Atzo, merkealdien lehen egunean, itxita egon ziren kate handien hainbat denda. Beste batzuek irekita eutsi zioten, langile gutxirekin bazen ere. Bizkaiko eta Gipuzkoako ehungintzako, larrugintzako eta oinetakoen sektoreko hainbat langilek planto egin zuten.
Bizkaiko langileek zazpigarren greba eguna zuten atzokoa Bilboko Kale Nagusian —8.500 langileri eragiten die grebaldiak—. Sindikatuek Cecobi eta Bizkaidendak patronalei eskatu zieten lan hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatzeari uzteko. Herenegun bertan elkartu zen negoziazio mahaia, baina, ELAk adierazi duenez, «ez zen nahikoa aurrerapausorik eman». Gaur ere kalean izango dira langileak: 12:00etan abiatuko dira Bilboko Arriaga plazatik.
Gipuzkoan ere, planto
Gipuzkoan ere greba eguna izan zuten atzo, ELAk eta LABek deituta. «Pikete informatiboak» egin zituzten goiz-eguerdi aldera Donostiako kaleetan, baita Urbil, Txingudi eta Mendibil merkataritza guneetan ere.
Adegi eta Gipuzkoako Merkatariak patronalei eskatu zieten onartzeko Gipuzkoako sektorearen «errealitatea» jasoko duen hitzarmen bat. Izan ere, salatu zuten egoerak «nabarmen» egin duela okerrera. 2.262 langilek dihardute Gipuzkoan ehungintzan, eta lan hitzarmen desberdinetan biltzen dira haien baldintzak: batzuenak, 2006-2009 artekoan —soldatak izoztuak dituzte—; besteenak, 2010-2018 artekoan. Dena dela, egungo egoera larria hobetuko duen hitzarmen kolektibo bat galdegin zuten langileek.
Lanuzteak egin dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako ehungintzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu