketaren arabera, ekoizpen kostuak estali ahal izateko, kontsumitzaileak gutxienez 0,70 euro ordaindu beharko luke litroa, baina supermerkatuetan hortik beherako prezioak ikusten dira, banaketa kateak produktu horrekin eskaintzak egiten dituztelako, bezeroak erakartzeko.

Hain zuzen ere, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gaur arratsaldean iragarri du legea moldatuko dutela esne ekoizleek eta industriak sinatutako kontratuak aldatu ahal izateko, nekazarien ardura ez diren kostuetara (pentsuak, esaterako) egokitzeko. Orain arte ez zen posible kontratuak aldatzea, eta horrek kalte egin die abeltzainei.­

Deia administrazioei

Kostaprezioa baino merkeago saltzea debekatzeko helburua dauka Espainiako Gorteek onartu berri duten Elikadura Katearen Legeak. Baina legea garatu behar dela eta betearazteko bitartekoak jarri behar direla ohartarazi dute. Nekazaritza Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete legea osatzeko, prezioen behatokiak abian jartzeko, eta beren ekoizpen sistemen araberako azterketak egiteko. «Niri ez etorri Kordobako prezioekin», ohartarazi du Nazabalek, eta Arteagak gogorarazi du mendiko abeltzaintza dagoela Euskal Herriko zati handi batean, eta horrek beste kostu bat duela lurralde lauen aldean.

Nekazaritza Ministerioari espresuki galdegin diote ikuskapenak handitu ditzala, egiaztatzeko dendetan ez dela kostu azpiko produkturik saltzen. «Bizkortu ditzala isun prozedurak, eguneratu ditzala katearen azterketak [....], eta egin dezala ekoizpen kostuak estaltzen ez dituzten kontratuen aurka».

Protestak datorren astean

Industriari eta banaketa enpresei ere eskatu diete legea betetzeko, eta ohar garbi bat egin diete: «Beren negozio helburuak, beti epe laburrekoak, ekoizpen sektorea suntsitzen ari dira». Horrela jarraituz gero herritarren hornidura bera arriskuan egon daitekeela ohartarazi diete. Horregatik, beren mobilizazio gehienak banatzaileen aurrean egingo dituzte: hilaren 28an, Nafarroako merkataritza gune baten aurrean egingo dute protesta, eta hilaren 30ean, berriz, Gipuzkoako batean.

Erakundeak ere begiz jota dauzkatenez, zehaztu ez duten administrazioaren egoitza baten aurrean izango da Arabako protesta. Bizkaiko ekintza aurreragorako utzi dute, urtarrilaren 18rako, eta merkataritza gune batean egingo dute hura ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.