Langileak kaleratzeko prozesua bizkortzen ari da Corrugados

Jadanik 220 bota dituzte kalera, eta Azpeitiko fabrikan geratzen diren 40ak aurki joango direla uste dute sindikatuekIncoesan, langileek agindu dute jabeak Bediako lantegia hustea eragotziko dutela

Azpeitiko Corrugadoseko langileak, atzo, fabrikaren aurrean. NEREA URANGA / UROLA KOSTAKO HITZA.
Urola Kostako Hitza
2013ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gutxika-gutxika ixten ari dira Azpeitiko Corrugados lantegia. Azken asteotan 220 langile geratu dira kalean, eta 40 besterik ez da gelditzen. Kaleratze prozesuan enpresaren jabe Gallardo taldea «joku zikina eta txantaia» erabiltzen ari dela salatu dute langileen ordezkariek. Lantegiko produkzio guztia geldi dago, eta eskariei uko egiten eta bezeroak galtzen ari direla salatu dute langileek.

Enplegua erregulatzeko espedientean langile guztiak kaleratzeko epea irailaren 30ean beteko da. Beharginek, ordea, uste dute askoz lehenago botako dituztela. «Enpresak talde osoa kaleratzeko dirua jaso duela entzun dugu; horrek epe laburrean langile guztiak kaleratzea ekar dezake», azaldu zuten atzo lantegiaren aurrean.

Langileak kaleratzeko orduan enpresa «joku zikina» egiten ari dela salatu zuten ELA eta LABeko ordezkariek: «Langile batzuen egoera pertsonala edo familiakoa baliatzen ari da enpresa xantaia egiteko. Diru apur bat gehiagoren truke, enpresak kaleratzeko emandako arrazoiak egiazkoak direla sinatzera behartzen ari da hainbat langile. Gero edozein erreklamazio egiteari uko egin behar diotela sinarazten diete». Hori «xantaia» da.

Egunetik egunera itxiera gertuago dirudien arren, enpresaren etorkizuna defendatzen segituko dute langileek. Eskaerak, izan, badituztelako. «Joan den astean, Ingalaterratik Azpeitiko Corrugadosek eskaera bat jaso zuen, baina uko egin behar izan zitzaion, enpresak ez zuelako eskaera bermatzeko beharrezkoa den txatarra». Lantegia bezeroak galtzen ari da. Garrantzitsuenetako bat, Cifer, lehiakideei erosten hasi da. Gallardo Corrugados «hiltzen uzten» ari denez, garbi daukate ez dela txatarra gehiago sartuko eta, hortaz, ezingo dutela gehiago ekoitzi.

Azpeitiko lantegia ixteak ehunka familiatan ez ezik, herrian eta eskualdean ere «ondorio larriak» ekarriko ditu. Horregatik, min eman diete patronalaren komentarioek. «Ezin dugu onartu Adegik, Jose Miguel Aiertzaren bitartez, egoera honen erantzukizuna sindikatuoi leporatzea. Hiru epai izan dira gure alde; horrek erakusten duen bakarra da enpresak beti inposatu egin duela eta ez duela negoziatu». «Desindustrializazioa dela-eta» erakunde publikoei «arduraz jokatzeko» eskatu zieten langileek. Eusko Jaurlaritzaren esku dago Corrugadosi emandako bost milioi euroren laguntza itzultzeko eskatzea.

Incoesakoen deia

Egoera beltz ikusten dute Incoesako langileek ere. Enpresak Bediako lantokia itxi (Bizkaia) eta lana Extremadurara eta Soriara eramatea erabaki zuen, eta horren aurka greba mugagabea hasi zuten maiatzaren 27an. Orduz geroztik egun osoan enpresako atarian kanpatuta daude, eta han jarraituko dute, «gau eta egun».

Lantegian egindako agerraldian, langileek salatu zuten produktu amaitu eta amaitu gabekoak atera nahi dituela jabeak. «Baina ez diegu utziko, gure lan- postuak defendatuko ditugu». Enpresa kanpora eramateko arrazoien artean «diruzalekeria» besterik ez dute ikusten. «Gu ere enpresaren parte gara. Bizitza osoa eman dugu Arratiako lantokian. Arteta sendiak, Arratiakoak beraiek ere, urteetan gure ahaleginari esker lortutako mozkinekin egin dituzte Soria eta Extre- madurako lantegiak, eta hara eraman nahi dute lana orain». Zuzendaritzari planta ez husteko exijitu zioten, eta «behingoz negoziazio zintzoa» has dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.