Langileei hitza ostera

Mercedes-Benzen Gasteizko lantegian hauteskunde sindikalak dituzte gaur. Lan itunaren bozketak bozetan izan dezakeen eragina gakoa da

Mercedeseko langileak Gasteizko lantegiaren aurrean protestan, iragan uztailean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hautetsontzietara deituta daude Mercedes-Benzen Gasteizko fabrikako langileak berriz ere. Lan hitzarmena berretsi eta lau hilabetera, datozen lau urteetan langile batzordea osatuko duten ordezkariak aukeratuko dituzte. Bozketa garrantzitsua izango da, ez soilik Euskal Herriko lantegirik handiena delako (ia 5.000 langile daude boto ematera deituta), baizik eta aukeratuko duten langile batzordeak lantegiaren elektrifikazioaren aroaren hasiera kudeatu beharko duelako.

Udako bozketa hartan agerian geratu zen egun gehiengoa osatzen duten sindikatuen arteko zubiak hautsita daudela, eta indar korrelazio berriak eman daitezkeela. Izan ere, CCOO azken urteetan ELA, LAB eta ESK sindikatuekin lerratu bada ere, lan itunaren negoziazioan UGT, Ekintza eta PIM sindikatuekin batu zituen indarrak gehiengo sindikala blokez aldatzeko.

Hori izango da, hain zuzen ere, hauteskundeen gako nagusietako bat: nola eragingo duen hitzarmenaren gatazkak bozetan. Izan ere, lan itunaren negoziazioak arrakala handia eragin zuen nola langileen hala sindikatuen artean, eta, itunaren aldekoak gailendu baziren ere, aldea ez zen handia izan (langileen %57k bozkatu zuten zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIMekin egin zuen akordioa berrestearen alde). Gainera, tailerretan, ezezkoak irabazi zuen, eta hor sindikatu abertzaleak gehiago izan dira beti. Baiezko botoak gehiago izan ziren bulegoetan eta boto telematikoaren bidez bozkatu zutenen artean.

Egun, zazpina ordezkari dituzte ELAk eta UGTk; launa dituzte CCOOk eta LABek; hiru ditu ESK-k; eta ordezkaritza bana dute Ekintzak eta PIMek. ELAk ordezkaritza handitu zuen azken hauteskundeetan, eta lortu zuten presidentetzari eustea ere. UGTk, ostera, ez du inguruotan geratzen zaion eragingune bakarra galdu nahi.

Ordezkari gutxiago

Hauteskunde hauetan bi berritasun izango dira, eta biak izan daitezke aldagai garrantzitsuak. Ordezkari kopurua izango da bat. 2018ko hauteskundeekin alderatuta, bi ordezkari gutxiago izango baititu langile batzordeak hurrengo lau urteetan: 31 izan ordez,29 izango ditu. Bi ordezkaritza horiek ekoizpen alorrean galduko dituzte, langile kopurua zertxobait jaitsi egin delako. Ikusteke dago, ordea, indar korrelazioan eragiteko adina aldaketa izango ote den.

Beste aldagai nagusia, botoa emateko sistema da. Izan ere, uztaileko bozketan bezala, botoa modu telematikoa emateko aukera izango dute langileek. Orduko hartan, ELAk, LABek eta ESK-k salatu zuten irregulartasunak egon zirela, eta hauteskunde sindikaletan ere ez erabiltzeko eskaria egin zuten, sistemak akatsak dituela eta araututa ez dagoela iritzita. Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zuten erreklamazioa, baina Lan eta Enplegu sailak atzera bota zuen.

Prezioen garestitzeak eragindako krisia lehendik zituen erdieroaleen eskasiari gehitu zaio autogintzaren sektoreari. Urteko helburuak nabarmen jaitsi behar izan ditu Mercedesek ondorioz, eta espero baino 11.000 furgoneta gutxiago ekoitziko dituzte aurten. Dena den, epe ertainera begirako lan baldintzak finkatuak dituzte Gasteizko lantegian, eta Mercedesek ere baieztatu zuen ibilgailu elektriko bat gutxienez ekoitziko dutela bertan; 2025aren hasieran hastea espero dute.Zenbat egingo dituzten jakitea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.