Urteak joan eta urteak etorri, etxeko langileen lanari buruzko datu kezkagarriak ematen ditu ELE Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak. Haren aholkularitzara iaz jo zuten sektoreko 544 langileei galdetuta lortutako datuek erakusten dute ordu gehiegi egiten dutela lan, eta ez dutela jasotzen legokiekeen soldata osoa.
Lorea Ureta eta Isabel Otxoa ELEko aholkulariek zabaldutako datuen arabera, etxeko langile gehien-gehienak emakume migratuak dira, eta haietatik %10,8 dira paperik gabekoak; portzentaje hori %33,9ra iristen da zaintzen dituztenen etxeetan bizi direnen artean. Horiek guztiak erregularizatzeko eskatu dute ELEko aholkulariek, lan baldintza duinak izateko lehen urrats gisa.
Oro har lanaldian eta soldatetan araudiak ez direla betetzen salatu dute ELEko kideek. Horrela, galdekatutako etxeko langileen %76k esan dute legeak finkatzen duen astean 60 orduko lanaldiaren muga gaindintzen dutela. Gainera, langileen %26,1k ez dute egunean atsedenaldirik, eta %36,5ek ez dute astean egun bakar bat ere libre. Asteko zazpi egunak lan egiten dutenen portzentajea hamabost puntu handitu da.
%98k, dagokien baino gutxiago
Soldatetan ere, «gehiegikeriak» dira nagusi, batez ere paperik gabeko langileen kasuan. Haietako %19,8ren saria ez da iristen hilean 800 eurora. Egoiliarren artean, ia %98k ez dute jasotzen beren lanaldiari dagokion soldatarik, eta hamarretik ia lauk eskudirutan jasotzen dute soldata, beharrezko izan dezaketen agiririk gabe.
Pandemiaren garaian erakundeek etxeko langileak «beren kasara» utzi dituztela ere salatu du ELEk.