Puri-purian dago bidegabeko kaleratzeen kalte ordainei buruzko eztabaida. Gaur egun, lan egindako urte bakoitzagatik 33 eguneko kalte ordaina ematen zaio langileari, 24 hilabete gehienez. 2010eko eta 2012ko lan erreformetan apaldu zen kalte ordaina, 45 egunetik 33 egunera. Hori berreskuratzeko asmoz, ERCk mozio bat aurkeztu zuen herenegun Espainiako Diputatuen Kongresuan, baina aurkako botoa nagusitu zen atzoko bozketan, tarte handiz. Aldeko 55 boto jaso zituen mozioak, aurkako 222, eta 63 abstentzio. Koalizio gobernuaren haustura irudikatu zuen bozketak, Unidas Podemosek alde bozkatu baitzuen, eta PSOEk aurka.
Gaia, baina, ez da hor geratuko. Izan ere, martxoan EH Bildu, ERC eta BNG alderdiek egindako lege proposamena eztabaidatuko dute Diputatuen Kongresuan. ERCren mozioa baino orokorragoa da proposamena, eta azken lan erreforman hobetzeko geratu ziren gaiei heltzea dute asmoa; bidegabeko kaleratzeagatik jasotzen den kalte ordaina tartean.
Dena den, eztabaida berpiztu duena Kataluniako Justizia Auzitegiaren otsaileko epai bat izan da. Langile batek lau hilabete zeramatzan enpresa batean lanean, eta, pandemia iritsi zenean, enpresak kaleratu egin zuen; gainerako langileei, berriz, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri zieten. 942 euroko kalte ordaina jasotzeko eskubidea zuela adierazi zioten langileari, baina, azkenean, auzitegiak 4.435 euroko kalte ordaina ematera behartu berri du enpresa, hasieran baino lau aldiz gehiago. Honela argudiatu zuen epaitegiak: «Mila eurora iristen ez den legezko kalte ordaina nabarmen hutsala da, eta ez du estaltzen enplegua galtzeagatik eragindako kaltea». Iaz UGT sindikatuak Europako Giza Eskubideen Batzordera jo zuen, Espainiako Gobernuaren aurka salaketa bat jartzeko. Izan ere, sindikatuarentzat, gaur egungo kalte ordaina txikiegia da, eta hori handitzeko asmoz jarri zuen salaketa.
Europako Gutun Soziala da nolabait kalte ordainak arautzeko gidalerroak ematen dituena. Honela dio 24. artikuluak: «Baliozko arrazoirik gabe kaleratua izan den langile orok eskubidea du kalte ordain egoki bat jasotzeko. Hala, aldeek babesten dute arrazoirik gabe kaleratua izan dela uste duen langile batek eskubidea duela erakunde inpartzial batean helegite bat jartzeko». Artikulu hori helduleku hartuz jarri zuen salaketa UGTk.
33 direnak 60 ziren
Azken hamarkadetan, murriztu besterik ez da egin bidegabeko kaleratzeagatik ematen den kalte ordaina. 1973. urtean, bidegabeki kaleratzeagatik, enpresak lan egindako urte bakoitzeko 60 eguneko kalte ordaina ordaindu behar zuen, gehienez 70 hilabetez. 1980an, 45 egunera jaitsi zen, eta gehienez 42 hilabetez ordaindu behar zuen. 1997an etorri zen hurrengo aldaketa: gehienez ordaindu beharreko hilabeteak 42tik 24ra murriztu zituzten.
2010eko eta 2012ko lan erreformek beheratu dute kalte ordaina lan egindako urte bakoitzeko 33 egunera. Lehen erreforman, PSOErenean, langile multzo handi bat sartu zuten 33 eguneko kalte ordainen zakuan, behin-behineko langileak batez ere. Hala ere, behin betiko kontratua zuten langileek eta beste batzuek 45 egunekoa jasotzeko eskubidea zuten, 2012ko PPren lan erreformara arte. Urte horretan, Mariano Rajoyren gobernuak 33 egunera apaldu zuen kalte ordaina langile guztientzat.
Langileak kaleratzea, merke?
PSOEk bidegabeko kaleratzearen kalte ordaina handitzearen aurka bozkatu du. Martxoan eztabaidatuko dute lan eskubideak hobetzeko lege proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu