Siemens Gamesak lanpostu murrizketak berretsi ditu

Enpresak zuzendari berria izango du: Vinod Philip. 365 milioi euroren galerak izan ditu aurten.

Siemens Gamesaren Zamudioko egoitza. LUIS TEJIDO / EFE
Siemens Gamesaren Zamudioko egoitza. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko maiatzaren 8a
09:30
Entzun

Siemens Energyk berregituratze neurriak hartuko ditu eolikoen negozioan, Siemens Gamesa adarrean: «lantaldea doituko» du, eta luzera begirako plan bat egingo du, bere negozioa errentagarriagoa izan dadin.

Erabakia ez da berria. Alemaniako konpainiak hilabeteak daramatza berregituraketa plan bat lantzen, eta horrekin lotutako lehen neurria hartu du; Jochen Eickholt Siemens Gamesako egungo kontseilari delegatuak kargua utziko du, eta enpresako zerbitzu arduradun izandako Vinod Philip arituko da haren ordez. Konpainiak horren berri emateko kaleratu duen oharrean berretsi du lantaldean murrizketak egingo dituela.

Dena den, ez du zehaztu zenbat langile kaleratuko dituen eta zein herrialdetakoak edo lantegitakoak izango diren. Argitu du, baina, aurreikusten duela langileei beste lanpostu bat ematea eta haiek lekuz aldatzea, garapen bidean diren enpresaren beste ataletara langileak eramanda, bereziki offshore negozioan (itsasoko eolikoak). Adierazi du behin plan hori gauzatuta espero duela aurrera begira Siemens Gamesako langile kopuruari egonkor eustea.

2.800

Langile kopurua Euskal Herrian Siemens Gamesak 2.800 langile inguru ditu gaur egun Euskal Herrian, lau lantokitan banatuta: Zamudion eta Mungian (Bizkaia), Asteasun (Gipuzkoa) eta handiena Sarrigurenen, Nafarroan. Mungiako eta Asteasuko lantegiak salgai jarri ziren 2022an.

Zuzendaritza aldaketari dagokionez, Eickholtek uztailaren 31n utziko du kargua, eta irailaren 30ean konpainia. Vinod Philip izango da haren ordezkoa abuztuaren 1etik aurrera. 2017an Gamesa eta Siemensen integratu zirenetik, konpainiaren laugarren kontseilari delegatua izango da Philip.

Zehaztasunak, laster

Taldeak adierazi du aldaketa «bi aldeak ados jarrita» egin duela. Horrekin batera, azaldu du Philipen gidaritzapean energia eolikoaren negozioa Siemens Energyren kudeaketa egituran sartuko dela, eta hark hartuko duela erantzukizun operatiboa. Eickholtek, berriz, trantsizio horretan hartuko diren erabakiak ikuskatuko ditu, enpresan emango dituen beste bi hilabeteetan.

Baita lantaldearen murrizketari dagozkionak ere. Eickholtek eta Vinod Philipek datozen asteetan amaituko dituzte horri buruzko lanak, eta datozen hilabeteetan negoziatuko dituzte langileen ordezkariekin.

Christian Bruch Siemens Energyko kontseilari delegatuak Eickholten konpromisoa baloratu du, eta gogoratu du «oso garai zailean» hartu dituela konpainiarentzat ezinbestekoak ziren berrantolaketa eta integrazio neurriak. Azpimarratu du Siemens Gamesan buruhauste izan diren kalitate arazoak ez zirela bere agintaldian gertatu.

Galera handiak

Otsailean jakinarazitako emaitzak berretsi ditu Siemens Energyk. Oro har, 108 milioi euroren irabaziak izan ditu bigarren hiruhileko fiskalean. Siemens Gamesa adarrak, aldiz, 365 milioiren galerak izan ditu denbora berean, iaz epe berean baino %30 gutxiago. Hala ere, aurten ere galera handiekin amaitzea aurreikusten du: 2.000 milioi euro ingurukoa.

2023an 4.588 milioi euroko galera errekorra izan zuen Siemens Gamesak. Horren ondorioz, Siemens Energyk finantza laguntza eskatu zion iaz Alemaniako Estatuari, eta horrek 7.500 milioi euroko bermea eman zion taldeari.

Aurten apur bat hobera egin du eolikoen negozioak, itsasoko eolikoaren atalaren bilakaera onagatik. Baina lurreko eolikoenak ezin du gauza bera esan, eta hori da, hain justu, Euskal Herritik gidatzen dutena, Zamudiotik (Bizkaia) eta Sarrigurendik (Nafarroa). Taldeak 2.800 langile ditu Euskal Herrian.

Siemens Gamesak bere lurreko haize erroten ekoizpena eten zuen iazko ekainean, kalitate arazoak aurkitu zituelako 4.X eta 5.X turbinetan. Konpainiaren modelo berriak dira horiek, Siemensek euskal konpainia erosi ondotik garatutakoak, baina hutsegite asko atzeman dizkiete.

2017an integratu zen Gamesa Siemensen negozio eolikoan, eta 2020an Alemaniako taldeak enpresaren kontrol osoa hartu zuen, Iberdrolaren %8ko partaidetza eskuratu ondoren. Ordutik, galerak pilatu ditu: 2020an 918 milioi eurorenak, 2021ean beste 626 milioirenak eta 2022an 937 milioirenak.

Itsasoko eolikoa ardatz

Lurreko eolikoekin dituen arazoak ikusita, itsasoko atala indartzen ari da konpainia, eta horretan jarraitu nahi du. Batez ere Europako eta AEBetako merkatuetan zentratuko da.

Lurreko eolikoaren kasuan, dituen arazoetara egokitzen ari dela nabarmendu du, eta bere helburua dela ekoizpen ahalmena handitzea. Azaldu duenez, hala ari dira zenbait lantegitan: Cuxhavenen (Alemania), Aalborgen (Danimarka) eta Le Havren (Frantzia). Azaldu duenez, lurreko turbinen mantentze lanen eremua indartzeko, itsasoko negozioaren baliabideak erabiliko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.