Leandro Azkue

«Nahiko genuke freskora gehiago joan, baina merkatuak agintzen du»

Belaunaldi berriak sektorera nola erakarri, hori da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzak duen erronka nagusietako bat; bestea, arrantzatutakoa hobeto saltzeko bideak bilatzea. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren arabera, flota txikia da, baina errentagarritasun handikoa.

Leandro Azkue, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 28a
11:42
Entzun

Amaitzear dago hegaluzearen kanpaina eta, horrekin batera, aurtengo arrantzaldia. Udazkenean, Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontziek udaberrian arrantzatu gabe utzi zuten antxoaren kuota izango dute. Arrantzaleentzat ez da atsegina izaten hitz batekin urtea nola joan den azaltzea. «Oro har, ona» izan dela dio Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak (Orio, Gipuzkoa, 1968).

Hegaluzearen kanpaina nola joan da?

Kuotaren %80 arrantzatuta dago, eta espero da irailaren erdialdera amaitzea. Harrapaketa kopurua aurreko urteen antzekoa izan da. Arraina gertu sartu da, portutik bospasei ordura. Hori ona da, gasolio kontsumoa txikitu delako eta arrantzatutakoa gure lonjetan merkaturatu delako.

Gipuzkoako kofradien arabera, azken zazpi urteetako merkeen saldu da.

Bai, iaz baino %25 gutxiago ordaindu da. Arrazoiak? Kontserba enpresen produkzio kostuak izugarri handitu dira: olioarena, argindarrarena, edukiontzi metalikoena... Produktu horien kontsumoa asko jaitsi da, prezioen igoeragatik, eta errentagarritasuna apaldu da. Kontserba enpresek ez dute arriskatu nahi, eta enkanteetan ohi baino gutxiago ordaindu dute.

Arrantzaleak mantsoago aritu dira abuztuan. Prezioa igotzeko?

Bai, baina berehala itzuli da batezbestekora. Arrantza egun batzuetan gelditu bada ere, arraina hain hurbil dagoenez, porturatzeak maizago egiten dira. Lehen, marea batek hamar-hamabost egun irauten zuen; orain, ia egunero izaten dira lehorreratzeak. Arrandegiek badakite hori, eta horrek ere egonkortu egiten du prezioa.

Azken urteetan ohikoak dira ontzi pelagikoak euskal kostaldean. Eraginik ba al du horrek?

Eragina gehiago da mediatikoa eta bisuala. Irlandarren eta frantsesen arrantza pelagikoa lehen ere iristen zen Euskadiko eta beste erkidegoetako kontserba enpresetara.

Baina ez zuten hemengo portuetan deskargatzen.

Ez, kamioietan iristen zen. Egia da azkenengo lauzpabost urteetan bereziki irlandarrak ari direla gure portuetan deskargatzen.

Hemengo arrantzaleek diote merkeago saldu dutela horregatik.

Bai, arrantza mota horrek prezioari beheraka tira egiten dio. Baina, zeharka bada ere, lehen ere bagenuen arazo hori.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak teknika hori debekatzen badute, nola da posible hemengo lonjetan saltzea?

Gauza bat da arrantza moten erregulazioa eta beste bat merkatua. Lehenengoa Espainiak arautu dezake, baina bigarrena Bruselaren esku dago. Gaur egun barkuek libre dute Europan nahi duten portuan saltzeko.

Jaurlaritzak ezin du besterik egin?

Ez. Komertzioa ezin du debekatu. Europak ez liguke utziko.

Bruselak hondoko arrasteko arrantza debekatu du Bizkaiko golkoko eremu batzuetan; Frantziak ere asmo bera du bere uretan. Zer eragin izan dezake horrek?

Eremu horietan ez dira aritzen gure arrasteontziak. Baina gerta daiteke ontzi batzuk, bereziki Galiziakoak, gureak ibiltzen direnetara etortzea. Dena den, urtebete pasatu da, eta ez dugu halakorik sumatu. Kezka, hala ere, hor dago. Nire ustez, gauzak ondo eginez gero, denontzako tokia dago.

Azken urteetan antxoaren kanpainak txarrak izan dira. Aurtengoa?

Ona. Arrantzatutakoak tamaina handiagoa izan du, kontserbetarako hobea, eta, beraz, garestiagoa. Gure kostaldetik gertu harrapatu da; azken urteetan Asturiasen eta Kantabrian zegoen antxoa hori.

Hegaluzearen ondoren berdelak du pisu handien, antxoaren aurretik. Azken urteak txarrak izan dira. Zergatik?

Bai, hala da. Berdela eta antxoa sarearekin arrantzatzen dutenak oso ondo aritu dira batean zein bestean. Baina berdeletan amuarekin bakarrik aritzen direnak oso kostera txarra izan dute, eta iaz ere txarra izan zuten. Segmentu horri dagokion kuotaren erdia baino ez dute harrapatu. Aurtengo albisterik txarrena hori da. Diru laguntza bat emango diegu. 70-80 ontzi dira, txikiak, lauzpabost marinelekin, eta portu guztietan daude.

Ez dute arrantzatu, ez dute topatu, zer gertatu da?

Sarearekin aritzen direnak ez dute arazorik izan, eta aurreko urteetan bezala aritu dira. Beraz, berdela egon badago. Amuarekin dabiltzanek esaten dutenez, oso hondoan gelditzen da arraina. Ez da aurtengo kontua bakarrik.

Inoizko beroen daude Bizkaiko golkoko urak. Eraginik badu?

