Langileen erdiek baino gutxiagok dute lan hitzarmen berritua EAEn

Urte hasieratik, behargin asko dituzten zenbait sektoretako itunak luzatuta daude. Hitzarmena eguneratuta daukatenei, batez beste, %3,12 igoko diete soldata, inflazioa baino gehiago.

Arropa kate handietako langileen protesta hitzarmen propioa eskatzeko, otsailean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arropa kate handietako langileen protesta hitzarmen propioa eskatzeko, otsailean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 29a
14:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Lan hitzarmena berrituta daukaten langileen kopuruak nabarmen egin du behera EAEn. Urtea hasi zenetik, luzatu egin dituzte zenbait sektoretako itunak, langile askori eragiten dietenak, eta, horren ondorioz, beharginen erdiek baino gutxiagok (%47,4) zuten hitzarmena eguneratuta martxoaren amaieran; aurreko hiruhilekoan, aldiz, langileen bi herenek (%67,7) zuten eguneratuta. Langileen %48k ituna luzatuta daukate, eta %4,6k ez dute hitzarmenik; guztira 22 daude iraungita, eta 29.500 behargini dagozkie.

LHK Lan Harremanen Kontseiluak gaur eman ditu urteko lehen hiruhilekoko datuak. Txostenean, luzatuta dauden itun handi horietako batzuk aipatu ditu: Gipuzkoan, eraikuntzakoa eta ostatuetakoa; Bizkaian, eraikinen eta lokalen garbiketakoa, eraikuntzakoa eta salgaien garraioarena; eta Araban, eraikinen eta lokalen garbiketakoa.

%47,7

Zenbat langilek duten hitzarmen berritua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 306.264 beharginek daukate ituna eguneratuta (%47,7), eta 310.282k luzatuta (%48). Iraungita daukatenak 29.500 dira (%4,6).

Dena den, urtea hasi denetik 69 lan hitzarmen eguneratu dituzte: 13 Araban, 19 Gipuzkoan, 19 Bizkaian, eta hiru lurraldeei dagokien bat. Horrez gain, Espainian sinatu arren EAEn eragina duten beste 17 itun ere izenpetu dituzte. Hitzarmen berri horiek, guztira, 22.383 langileren lan baldintzak arautzen dituzte.

Gauzak horrela, martxoan sektore pribatuko 306.264 langilek zeukaten hitzarmena eguneratuta, hiru hilabete lehenago baino 130.000 gutxiagok. Ia neurri berean handitu da ituna luzatuta daukatenen kopurua: 310.282 dira orain. Kontuan izan behar da iazko urte amaierakoak azken hamabost urteetako daturik onenak zirela.

Hitzarmenak eguneratuta dauzkaten gizonen eta emakumeen artean agerikoa da arrakala: 186.472 gizonek daukate ituna berrituta, eta 119.792 emakumek. Luzatuta daukatenak ia parean daude: 157.210 gizon dira, eta 153.072 emakume.

Inflazioa baino gehiago

Itunak eguneratuta dauzkaten horiei, batez beste, %3,12 igoko dizkiete soldatak aurten. Ondorioz, orain inflazioa baino gehiago ari dira handitzen, inflazioa %2,8koa izan baitzen martxoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ohiko moduan, ituna non sinatu den, aldea nabaria da: lansariak %3,16 handituko zaizkie hitzarmena EAEn negoziatu dutenei, eta %2,99 EAEn eragina duten baina Espainian negoziatutakoei. Are alde handiagoa dago enpresetako itunen soldata igoeren (%2,83) eta sektoreko hitzarmenen (%3,19) artean. Aurten sinatu diren hitzarmen berrietan, batez beste, %2,75 handituko dira soldatak.

Lanaldietan ere agerikoa da diferentzia: urtean 1.678 orduko lanaldia dute EAEko itunek, eta 1.746koa Espainian sinatu eta EAEn eragina dutenek.

Lan gatazkei dagokienez, urteko lehen hiruhilekoan lana izan du Precok, gatazka kolektiboak konpontzeko organoak: 158 izan ditu denera, eta 49.237 beharginek hartu dute parte, iaz aldi berean baino %40,7 gehiagok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.