Urtebeteko etenaren ondoren, Maiatzaren Leheneko mobilizazioak Euskal Herriko kaleetara itzuli ziren atzo. Itxialdi betean izan zen iazkoa, eta sindikatuek deialdi birtualak egin zituzten, baina, atzo, langileen ahotsak ozen entzun ziren berriz. Mobilizazioek, hala ere, beste itxura bat izan zuten: zutabeka antolaturik eta segurtasun neurriak errespetatuz. Haiek zaintzeko oharrak oihukaturiko leloak adina entzun ziren martxetan.
ELAk, CCOOk eta UGTk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu zituzten manifestazioak. Baita LABek ere, baina Baionako deialdi partekatura ere gehitu zen, eta manifestazioak antolatu zituen hainbat udalerritan, gainera. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du manifestatzeko eskubidea ez dela nahikoa arrazoi itxiera perimetralak urratzeko, eta, hala ere, hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin ziren. Ez zirenizan debekurik gabeko urteetakoak bezalakoak, baina sindikatuetako ordezkariek ontzat jo zituzten.
ELA
«Ezkerreko atea» jo
ELAk «aldaketak» egiteko garaia dela aldarrikatu zuen Maiatzaren Lehenean, 2008ko krisiaren formulak ez errepikatzeko. Hori eragozteko, «ezkerreko atea» joko duela aurreratu zuen Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak: «'Eskubide gehiago, murrizketa gutxiago' dioen atea, hain zuzen». Bilbon hartu zuen hitza, eta sindikatuak azken hilabeteetan eginiko hainbat eskaeraren garrantzia azpimarratu zuen. Besteak beste, erreforma fiskala ezinbestekoa dela gogoratu zuen, «krisi honen faktura zeinek ordainduko duen baitago jokoan». «Gehien dutenek gehiago ordaindu» behar dutela argitu zuen. Europako funtsak ere aipatu zituen, haien «opakutasuna» eta «isilpekotasuna» salatuz: «Albiste onak balira, ez lituzkete ezkutatuko».
Funtsen harira, EAJri eta EH Bilduri duela hilabeteko mezu bera bidali zien: «Ez gaitzazue saldu Madrilen». Espainiako Gobernuarekin izan daitezkeen harremanetan bi marra gorri ezarri zituen: «Batetik, ez dugu onartuko eragozpenik gure hitzarmenak hemen, Euskal Herrian negoziatzeko. Euskal hitzarmenak hobeak badira, ez da kasualitatea: hemengo errealitate sindikala ezberdina delako da. Eta, bestetik, kaleratze kolektiboak daude, eta ez da onargarria enpresek jendea hain erraz kaleratzea». Azkenik, Jaurlaritzari mintzatu zitzaion. «Benetan axola» duten auziak Euskal Herrian erabaki beharko liratekeela esan zion, eta egun ez dagoela horretarako mahairik.
LAB
Greba orokorrerako garaia
LABek mezu argi eta zuzena bidaltzeko baliatu zuen Maiatzaren Lehena: «Momentu honek beste greba orokor bat eskatzen du, eta LAB greba orokorrerako adostasunak sortzen hasteko prest dago». Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilboko udaletxearen parean bota zuen enbidoa, eta ikusteko dago zer erantzungo duten «beste eragile, sozial eta politikoek». Aranburuk azaldu zuen «pandemiaren osteko garaian indartsu sartzeko» litzatekeela greba, eta egungo politika publikoen norabidea aldatzeko. Datak zeintzuk diren ikusita, udazkenerako litzateke deialdi saioa.
Aranburuk salatu zuen haien jardun sindikala kriminalizatzen saiatzen ari direla, eta Iruñean atxiloturiko ordezkariak hartu zituen gogoan. Halere, argitu zuen ez dituztela «bidetik aterako», eta «borrokarako indarra» dutela. Borroka hori maila politiko instituzionalean, lantokietan eta kaleetan antolatu nahi dute, «sinergiak bilatuz», eta mugimendu feministaren, pentsiodunen eta gazteen bidelagun izaten jarraituko dute: «Kapitalismoaren alternatiba eraikitzea mundu mailako erronka da, baina alternatiba hori herri gisa abiatu behar dugu, herri burujabetza bultzatuz. Aldaketa ezker subiranismotik eta langileen lidergotik bultzatuko da, edo ez da izango». Azkenik, sindikatuaren ikur diren bi egitasmo jakinen premia gogoratu zuen: Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzarako lege propioa.
