FDSEAk Lapurdiko hiru supermerkatu blokeatu ditu

Produktuen jatorria kontrolatu, eta enpresa handien irabazi garbiak salatu dituzte. ELB kritiko agertu da Frantziako Gobernuaren iragarpenekin.

(ID_17068660709475) FDSEAko laborari bat Angeluko Carrefour supermerkatuan, haragiar
FDSEAko laborari bat Angeluko Carrefour supermerkatuan, haragiaren jatorria kontrolatzen. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko otsailaren 2a
10:01
Entzun

FDSEA sindikatuak ekintza bat egin du goiz honetan Lapurdiko hiru supermerkatutan, enpresa horiek laborarien mozkinekin egiten dituzten irabazi garbiak salatzeko. Angeluko BAB2 merkataritza zentroa eta Hazparneko Intermarche eta Lecerc supermerkatuak blokeatu dituzte goizean goizetik, eta Eric Mazain FDSEAko kideak jakinarazi du egun osoan bezeroak sartzea oztopatuko dutela. «Irabazirik gabeko egun bat izan dezaten nahi dugu, horrek zer ekartzen duen duen ikus dezaten». Frantziako Gobernuaren iragarpenen ondotik, FNSEA eta JA sindikatuek blokeo ekintzak kentzeko agindu zuten atzo gauean, baina Ipar Euskal Herriko laborariek «presioa» atxiki nahi dute. Ondoko egunetan agroindustriaren eta supermerkatuen kontra joko dutela jakinarazi du Mazainek. 

Laborari sindikalistak «aitzinamendu baikorrak» ikusi ditu Parisek egindako iragarpenetan, baina adierazi du «luzera» zer ematen duten ikusi nahi dutela. «Supermerkatuetan kontrolak eginen dituztela erran dute, baina ikusi nahi dugu zer ematen duen». Ostiral goiz honetan, laborariek berek egin dituzte kontrolak: supermerkatuetako apaletan produktuen jatorria kontrolatzen aritu dira, Frantziakoak ala beste herrialde batzuetakoak diren ikuskatzeko. «Gehienek aurreikusia zuten, eta kanpoko produktuak kenduak zituzten», deitoratu du Mazainek. 

Laborarien bizkar enpresa handiek egiten dituzten irabazi garbiak ere salatu nahi izan dituzte: «Ehun euroko erosketa batean 6,5 euro baizik ez dira laborariarentzat; gutxienez 10 euro izan beharko lirateke». Supermerkatuek eta agroindustriak egiten dituzten irabaziak apaldu egin behar direla erran du. «Ipar Euskal Herrian baditugu mozkinen transformazioa egiten duten enpresa handiak. Horiengana ere joko dugu ondoko egunetan».

«Pozoia» zerealetan

ELB sindikatuak ere protestarekin segitzeko borondatea duela adierazi du Julen Perez laborariak. Astelehenean egin zuten bilkura ondoko asteetako mobilizazioa zehazteko, eta ohartarazi du ohi baino laborari gehiago agertu zela; Mauleko hiltegiaren alde asteazkenean egindako mobilizazioan ere «jende frankok» parte hartu zuela nabarmendu du. «Bada haserre gorri bat laborarien artean, eta bada foku mediatiko bat; ez gara borroka uzteko prest, ez dugu utziko», baieztatu du. 

Kritiko agertu da Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak egin dituen adierazpenei begira: «Gauza anitz erran ditu, baina aitzinamenduak gutxi dira, bereziki hazkuntza sailarentzat». Honela laburbildu ditu Parisek egindako iragarpenak: «Funtsean erraten dutena da pestizida eta ongailu gehiago erabiltzen ahalko dela, ekologia arauak arinduko dituztela eta horrek ekoizpena indartuko duela». Horretan datza bere hitzetan zereal ekoizpenetan neonikotinoidoak erabiltzeko baimena eman izana. «Arrunt gure kaltetan da. Jakin behar da FNSEA dela Frantziako sindikatu nagusia eta gehienak zerealetan ari direla. Europa mailan konpetitiboak izatea da haien helburua; horretarako nahi dute pozoia baliatu. Haien buruan, pozoiarekin errendimendu handiagoa izanen dute, eta, beraz, irabazi gehiago».

Ipar Euskal Herriko laborantza nagusiki hazkuntza sailekoa dela azpimarratu du, eta deitoratu du Frantziako Gobernuak ez diola erantzuten tokian toki dituzten beharrei. Izan ere, laborari gehienek ez dituzte oraindik eskuratu Europako NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzak. «Batzuek parte bat bakarrik eskuratu dute, eta besteek deus ere ez. Bankuetara joan behar izan dute anitzek mailegu eske, eta interes tasak biziki altu dira». Attalek baieztatu du martxo erditsura isuriko dutela laguntza osorik, eta iragarri du 150 milioi jarriko dituela kontabilitate arazoei aurre egiteko. «Berantegi da. Laborari guziek kabalak barnean ditugu momentu hauetan, bazkatu behar ditu. Horrela ezin dugu iraun», erran du Perezek.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.