Bilboko kale nagusiko Sota eraikin dotorean du egoitza eta bulegoa Confebask patronaleko lehendakariak, Miguel Angel Lujuak (Sestao, 1953). Ordubetez, lasai baina irmo mintzo da krisiaz. Behin eta berriro nabarmendu du enpresaburu gehienek ez dituztela aldatu lan baldintzak, eta langileek ardura hori eskertuko dieten itxaropena badu.
Zer iritzi duzu Fagor Etxetresnak enpresan gertatzen ari denaz?
Ondorio txarrak izango ditu euskal ekonomian, eta bereziki Gipuzkoan. Enpresa krisi nahiko adierazgarria ari da pizten herrialde horretan. Alfaren egoera dugu, Corrugados, Arcelorrek ere lantegiren bat itxi zuen, eta, orain, Fagor. Ez dugu ahaztu behar, gainera, kooperatiba ez diren beste 100 bat enpresari kalte egingo diela produkzio eteteak. Lagun Aron ere badirudi finantza egoerak okerrera egingo duela, eta Laboral Kutxan ere eragingo du.
Kezkatzen zaitu egoerak?
Gipuzkoako egoera kezkatzekoa da gizartearentzat, pertsonentzat eta enpresentzat. Eusko Jaurlaritzak, enpresek, baita Bilduko foru gobernuak ere, elkar hartuta, alternatibak mahai gainean jarri beharko ditugu Gipuzkoako gizarteak ez dezan eduki Bizkaiak 80ko eta 90eko hamarkadetan Ezkerraldean izan zuen egoera larria. Edo enpresen lehiakortasunari laguntzen dioten neurriak hartzen ditugu, edo higadura ikaragarria pairatuko dugu.
Fagor asko ditugu geure industrian, amildegiaren ertzean dauden konpainiak?
Kooperatiben egoerari buruz ez dugu lehen eskuko informazioa. Sozietate anonimoen artean, behintzat, ez dugu beste Fagor bat gertatzeko arriskurik aurreikusten.
Ez da erortzeko zorian egon daitekeen beste enpresarik, hortaz?
Jendeak ez daki, baina azken 40 urteetako krisi luzeena eta sakonena da hau. 2007an hasi zen, ez zuen inork aurreikusi, eta 170.000 lanpostu galtzea eta BPG barne produktu gordina %6 murriztea eragin du. Gizarteak, erakundeek, alderdiek edo sindikatuek ez dute behar bezala aintzat hartu non gauden eta krisiaren efektuak. Gehiago egin zitekeen. Enpresaburuen onespen ezari buruz ari naiz. Enpresaburuoi botatzen digu gizarteak krisiaren errua, baina sistemikoa izan, den-denari eta denei kalte egin die.
Susperraldia hasi den mezua zabaltzen ari da, bereziki Espainiako Gobernukoak. Fagorren kasuak erakusten du irteera nahasia izango dela?
Ez da erraza izango. Baikor ikusita, egia da iaz edo orain dela bi urte baino hobeto gaudela. Atzeraldia atzean utzi dugu, baina ez krisia. Azken sei urteetan galdu dena ez dugu orain hazkundeko sei urterekin berdinduko. Luze joko du enplegua berreskuratzeak, eta bitarte horretan ustekabeak egon daitezke.
Noizko espero duzu susperraldi adierazgarri bat?
Inork ez daki, baina bi edo hiru urtetik haratago izango da. Sufrimendua geratzen zaigu, baina egia da, halaber, amildegia ez dela berdin ikusten erortzen ari zarenean edo irteten ari zarenean. Gauzak asko hobetu dira, baina luzerako dugu krisia.
Nola irudikatzen duzue patronalean 2014. urtea?
Aurreikuspena urte amaieran egingo dugu. 2012 eta 2013 baino hobea izango da. BPGaren hazkunde arina izango da, baina, zoritxarrez, enplegu sorrerarik gabe.
Laster hiru hilabete beteko dira ultraaktibitate mugagabea amaitu zela. Zer diote zuen datuek egungo egoeraz?
