Langileen osasun arreta osoa euren gain hartzea eskaini diete mutualitateek gobernuei

LABek salatu du osasun sistema pribatizatzeko saiakera «erraldoia» dela. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jasoa dute akordio eskaintza

Inko Iriarte LABeko lan osasuneko arduraduna eta Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile nagusia, AMATen eskaintza zirriborroarekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
AMAT Espainiako Lan Istripuetarako Mutualitateen Patronalak haien eragin ahalmena asko handituko lukeen akordio bat eskaini die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. LAB sindikatuak lortu duen akordioaren zirriborroaren arabera, langile batek «kontingentzia arrunt» bategatik baja hartuko balu, mutualitateak kudeatuko luke osasun arreta osoa.

Kontingentzia arruntak lanarekin harremanik ez duten osasun arazoak dira, eta, Confebask enpresari elkartearen arabera, baja eskakizunen %70 ingururen arrazoia. Akordio proposamen horrekin, gaixo edo eri horien osasun arreta eremu pribatura pasatuko litzateke. Agirian diotenez, horrek «osasun zerbitzu publikoetako itxaron zerrendak laburtuko» eta «karga asistentziala murriztuko» luke, eta «aldi baterako ezgaitasun prozesuak alferrik luzatzea» eragotziko luke.

AMATek erakundeetako osasun sailetako arduradunei bidalitako zirriborro bat da, iazko abenduaren 7ko data duena. Mutualitateak enpresari elkarteak dira, irabazi asmorik gabekoak, baina beren eragin sareetan enpresa pribatu asko dituzte. Gizarte Segurantzaren babesean jarduten dute, eta sindikatuak argi du haren onespenik gabe ezingo luketela egin horrelako eskaintzarik.

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eta Espainiako erkidego autonomoetako agintariei bidali diete. LABek baieztatu du Nafarroako Gobernuak jasoa duela, eta ziurtzat jotzen du Jaurlaritzak ere baietz. Agiria idatzita dago, eta osasun zerbitzuek bete beharreko hutsune batzuk ditu. Oraindik ez dakite Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuek zer erantzun duten.

«Gizartearen erdia»

Xehetasun gehiagoren esperoan, akordio proposamen hori onartuz gero, handitu egingo litzateke mutualitateen boterea; izan ere, «patologia edozein izanda ere», ahalmena izango lukete hura kudeatzeko. Esku pribatuetan geldituko litzateke langile aktiboen %80ren —hots, lantokian mutualitate batekin akordioa dutenen— gaixotasun arrunten kudeaketa—kontsultak, probak, ebakuntzak ...—. LABen kalkuluen arabera, gizartearen erdia litzateke. «Pribatizazio prozesu erraldoi bat», sindikatuaren iritziz.

Langileen osasuna mutualitateen esku utzita, murriztu egiten da lehen arretako medikuen eskumena. Sendagiria kudeatzeko prozesuan ikusten da hori. Akordioaren arabera, mutualitateak langilearentzako sendagiria jasotzeko proposamena egiten badu, eta langilea ez badago ados, lehen arretako haren medikuak «aurkako txosten bat» egin beharko du bost egunen buruan. LABen arabera, egungo itxaron zerrendak direla-eta, hori ezinezkoa da, eta lehen arretako medikuaren gain jartzen du aurkako argudioak eman behar izatea.

Erantzunik ez balego, Lan Osasuneko Ikuskaritza Publikoko medikuak ebatzi beharko luke, eta, sindikatuaren arabera, hark normalean mutualitateen alde egiten du.

Eta Ikuskaritzak erantzungo ez balu? Alegia, lanarengatik isiltasun administratiboa gertatuko balitz? Mutualitateak sendagiria eskatu ahal izango luke. LABen analisia argia da: «Lehen arretako medikua da langileak duen babes handiena. Bere konfiantzazko medikuarengandik urrundu nahi dute, eta haren lana oztopatu».

Proben negozioa

Akordioan agertzen diren beste gaietako bat proben kudeaketa da. Mutualitateek nahi beste egin ahal izango dituzte, bajak «alferrik» ez luzatzeko. Langileak eta osasun zerbitzu publikoak tratamendu horiek onartu beharko dituzte bost eguneko epean, eta, isiltasun administratiboa balego, onartutzat emango litzateke. Mutualitateek eskura dituzten baliabideekin egingo dituzte probak, eta, gero, osasun zerbitzu publikoari kobratuko dizkiote.

Probak kudeatzeko eskaintza horren atzean, LABek klinika pribatuen negozioa ikusten du. Mutualitateak, berez, irabazi asmorik gabeko elkarteak dira, baina harreman estuak dituzte klinika pribatuekin. Hala, probekin negozio paralelo handi bat sor daitekeela uste du: «Azpian enpresa elkarte handiak egin daitezke, proba horiek kudeatzeko: erradiografiak, analisiak... eta horiek badute irabazi asmoa. Klinika pribatuak dira, azken finean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.