Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak mobilizazioak antolatuko ditu maiatzaren 30etik aurrera, osasun publikoaren merkantilizazioa salatzeko. Langileen osasun arreta mutualitateen esku uzteko mehatxua dagoela salatu du, eta bat egiten du hainbat gizarte taldek horren harira egindako salaketekin.
Iazko martxoan, LABek ohartarazi zuen Espainiako Lan Istripuetarako Mutualitateen Patronalak haien eragin ahalmena asko handituko lukeen akordio bat eskaini ziela erkidegoetako gobernuei, tartean Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. LABek lortutako zirriborroaren arabera, langile batek «kontingentzia arrunt» bategatik baja hartuko balu, mutualitateak kudeatuko luke osasun arreta osoa.
Ikusi gehiago
AMATek proposamen hori 2022ko abenduan helarazi zien gobernuetako osasun zuzendariei, eta Hegoaldeko bi gobernuek ez dute argitu zer posizio hartuko duten horren inguruan.
Osasungintza publikoaren aldeko plataformaren ustez, «mehatxu bat» da: «Soldatapeko langileen eta langile autonomoen osasun arreta mutualitateen esku uztea ekarriko luke, eta haiek osasun publikotik kanpo uztea». Plataformak gaineratu duenez, funts publikoekin ordainduko litzateke mutualitateek beren gain hartutako arreta horren kostua. «Baliabide gutxiago utziko lituzke sistema publikoak haurrak, erretiratuak eta langabeak artatu ahal izateko».
Osasun publikoa desegiteko «saio onartezin horren berri» eman nahi dute antolatutako mobilizazioetan.