Batzuek iragarri zuten lan amildegia ez da gertatu. Enpresaburuak arduraz jokatzen ari dira, eta enpresa elkarteetatik emandako mezuak beren egin dituzte. Lan itunik ez egoteak ez du esan nahi munduaren akabera datorrenik. Enpresen %97k soldatari eta lan baldintzei eutsi die, erortzen ari den guztiarekin.
Langile askorentzat kezka garaiak izan dira eta badira, eta lan baldintzak zeharo okertzeko beldurra dute. Zer esango zenieke?
Konfiantza izan dezatela enpresaburuengan. Geure enpresa gehienak oso txikiak dira, eta jendeak argi ikusten du lantokia ondo doan edo ez, ekoizten den edo ez, edo dendak saltzen duen ala ez. Sindikatu batzuek, ELAk bereziki, zabaltzen duten gatazka iraunkorraren mezua alboratu, eta akordioa lortu behar dute langileek.
Inoiz aritu zara lan kostuei buruz kexatzen. Uste duzu euskal langileak gehiegi kobratzen ari direla eta soldatak jaitsi behar dituztela?
Ezin da erantzun orokorra eman. Lan kostuak hemen Espainian baino handiagoak dira. Datuak hor daude: berritu diren itunetan soldata igoera %1,05 da, eta Espainian %0,6. Uneotan neurritasuna behar dugu ordainetan. Ondo doazen enpresek hobetu ahal izatea itunak, baina hain ondo ez daudenek kostua jaisteko aukera izatea. Barruko kostua izan ezik, zer geratzen zaigu lehiatzeko? Energia Europako garestiena da, eta orain proposatu den igoerak hilko gaitu. Finantzaketa kostuak ere handitu dira. Geure zerga eta gizarte segurantza gastuak Europako handienetakoak dira. Barne kostuek ez digute uzten berdintasunean lehiatzen.
Saialdi batzuk izan ziren uda aurretik, lanbide arteko akordio bat lortzeko negoziazio kolektiboan. Zer gertatu zen?
Sindikatu nagusiak esan zuen ez zela geurekin eseriko; erabateko arduragabekeria. Beste hirurak eseri ziren. UGT eta CCOOrekin sinatu ditugu akordioak, gehiengoa duten esparruetan. Gehiengoa ez duten tokietan, ezinezkoa izan da, LABek erabaki zuelako ez hitzartzea orain artekoen oso antzekoak ziren baldintzak. Lan harremanen euskal esparru bat aldarrikatu du LABek, baina ez dakit zer esan nahi duen.
Zer da esparru hori zeuretzat?
Enpresen lehiakortasuna hobetzeko balio duen lan harremanen euskal esparru bat garrantzitsua litzateke. Baina esparru horrek esan nahi badu barne malgutasuna ez erabiltzeko klausulak izatea eta ondorioz pertsonak kaleratu behar izatea edo desadostasunei blokeoa kentzeko tresnarik ezin erabiltzea, orduan ez dut nahi, geure lehiakortasuna geldiarazten duelako. Pena handia dut, horren ondorioz erabakitzeko zentroak kanpora eraman dituzten enpresak badaudelako, inguruko erkidegoetan baldintza hobeak dituztelako. Bi sindikatu abertzale ditugu, ordezkaritzaren %60 dute; eurak banintz, gogoeta sakona egingo nuke.
Nolako gogoeta?
Euskadin, denak aurrera ateratzea nahi dut, bai pertsonak bai enpresak. Dena berriro pentsatzera behartzen gaitu Fagorren jazo denak. Ezin erori zitekeena ere erortzen ari da, krisi honek dena birrintzen duelako. Edo krisiari aurre egiteko defentsa tresnak jartzen ditugu edo aurretik eramango gaitu.
Produkzioa inguruko erkidegoetara eramateaz ari zarenean badirudi lan baldintzak okertzeko lasterketa bat dela, ea nork gutxiago ordaindu. Ez dirudi oso koherentea euskal gizarte eta enpresa ereduarekin.