Ukaezina da uraren tenperatura gero eta handiagoa dela. Baina horrek eragiten du berdela beherago, ur hotzagoetan egotea eta horra ezin iristea gure arrantza tresnekin? Ez dakit.

Hipotesirik?

Badaude batzuk. Azti ikerketa zentroa aztertzen ari da ea tenperaturak, uraren gazitasunak eta beste faktore batzuek zer eragin duten espezieen portaeran. Ikusiko dugu zer dioen. Baliteke arrainak egokitze prozesu batean egotea, espezie batzuk iparralderago jotzea ur hotzagoen bila, beste batzuk hemen azaltzea...

Arrantzaleek antzeman dute aldaketarik?

Azkenengo bost urteetan bakarra ikusi dute: berdelarena. Zorionez, antxoa oso ondo dago, eta hegaluzea ere ari da sartzen.

Eta ohikoak ez diren arrainak?

Tarteka-tarteka, Mediterraneoan ohikoak diren baina hemen ikusten ez ziren arrain batzuk topatu dituzte, baina oso tarteka. Oraindik ez dira nabari aldaketa handiak, modu zuzenean.p>

Hegaluzearen,berdelarenetaantxoarenkuotagehienakontserbaenpreseisaltzendieteeuskalarrantzaleek. EuskalHerriansektoretxikiada. AsturiaskoetaGaliziakoenpresahandienmenpebizidira?

Sektorea horrela dago antolatuta. Nahiko genuke hemen industria indartsuago bat izan eta, era berean, freskora gehiago joan, baina merkatuak agintzen du. Gure arraiaren komertzializazioa da mahai gainean dugun erronkarik handiena.

Euskal herritarrek jaten duten arrain freskoaren erdia baino gehiago kanpotik ekartzen da. Legatza da gailen mahaian, baina Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek apenas arrantzatzen duten, kuota duin bat izan arren. Zergatik?

Flota espezializatu egin da azken urteetan. Beste lurralde batzuetan gu baino espezializatuago daude legatzean, Galizian nagusiki. Aldiz, hegaluzean Espainiako kuotaren %60 arrantzatzen dugu guk, eta antxoan ere pisu handia dugu. Baina legatza bada gehien kontsumitzen dena, eta gaitz erdi.

Zergatik diozu hori?

Arazoa beste espezie batzuekin daukagu, oso urrutitik ekartzen direnak, batzuk arrantzatutakoak eta beste batzuk haztegietakoak. Gure arrandegi eta mahaietan sekulako arrakasta izaten ari dira: adibidez, izokina, baina baita askoz ere merkeago eta kalitate eskaseko arrainak ere. Zer kontsumitzen ari garen hausnartu beharko genuke.

Jaurlaritzak kanpaina bereziak egin ditu bertako arrain freskoa kontsumitzeko, baina ez dirudi arrakasta izan dutenik.

Ahal dugun tresna gehien erabiltzen ditugu. Eusko Labela, adibidez, ona da arrantzaleentzat, prezio onean saltzeko, eta kontsumitzaileentzat, jakin dezaten zer jaten ari diren. Baina merkatuaz eta kontsumoaz ari garenean, gure esku ez dauden eta guk kontrola ezin ditzakegun faktore asko daude. Ez da erraza.

Asko hitz egiten da arrantzaren etorkizunaz. Zeinek du hobea, baxurak ala alturak?

Biek dute etorkizuna. Dauzkagun kuotak kontuan hartuta, flota orekatua daukagu. Gure produkzio mailaren %100ra iristen gara. Europan kuotak banandu zirenean derrigorrez berregituratze bat egin behar izan genuen. Duela 25 urtekoarekin konparatuta, flota txikia da, baina errentagarritasun handikoa eta teknologikoki oso aurreratua.

Eta erakargarria gazteentzat?

Soldatak onak dira, baina ontzietako lan eta bizi baldintzak hobetu behar dira; soldata ez da nahikoa.

Europako Batasunak akuikultura bultzatu nahi du, jasangarriagoa omen delakoan. Bizkaian enpresa bat eta Araban beste bat geratzen dira. Zergatik ez du arrakastarik izan industria horrek?

Saiatu gara bultzatzen, diru laguntzak eman ditugu... Baina agertu diren ekintzaile apurrek atzera egin dute. Agian gure itsasoaren eta kostaldearen ezaugarriak ez dira egokienak. Dauden lurrak oso garestiak dira. Gainera, ez dira inbertsio errazak, denbora bat behar delako espeziek tamaina komertzial bat izan arte.

Jaurlaritzak ez du Europako funtsetarako zerrendan sartu Lemoizko zentraleko egitasmoa. Ez dela egingo esan nahi du?

Ez. Eremu hori akuikulturarako eremu izendatzeko tramiteak ari gara egiten, eta alde administratibo hori datorren urtean amaitzea espero dugu. Enpresa batzuk etorri zaizkigu interesa azalduz. Datorren urtean ikusiko dugu interes hori gauzatzen duten ala ez.

Getaria parean hegalabur haztegi bat iragarri duzue, Mediterraneoan dauden gisakoa. Zer onura ekar ditzake?

Azken bospasei urtetan gure arrantzaleek hegalabur kuotak edo lizentziak saldu dizkiete Espainiako enpresei, errentagarriago zaielako. Halako proiektu batekin lortu dezakegu kuota horiek hemen geratzea, hemengo arrantzaleek halako enpresa baten jabe edo sozio eginda. Haztegiekin hobeto egokitu zaitezke merkatuaren beharretara eta prezio oso onak lortzen dira. Datorren urtean hasiko gara probatzen hemengo uretan posible ote den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.