Langileen osasunaren aldeko neurriak exijituko ditu LABek Osalanen

NOPLOIn ere eskaera berak egingo ditu sindikatuak. Besteak beste, laneko gaixotasunen erregistroa sortzea proposatuko du

Inko Iriartek eta Igor Arroyok agerraldia egin zuten atzo, LAB sindikatuak Bilbon duen egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hilaren 29an bueltatuko da LAB sindikatua Osalanera, 2010ean ELArekin batera handik alde egin eta gero. Langileen osasunaren aldeko neurri zehatzak eskatuko dituzte, baita NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan ere. Izan ere, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak atzo salatu zuenez, politika publikoak «langileen bizkar» egiten dira egun.

Sindikatuak argi dauka «esparru guztietan» lehiatu beharra dagoela. Horregatik, lantokietan eta kalean bezala, esparru instituzionalean ere borrokatuko dira, «langileen beharrak eta bizitza» erdigunean jartzeko. Arroyok adierazi zuen patronalak prebentzio legea ez betetzeko asmoa erakutsi duela, instituzioen «axolagabekeria» lagun. «Kapitalaren mesedetan, murriztu egiten dira prebentzio neurriak». Horren adibiderik garbiena «lan istripuak» dira, baina badago « fenomeno askoz handiago bat»: «Laneko gaixotasunek ere osasuna galtzea eragiten dute, eta heriotza». Hori horrela, LABek prebentzio neurriak hartzearen aldeko presio dinamika bat aktibatuko du.

Sindikatuaren arabera, Osalanen eta NOPLOIren izaera aldatu behar da. «Aholkularitza entitate» izateari utzi, eta «babes sozialerako, ikuskatzerako eta prebentziorako sistema publiko eta propioa eraikitzeko tresna» bihurtu behar dutela esan zuen Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak.

Ikuskari gehiago jartzea

Iriartek esan zuen bi erakundeetako teknikariek «ahalmen exekutiboa» izan behar dutela, prebentzio legearen urraketak detektatu eta zigortzeko; eta ikuskarien kopurua «esponentzialki» handitzea exijitu zuen. Bestalde, sektore batzuen ikuskatze lana bereziki indartzeko, sektore feminizatuetan arreta jartzeko, mutualitateen eta prebentzio zerbitzuen jardunbide txarrak kontrolatzeko eta laneko gaixotasunen erregistro bat sortzeko ere eskatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.