Langileen kezka handitu du Siemens Gamesaren Portugalgo erosketak

Alemaniako Senvionen zati garrantzitsu bat erosi du Zamudioko taldeak; tartean, haize errotentzako Portugalgo pala fabrika bat. Agoitzen dute era horretako palak egiteko planta bat, 250 langilerekin

Langile bat lanean, Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegian. IÑAKI PORTO / EFE.
Hodei Iruretagoiena - Irune Lasa
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Aldaketa garaian da Siemens Gamesa energia berriztagarrien fabrikatzailea, eta zalantzak haizatu ditu Nafarroan. 2017an Siemens Wind Power eta Gamesa batu ondoren, joan den astean jakinarazi zuen konpainia berri batean integratuko dela datorren apiriletik aurrera: Siemens Energyren aterkipean. Atzo, gainera, operazio garrantzitsu baten berri eman zuten: Alemaniako Senvion taldearen zati garrantzitsu bat erosi du, guztira 350 milioi euro hartuko dituen operazioan. Hala, haiena izango da orain Ria Blades konpainia eta, ondorioz, Vagosko (Portugal) haize erroten lantegia. Gaur egun, Galiziako fabrika batean eta Agoizko (Nafarroa) plantan egiten dituzte era horretako palak. 250 langile dituzte Agoitzen.

Senvion kiebra jota zegoen, eta haren arduradunak saiatu ziren taldea osorik saltzen. Xede hori ezin lortuta, alemaniarrak Siemens Gamesarekin negoziazioetan hasi ziren, ea egoitza Zamudion (Bizkaia) duen taldeak erosten zuen energia eolikoaren alorra. Atzo itxi zuten akordioa bi aldeek: Europako aktiboen zati handi bat erosi du Siemens Gamesak. Haien esku geldituko dira orain Senvionen onshore zerbitzuen 8,9 gigawatteko negozioa—lurreko haize errotena— eta jabetza intelektual guztia, Vagosko lantegiarekin batera.

2010ean altxatu zuten Vagosko fabrika, eta oso handia da; berarentzat propio eraikitako itsas portu bat dauka hamahiru kilometrora. Zamudioko taldeak adierazi duenez, Europako lehiakorrenetako bat da lantegi hura. Negoziazioen berri jakin zenean, sindikatuek kezka agertu zuten, ekoizpena Portugalera mugitzearen ondorioz Nafarroako plantan izan zezakeen eraginagatik.

Salerosketa akordioaren arabera, Senvioneko 2.000 langiletik gora Siemens Gamesakoak izango dira orain. «Profesional eta negozio onak hartzen ari gara, eta hori garaipen bat da alde guztientzat», azaldu zuen atzo konpainiaren zuzendari exekutibo Markus Tackek: «Senvionen aktiboen jabe egiteak, gure hazkundea sustatzeaz gain, gaitasun handiagoa emango digu Alemanian eta Europako beste merkatu garrantzitsu batzuetan, eta, merkataritzaren egoera zaila aintzat hartuta, arriskuak murrizten lagunduko digu Portugalgo pala fabrikak».

Modu horretan, Txinaren eta AEBen arteko gerra komertzialaren inguruan argudiatu du erabakia Tackek. Galiziako eta Nafarroako plantak arriskuan ote dauden galdetuta, ez du zuzenean haiei buruz hitz egin, baina azaldu du «gaur egun dauden erronkak, gatazkak eta muga zergak aintzat hartuta, Asiako merkatuarekiko independentzia» lortu nahi dutela Portugalgo planta erosita: «Lantegi honek Siemens Gamesaren egungo ahalmena osatzen du merkatuan iragarritako eskaria gogobetetzeko».

Ekoizpena ez ezik, parke eolikoak mantentzeko lana ere negozioaren parte garrantzitsua da Siemens Gamesarentzat. Alemaniako, Frantziako, Italiako eta Portugalgo hainbat parketan lan hori egiten zuen Senvionek.

Plan estrategikoaren zain

Gamesa 2007an hasi zen Agoitzen lanean, eta ekoizpena eta lantaldea handitu ditu azkenaldian. Aurten, esaterako, 350 pala egitea zuten aurreikusia; iaz, 170 egin zituzten. Agoiztik Bilboko portura eta Zaragozara (Espainia) eraman ohi dituzte piezak. Zalantzak areagotu ditu, ordea, Portugalgo plantaren erosketak. Taldea 2020-2022 aldirako plan estrategikoa prestatzen ari da, eta hor ezagutuko dira xeheago haren benetako asmoak. Azaroaren 5ean dute aurkeztekoa emaitzen balantze bat, eta horrek ere pista batzuk eman litzake. Siemens Energyren aterkipean hasiko dira lanean apiriletik aurrera, eta irailean atera asmo dute burtsara.

Agoitzen ez ezik, Somozako (Coruña, Galizia) fabrika batean ere egiten dituzte haize errotentzako palak. Senvionen erosketaren lehen zurrumurruak ateratzean, hango langile batzordeak lan kargari buruz galdetu zion zuzendaritzari, eta erantzun zieten eskariak aintzat hartuta soilik abendura arte zutela lana ziurtatua. Konpainiak uztailean jakinarazi zuenez, 88 milioi euroren irabaziak pilatu zituen 2019ko urte fiskaleko lehen bederatzi hilabeteetan: urritik ekainera.

Agoizko 250 langileez gain, gehiago ere baditu Siemens Gamesak Nafarroan. 1.500 inguru ari dira Sarrigurengo eta Aratzuriko planta eta bulegoetan. Agoitzen, iaz sinatu zuten lehenengo hitzarmen propioa, 2020ra artekoa. Aurtengo maiatzean, aldiz, «bajan egoteagatik» hiru langile kaleratu zituztela salatu zuen langile batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.