CCOO-UGT
Egindakoa itzultzeko unea
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eskutik helduta atera ziren kalera COOO eta UGT, eta iaz Maiatzaren Lehena ospatu ezina izan zuten lehenik gogoan. «Kalea berreskuratu dugu», aldarrikatu zuten. Osasun arloko langileak, zahar etxetakoak eta, oro har, funtsezko jardueretan lehen lerroan lanean izan diren guztiak omendu zituzten euren mezuetan, eta aldarrikatu zuten egindako esfortzu hori aitortzeko garaia dela: batetik, langile horien guztien baldintzak duinduz, eta, oro har, Mariano Rajoyren agintaldiko ondarea «ahantzaraziz».
Iruñean, eguerdian irten zen manifestazioa Merindadeen plazatik, erritmo motelean, Sarasaten ELA egiten ari zen ekitaldi nagusiarekin bat ez egiteko. Ehunka lagun elkartu ziren, eta bi sindikatuen kartelak nonahi ikusten ziren, kolore gorriz eta morez. Sarasaten, foruen monumentuaren aurrean jarritako oholtzan, Itziar Perezek eta Carmen Urizek hitz egin zuten, osasun arloko eta funtsezko langileen izenean. Nabarmendu zuten pandemian egoera oso zailak bizi izan dituztela, batik bat hasieran. «Oztopoak gainditu ahala, ikusi genuen sufrimenduak fruituak ematen zituela, eta pandemiak min egin arren ez zuela lortuko gu garaitzea».
Ondoren, bere mezuan, Txetxu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak azpimarratu zuen langileei zor zaiena itzuli behar zaiela. Hain zuzen ere, bi sindikatuen aurtengo leloa Betetzeko ordua da izan da. Zehazki, 2012ko lan erreforma eta 2013ko pentsio erreforma indargabetu behar direla aldarrikatu zuen. Gainera, galdegin zuen lanbidearteko gutxieneko soldata igotzea, negoziazio kolektiboan ultraaktibitatea eta sektoreko itunetan gutxieneko erreferentziak berreskuratzea, azpikontratak arautzea, eta lan munduan hitzemandakoa betetzen dela kontrolatzea. «Atzoko txaloak modu eraginkorrean aitortu behar ditugu».
Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusiak aitortu egin nahi izan zuen Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak nola egin dioten aurre pandemiari. «Okerren geundenean, PPren gobernuak lan erreformarekin eman zigun labankadaren aldean, babes soziala ezarri dute: hor dago aldea». Dena den, haren ustez, «egoera kezkagarria» da, eta oraingo krisiaren aterabideak aurrekoaren diferentea izan beharko du. Nafarroan enplegu plan bat behar dela gaineratu zuen.
STEILAS-ESK-CGT-ELE
Lan erreformari ez
Martxa bateratua egin zuten Bilbon Steilas, ESK, CGT eta ELE sindikatuek, «pobrezia, langabezia izugarria eta lan baldintzen prekarizazioa» salatzeko, besteak beste. PSOEren eta PPren lan erreformak «berehala indargabetzeko» eskatu zuten, krisiaren jokalekuan «areagotu egin delako langileen egoera ahula».
IPAR EUSKAL HERRIAN
Deialdi bateratua
CGT, SNUIPP eta LAB sindikatuez gain, Gazte Ekintza kolektibo sortu berria, EBA Egiazko Berdintasunaren Alde, Etorkinekin kolektiboa, Bizi, eta Baionako antzokia okupatu duten kultur eragileak batu ziren sindikatuen deialdi bateratura Baionan. «Atzoko, gaurko eta biharko» langileen batasunera deitu zuten, «mundu justu, garbi, sozial, solidario, berdinzale eta feminista» baten alde. 11:00etan abiatu zen manifestazioa, lan burtsatik; aurretik, Bizi kolektiboak «aberatsen martxa» ironikoa ere egin zuen, aberastasunen metaketa salatzeko.
Argitxu Dufau LABeko kideak azaldu zuen aurten «bereziki» zaindu nahi izan dituztela gazteak, «prekaritateari aurre egin behar diotelako». Salatu zuen azken hamarkadetan zerbitzu publikoak «suntsitu» dituztela Frantziako agintariek, eta osasun krisiak agerian utzi duela «sistema kapitalista». Elise Dillet Biziko kideak azpimarratu zuen krisi garaian «kapitala azkarki emendatu» dela. Aberastasunen metaketa «guti batzuen esku» geratzen dela salatu dute.
Maiatzaren lehena
Langileen ahotsa, kalera berriz
Iazko etenaren ostean, Maiatzaren Leheneko manifestazioak indarrez itzuli dira, pandemiaren krisiaren ondorioak salatzeko. Itxiera perimetralak indarrean egon arren, mobilizazio jendetsuak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu