Beste konpainia batzuen eskuetan bukatu aurretik, Basauriko Edesa plantako langileek uste dute Mondragonek «bere hitza bete» eta «salbagarria dena» salbatu behar duela eta, horretarako, langileek berek egindako berregituraketa plana aurrera eraman behar duela. Plan horri jarraituz, Basauriko plantarekin batera Bergarakoa ere salbatuko litzateke, Edesako langileen ustez. Mondragonek ez du orain arte mugimendurik egin, jendaurrean behintzat, Fagor Etxetresnen adar bideragarriak eskuratzeko; Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak ere aitortu du ez duela horrelakorik ezagutzen.
Bi elkarretaratze egin zituzten atzo goizean, Bilbon, Edesako beharginek, bata Justizia jauregiaren aurrean, eta bestea Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Horien bitartez, gogorarazi nahi izan zuten enpresaren geroa oraindik jokoan dagoela. Baina aurrera egiteko modua badagoela uste dute, eta, horregatik, langile talde batek bideragarritasun plan bat landu du Basauriko fabrikarako. Egitasmo horren xehetasunen berri eman ez zuten arren, badirudi Bergarako Geyser enpresari ere eragiten diola. Fagor Etxetresnen bi lantegi horietan galdarak eta etxeak berotzeko beste gailu batzuk egiten zituzten.
Bilbon emandako prentsaurrekoan, Edesako langileen ordezkariek ziurtatu zuten atzerriko konpainia batek Basauriko lantegia erosteko interesa azaldu duela. Tapiak berak berretsi du informazio hori berriki. Susmo txarrez ikusi dute eskaintza, Basauriko lantegia bi urtez soilik mantentzeko konpromisoa duelako balizko erosleak, eta gero ekoizpena beste herrialde batera eramango lukeelako. Horren ordez, langileen beren plana indarrean jartzeko eskatu diote Mondragon taldeari. Horrela, «salba daitekeena salbatzeko» konpromisoa beteko luke korporazioak, betiere Edesako langileen arabera.
Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde publikoen laguntza ere eskatu zuten, Basauri salbatzea «Euskadiren industria sarearen aldeko apustua delako». Erakundeei gogorarazi zieten Fagor Etxetresnen Frantziako adarraren zati batek berriro ekin diola ekoizpenari, Parisko gobernuaren hamar milioi euroren berme bati esker. «Horrek erakusten du posible dela jarduerari eustea».
Langileen plan bat bere egin eta Basauri salbatzeko exijitu diote Mondragoni
Edesako langileek nahi dute Arrasateko taldeak «salba daitekeena salba dezala», eta plan bat proposatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu