Koronabirusa

Lanpostu galera apaldu da, aldi baterako lan erregulazioen eraginez

Maiatzean 3.767 lagun gelditu dira lanik gabe, apirilean baino %72 gutxiago. Erregulazioan zeuden langileen erdiak lanera itzuli dira, baina egoera horretan zeudenen %3 gelditu dira langabezian

jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Aurreko bi kolpeak baino leunagoa izan da hirugarrena, eta maiatzean ez da martxoan eta apirilean bezainbeste enplegu galdu Hego Euskal Herrian. 3.767 lanpostu galdu dira, aurreko hilean baino %72,1 gutxiago. Langabeziak, dena den, gora egiten jarraitzen du lau lurraldeetan. Aurreko hilabetearekin alderatuta, % 2,1 gehiago. COVID-19aren aurkako neurriak ezartzen hasi zirenetik, 31.638 pertsonak eman dute izena Lanbiden eta Nafar Lansaren. Atzeraldi Handira arte egin behar da atzera hain denbora gutxian halako enplegu txikizio bat topatzeko.



Horiek hala, eta balorazio baikorra egin arren, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du kostatuko dela aurreko egoerara itzultzea. «Tunelaren amaierako argia ikusten hasi gara, eta gure jarduera suspertzen hasi da, baina ez dugu aurreko erritmoa berreskuratu, eta horrek ondorioak izaten jarraituko du», azaldu du Borja Belandiak, Lanbideko zuzendari nagusiak. LAB sindikatuak ere azpimarratu du langabeziaren gorakadaren erritmoa «moteldu» egin dela, baina ohartarazi du oraindik ez duela goia jo, eta azpimarratu du kontratu «prekarioak» dituztenei eragingo diela; gazteei, bereziki.

Fokua aldatu da

Neurri batean, maiatzean gertatutakoa aurreikus zitekeen. Izan ere, krisiaren lehenengo asteetan lanik gabe geratutakoen artean gehienak aldi baterako beharginak ziren —%90 inguru—; alegia, hilabetea amaitu ondoren haien kontratuak ez zituzten berritu. Azken hilean, berriz, gutxiago nabaritu da hori, egoera horretan zeuden langileen kopurua nabarmen murriztu delako, aurreko bi hilabeteetako kolpearengatik. Orain, enplegu galera bereziki aldi baterako lan erregulazioan egon diren beharginen artean has daiteke nabaritzen.

Lanbideren datuen arabera, maiatzean lanik gabe geratutakoen artean %72,5 egon dira erregulazio espediente baten pean. Dena den, hileko kopuru osoari erreparatuz geroz, oso modu apalean antzeman da hori. Belandiak azaldu duenez, aldi baterako lan erregulazioan egondako langileen erdiak — 67.241— euren lanpostuetara itzuli dira, eta 2.227 lanik gabe geratu dira: alegia, %3,3 ez da bueltatu beharrera erregulazio baten ostean. Nafarroako Gobernuak ez du datu zehatzik eman horren inguruan.

Datozen hilabeteetako eboluzioa aurreikusteko, beraz, lan erregulazioekin zer gertatuko den izango da gakoa. Oraingoz, ekainaren 30era arteko iraungitze data dute. Horiek errazteko, luzatzeko eta finantzatzeko modua aztertzen ari da Espainiako Gobernua, eta Euskal Herriko instituzioek eta eragileek ere egin dituzte horren aldeko proposamenak.

Itzuli, baina zalantzekin

Zerbitzuen sektorean —ostalaritzan eta merkataritzan bereziki— izan ziren lehenak kolpea hartzen, eta, gutxika eta muga batzuekin lanera itzuli diren arren, alor horietan jarraitzen du hazten gehien langabe berrien kopuruak: maiatzean lanik gabe geratutako guztien %72 sektore horretakoak ziren. Industrian ere gora doa kopurua, baina abiadura motelagoan: hil honetan galdutako enpleguaren %20. Dena den, aurreko bi hilabeteekin alderatuta, kolpea ez da hain handia izan bi sektore horietan. Maiatzean baino %73,3 gutxiago izan da enplegu galera zerbitzuen sektorean, eta %55,3 industriarenean.

Bestalde, eraikuntzak eta lehen sektoreak bakarrik lortu dute langabeen kopurua murriztea azken hilean. 177 lehenak eta 96 bigarrenak. Eraikuntzan eragin nabarmena izan du obrei ezarritako debeku guztiak kendu izanak. Lehen sektorearen kasuan, berriz, oinarrizkoa izan da bere jarduna funtsezkotzat jo izana alarma krisia ezarri zenetik; orain, gainera, uzta batzuk biltzeko garaia da, eta antxoatarako kanpaina itsasoan, eta eskulana hartu behar izan dute.

Langabeen artean oraindik ere emakumeak gehiago dira: %55,2. Aurreko hilabeteetan antzeko neurrian egin zuten gora sexu bateko zein besteko langabezia tasek, eta maiatzean andreenak pixka bat gehiago handitu den arren —gizonezkoak baino 686 emakume gehiago galdu dute euren lanpostua—, antzerakoak dira %2,2ko igoera emakumeen artean eta %1,9koa gizonen kasuan.

Autonomoak, zuhur

Maiatza hilabete ona izan ohi da enpleguarentzat. Oro har, kontratazio kopuruak gora egin du maiatzean: 48.014 sinatu dira, aurreko hilean baino %17 gehiago. Nolanahi ere, 2019ko hil berean erregistratutakoak baino %60 gutxiago dira. Kontratu berrietatik, %92,6 aldi baterakoak dira.

Kontratu gehiago egin izanak, baina, ez du islarik izan afiliazioan, eta behera egiten jarraitu du. Aurreko hilabetearekin alderatuta, 1.989 gutxiago izan dira. Pentsatzekoa zen zenbait sektoretan, jardunera itzultzearekin batera, kotizatzeari utzi ziotenak itzuliko zirela sistemara; autonomoak bereziki. Madrilek haientzat onartu duen langabezia sari berezia dela eta, autonomo gutxik utzi zuten sistema, baina maiatzean ez du behera egin, eta hamabostek baino ez dute izena eman. Etxeko langileen artean, apaldu egin da sistema utzi dutenen kopurua. Apirilean, beharginen %5 izan ziren, eta maiatzean, %1,4.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.