Estatuan baino gehiago ordaintzen dute enpresek hemen, enpleguari gehiago eusten diote, kaleratze erregulazio gutxiago aurkezten dituzte, pentsioak beste inon baino oparoagoak dira. Hala ere, hiru aldiz gehiago dira lan gatazkak. Enpresek, irauteko, baldintzarik egokienak dituzten tokietan kokatu behar dute. Bizitzan ere gertatzen da. Erosterakoan, oso jende gutxi zaio fidel denda edo enpresa bati. Saltokia aldatzen du, edo Euskaditik at erosten du, baduelako eskaintza. Tristea da herri txikia izanik ezin ados jartzea lehiakortasun polo handi bat martxan jartzeko eta enplegua nahiz ongizate estatuan hazteko.
Gehiengo sindikalak argudiatzen du izaera aldarrikatzaile horri esker lortu dela lan baldintzak hemen hobeak izatea.
Hori miopia hutsa da. Euskaditik burua altxatu, eta munduari begiratu behar zaio. Munduan ez gara deus, eta mundu horren kontra lehiatzen gara. Sindikalgintza gatazkatsu hori, beti gizartea sumintzen duena, eta borrokatzeko modu bakarra kostuak igotzea, lanaldia jaistea eta enplegu gehiago sortzea dela dioena lehiakortasunaren aurkakoa da. Edo lehiatzen zara edo desagertzen zara; Fagorrek utzi du agerian hori.
Negoziazio kolektiboan lan erreformak botere guztia patronalari eman dio? Lan baldintza guztiak galtzea da sindikatuentzat itun berri bat ez sinatzearen alternatiba.
Euskadin ari gara erakusten ez dela horrela. Ez dugu sinatu. eta ez dira baldintzak galdu. Enpresaburuak txalotu behar dira horretan ere. Ez dugu ezer lortu negoziazio kolektiboan, baina lasai egon gaitezen, ez ditzagun ondorio konponezinak dituzten egoerak sortu. Eman diezaiogun konfiantza langileari. Hamar lagun dituen lantoki bateko langilea banaiz, eta, sektore itunik gabe, enpresaburuak neure lan baldintzei eusten badie, mundua nola dagoen ezagututa, lehen baino atxikimendu handiagoa izango dut enpresarekin. Defendatzen dituena zein den ohartuko dira pertsonak. Gatazkaren eta dena erretzearen filosofia duten sindikatuak, edo, oso gaizki pasatu arren, euren soldatari, baldintza ekonomikoei eta enpleguari eusten ari zaion enpresaburua. Argi dut noren alde egin apustu.
Patronalaren marra gorria da ituneko baldintzetatik askatzeko aukera ez galtzea. Sindikatuentzat ez du zentzu handirik betetzeko bermerik ez dagoen itun bat sinatzea. Ba ote dago ados jartzeko modurik?
Uztailaren 7ra arteko negoziazioetan, ia hitzarmen guztietan, metalgintzakoak barne, mahai gainean aurreko itun kolektiboaren ia kopia bat jarri dugu, baldintzei eutsita, eta ez da sinatu. Non zegoen arazoa? Espainian lege bidez ezarrita dagoen lan erreforma bat garaitzeko egoskorkeria egon da sindikatuetan, eta horren aurka jotzea astakeria da. Arduraz jokatu dugu. Mundu guztiak uste zuen uztailaren 8tik aurrera eskubide galera etorriko zela guztientzat, eta ez da gertatu, nahiz eta krisian une kritikoa izan. Jarduteko modu egokia izan dela ikusiko dute langileek, eta urtebete barru gehiago sinistuko dute euren enpresan, seguru.
Sektoreko negoziazio kolektiboa akabatuta dago?
Gaur-gaurkoz, bai, ez dugu ia harremanik. Irekita egon dira mahaiak, baina ez da inor etorri. Badirudi ELAri ondo doakiola, teorian, gero ikusi dugulako joan den asteko greba deialdiaren erabateko porrota. LABek ikusi beharko du Euskadi defendatu nahi duen ongizate estatuari eutsiko dion, ekonomia errentagarri eta saneatu bat lortzeko, ez delako egiten ari.
Bi lan erreforma egin dira, eta beste bat aipatu izan da (hirugarena), kontratazioa jopuntuan jarrita. Beharrezkoa iruditzen zaizu?
