Global Forum Spain. Guggenheimeko jardunaldia

Langilerik gabeko ekonomia

Espainiako Gobernuak azkenaldian ezarri dituen neurriei babes politikoa emateko baliatu zuten nazioarteko erakundeek Bilboko topaketa, baina argi geratu zen oraindik ere erreforma gehiago exijitzen dizkiotela.

Christine Lagarde. ALFREDO ALDAI / EFE.
Ivan Santamaria.
Bilbo
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ekonomiaz hitz egin zen, noski. Eta lehiakortasunaz. Eta erreformaz. Baita langabeziaz ere, sarritan zerutik etorritako izurritea balitz bezala, giza ardurarik gabea. Gutxiago hitz egin zen langabeei buruz, ordea. Edo langileez. Langilerik gabeko ekonomiak dira, antza, noiz eta Euskal Herriko langileen historian akaso egunik garrantzitsuena den martxoaren 3an. Ezer ere ez zen entzun pobreziaz, edo desberdintasun sozialei buruz. Ez zetorren bat topaketak sustatu beharreko ideiekin.

Tesia izenburuan jarrita zegoen, argi eta garbi: egonkortasunetik hazkundera. Orain dela astebete Mariano Rajoy Espainiako presidenteak nazioaren egoerari buruzko eztabaidan ezarri zuen narratiba berrian kokatu behar zen. Hau da, amaitu da krisia, akabo laino beltzak, eta ongi etorri susperraldiaren zeru urdinak, 2015. urteko Espainiako hauteskundeak helburu.

Adostasun berri bat finkatzeko asmoa zuen Global Forum Spain 2014 batzarrak. Espainia ez dago jada susmagarrien zerrendan. Jarraitu ditu, zintzo, nazioarteko erakundeek emandako eta, neurri batean, behartutako aholku eta gomendioak. Nazioarteko erakundeen —troika gisa ezagutzen diren horien— bultzada hori eskatu eta jaso zuen atzo Rajoyk Bilbon. Nazioarteko Diru Funtseko burua, Europako Batzordeko hiru komisario, Eurotaldeko burua, OCDEko presidentea eta enpresa ugaritako ordezkariak. Soilik Europako Banku Zentrala falta zen.

Christine Lagarde NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak antzeko abiapuntua erabili zuen: «Buelta ematen ari zaio egoerari, hala Europan nola Espainian». Meritua erakundeek eta gobernuek egindako lan «zoragarriari» eman dio Lagardek. Horra hor troikaren beste ezaugarri bat: autokritikarik ez. Gogoeta deserosorik ez, esaterako, Grezian ondare eta zerbitzuen ekoizpena %20 jaitsi dela azaltzeko, zorpetze gordina —kitapena eta guzti—%15 handitu den bitartean. Edo ausardia onartzeko zergatik den ezinezkoa banku batasun funtzional bat eraikitzea.

Rajoyren gobernuak ezarritako neurriak babestu zituen, propio, NDFko buruak. Horien artean 2012. urteko lan erreforma. Haatik, egindakoa ez zaio oraindik nahikoa iruditzen, eta bide horretan sakontzea eskatu dio gobernuari. Puntu horretan gizarte kotizazioak murriztea proposatu du funtsak, bereziki soldatarik txikienak dituzten langileei. Zorpetzea eta defizita jaisteko beharra ere nabarmendu zuen Lagardek, eta horretarako, zeharkako zergak indartzeko eskatu zuen. Krisia hasi zenetik, BEZaren tasa orokorra bi aldiz igo da: lehen, %16koa zen, eta orain, %21ekoa da.

Soldaten murrizketa

NDFk egin ditu neurri eta proposamen zorrotzenak. Soldata murrizketa orokor bat (%10 gutxienez) proposatzeraino iritsi dira funtseko ekonomialariak. Atzo, ordea, gaia ez zen aipatu ere egin Lagarderen mintzaldian. Are gehiago, barne debaluazioaren estrategia guztia, langileen ordainak jaitsita lehiakortasuna irabaztea, gabeziarik aipagarriena izan zen jardunaldietan, irudikatu nahi den ekonomia biziberrituaren paisaian sobera balego bezala.

Kazetarien aurrean propio galdetuta, soldata murrizketa bere horretan eskatzeari uko egin zion Angel Gurria OCDEko presidenteak. Arazoa, Gurriaren irudiko, ez da ordainen maila absolutua handiagoa edo txikiagoa den, ekoizpenarekin duen proportzioa baizik. «Soldata handiagoak lortzeko modurik onena produktibitatea handitzea da», azpimarratu zuen Gurriak. Puztutako baikortasuna ozpindu zuen gutxienetarikoa izan zen Gurria, edozein moduz, nazioarteko ekonomiaren bultzadarik eza eta aurreikuspen ahulak nabarmenduta.

Lan merkatua dute jopuntuan nazioarteko erakundeek. Eurotaldeko presidente Jeroen Dijsselbloemen aburuz, aldaketak ezinbestekoak dira, Espainiako lan merkatua Europako beste herrialdeena bezain malgua ez dela iritzita. Erreformak, erreformak eta erreformak. Horra hor Dijsselbloemen errezeta. «Doikuntza gehiago beharrezkoak direla hautesleen buruan sartzeko ausardia politikoa» beharko luke Rajoyren kabineteak, Eurotaldeko presidentearen ustez.

Europan lehentasun politikoak zeintzuk diren ulertzeko, ohar interesgarriak utzi zituen Dijsselbloemen hitzaldiak. Europako eredu sozialaren beharrari buruz aritu zen, baldintzapekoa dela iradokiz. «Lehenbizi, finantzatzeko gai garen ikusi beharko dugu». Ongizate estatua, helburu baino, finantza egoeraren araberako zerbaiten gisa aurkeztu zuen.

«Errematea falta da»

Espainiako Gobernuaren Kanpo Merkataritza adarrak prestatu zuen ekonomia foroa. Erakundeetatik aparte, enpresari ugari izan ziren gonbidatu, eta baita hizlari ere, horien artean Euskal Herriko enpresa handienetako biren agintariak: BBVAko Francisco Gonzalez eta Iberdrolako Ignacio Sanchez Galan. Haiekin batera, mahai berean, Telefonicako Cesar Alierta eta Inditexeko Pablo Isla.

Giro aldaketa ospatzeko eguna zen, Gonzalezen irudiko. «Europan, eta bereziki Espainian, izandako arrakastaz gozatzeko» topaketa zen, haren hitzetan. Lan erreformaren defentsa irmoa ere egin zuen. Horri esker, azken urtean 300.000 lanpostu salbatu direla argudiatu zuen, eta, 2008. urtean egin izan balitz, milioi bat izango zirela ziurtatu zuen. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuarekin distantzia jartzeko lasterketa horretan bat egin zuen Sanchez Galanek, erreformak «beranduegi» egin direla iritzita. Gobernuari aurrera begira zer eskatzen dioten ere argitu zuen BBVAko presidenteak. «Egoera baliatu behar dugu orain azken errematea emateko».

Erregea buru, Azkuna gogoan

Global Forum Spain topaketaren mamia hasi baino lehen, izan zen tartea ere ekitaldi instituzionalentzat. Inauguratzeko ardura Espainiako errege Juan Carlos Borboikoak izan zuen. Erregearen bisita zela eta, segurtasun neurri zorrotzak izan ziren Guggenheim museoaren inguruan. Goizean goizetik, Ertzaintzaren furgoi ugari eta Espainiako Poliziaren presentzia izan zen. Museoaren barruan ere zalaparta handia izan zen, eta batera eta bestera mugitzeko zailtasunak izan zituzten kazetariek.

Goizeko hamarretan iritsi zen erregearen autoa Guggenheimera. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin zion harrera. Ohorezko aurreskua dantzatu zieten ondoren ordezkari instituzionalei, inaugurazio hitzaldiak hasi aurretik. Guztietan presente egon zen Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. Iragarrita zegoen han egongo zela, baina azkenean, Ibon Areso alkateordeak hartu zuen haren lekua. Azkunak topaketaren antolakuntzan izan zuen garrantzia nabarmendu zuen Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak. Hain zuzen ere, foroa Bilbon egiteko erabakia bi agintariek izandako bilera batean mamitu zela jakinarazi zuen De Guindosek.

Aurkezpen txanda horretan hartu zuen hitza Urkullu lehendakariak, Jaurlaritzaren izenean. ETAk orain dela bi urte eta erdi armak uzteko hartu zuen erabakiak ekarri dituen aukerak goratu zituen. Ekonomia erreala sustatzeko neurriak exijitu zizkien EBko agintariei: «Bankuan erreskatean jarri dugun grina berarekin enpleguaren erreskatean tematu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.