Kontratazio errazten duen edozer izango da ona. Ereduak egokitu behar zaizkio egoerari, ez da gauza bera krisia edo hazkunde aroa. Erreformak zehaztasun batzuk behar ditu. Bereziki, kontratazio partziala bultzatu behar da. Akaso, egongo da lanaldi oso batekin kontratatzera ausartzen ez den enpresaburua, baina bost ordurako bai. Hobe da bost ordurako kontratua izatea, kontraturik ez izatea baino.
CEOEk eskatu du kontratu berri guztiei hamabi hilabeteko probaldia jartzea. Praktikan, kaleratze librea lehen urtean. Ados zaude horrekin?
Confebaskekook eskatzen ditugu kontratu argiak, oso gardenak, eta enpresari malgutasuna ematen diotenak kontratatzeko arriskuei aurre egiteko. Kontratazio sistema zurrunarekin, enpresaburuak agian ez du pausoa emango. Erreformak berme batzuk ekarri behar ditu kontratazio arriskuak onartzeko. Hori lasaitasun giro batean egin behar da, enpresaburuen eta langileen arteko akordio bidez. Bi aldeek onartzea zein den krisian kontratu eredurik onena. Lanik ez duten pertsonen benetako kezka lana da, ez zenbateko kalte-ordaina izango duten.
Kontratatzeko bermeak eskatu dituzu. Zeintzuk?
Bermerik handiena sindikalgintza giro positiboa da. Kontratatu nahi duen enpresaburua banaiz eta nire enpresan sindikalgintza gatazkatsua badago, ez dut arriskurik hartuko. Kontratutik haratago, lana garatzen den baldintzak arautzea da garrantzitsuena. Batera pasatu behar dugu ekaitz hau. Lortu behar dugu ELAk bereganatzea ez dela zerbait txarra batera aritzea. Pena da hain sindikatu garrantzitsua izanda ELAn halako aldaketa izatea, dena auzitan jartzeraino.
Gehiengo zabalari eusten dio ELAk, langile gehienek botoa ematen diotelako.
Gaur egun bai, baina gero ez diote kasurik egiten borrokara eta grebara deitzen dituenean. Botoa ematen diote, baina ez diote kasurik egiten. Sindikatuko buruzagia banintz, kezkatuta egongo nintzateke botoen eta jarraipenaren arteko aldearekin. Egungo egoera zailean enpresaburuok lan baldintzei eusten badiegu, irabaziko dugu borroka. Jendea ohartuko da enpresak, batzuetan fakturatzen ez duenak edo zailtasunak dituenak, bere nominarekin konplitzen duela, eta negozioak segitzeko ahalegina egiten duela.
Erretiroa 70 urtera atzeratzea proposatu berri du CEOEk. Horrelako eskaerek polemika eta ezinegona eragiten dute gizartean.
Patronalean dagoen pertsona batek egin du proposamena, baina CEOEk ez du bere gain hartu. Txarra da orokortzea, ez da gauza bera 70 urte administrari edo irakasle batentzat edo beste batzuentzat. Ez ditut ikusten arriskuak dituzten edo lan nekezak dituzten pertsonak 70 urterekin lanean. Dena den, bai hemen bai Europa osoan demografia arazo bat dugu, eta beharrezkoa daerreforma arrazoitu bat
Bidezko iruditzen zaizu irabazi handiak izan dituzten enpresa batzuek ia zergarik ordaindu ez izana orain arte?
Horrela esanda, ematen du zerbait oso txarra. Enpresek dirua irabazi behar dute, bestela ixten dutelako, baina etekinak enplegua nahiz I+G+i hobetzeko berriro inbertitzen badituzte, ondo erabilitako dirua da. Lehiakortasuna handitzen du. Etekinak espekulazioan erabili nahi baditu, ez nago ados. Irabazia etxera eraman nahi duen enpresak ordaindu beharko du.
Miguel Angel Lujua. Confebask-eko lehendakaria
«Langileek ELAri botoa eman bai, baina ez diote kasurik egiten»
Patronaleko buruak uste du bizpahiru urte beharko direla ekonomiak susperraldi adierazgarria izateko, eta ez du irteera erraza espero: «Ezin eror zitekeena ere erortzen ari da, krisi honek dena birrintzen duelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu