Langile publikoen estatutua berritzeko mahaia astero biltzea proposatu du Nafarroako Gobernuak

Akordioa epe baten barruan eginez gero, hitzartutakoa ekonomikoki planifikatzeko konpromisoa hartuko du gobernuak. Sindikatuek datorren aste hasieran aztertuko dute, baina ELAk aurreratu du ez dela nahikoa apirilaren 9ko greba bertan behera uzteko.

Funtzio Publikoko Mahai Orokorra
Sindikatuen eta gobernuaren arteko bilera, Nafarroako Jauregian, Iruñean. IRATI AIZPURUA / NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
Iruñea
2025eko martxoaren 21a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi orduz bildu dira Nafarroako Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko sindikatuak Nafarroako Gobernuko arduradunekin. Aste hasieran iragarri zuten mahai horretako bost sindikatu nagusiek —LAB, Afapna, CCOO, ELA eta UGT— apirilaren 9rako grebara deituko zutela, eta horrek gobernua urrats bat egitera behartu du. Bileran, gobernuak azaldu die langile publikoen estatutua berritzeko negoziazio mahaia astero bilduko dela, eta finantzaketari buruzko baldintza batzuk mahaigaineratu dizkie ere.

Grebara deitzeko arrazoi nagusietakoa izan da estatutuaren inguruko negoziazioa korapilatuta zegoela. Otsailetik urrira bitartean hainbat bilkura egin zituzten langileen ordezkariek eta gobernuak, baina azken bost hilabeteetan Funtzio Publikoko departamentuak ez diela jaramonik egin salatu dute sindikatuek. Horrekin batera, aldarrikatzen dute soldata KPIaren arabera igotzea, behin-behinekotasuna %8tik behera jaistea, plantilla handitzea, kontziliazio baldintzak hobetzea, pribatizazioak geraraztea...

Gobernuaren proposamena

Estatutua ez da aldatu 1993tik. Sindikatuen aldarrikapenei erantzuteko nahikoa dirurik ez dagoela esan du orain arte gobernuak. Gaurko bileran, berriz, zenbait baldintza ezarri ditu Rashid Mohamed Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak: haren esanetan, legealdi honetan akordioa egonez gero eta sindikatuen interesak eta eraginkortasuna hobetzeko neurriak bateragarriak izanez gero, horri buruzko planifikazio ekonomiko bat egiteko konpromisoa hartuko du gobernuak.

Gehitu du «garai berri bat» hasi dela: sindikatuen interesak eta eraginkortasuna lortzeko gobernuaren asmoak uztartzeko aukera aztertuko du, eta horretarako prospekzio bat egingo dute departamentuz departamentu. Behin-behinekotasunari dagokionez, zehaztu du urteotan 3.548 lanpostu egonkortu direla.

Sindikatuen erantzuna

Grebaren deitzaileek aste hasieran aztertuko dute proposamen hori. Lehenik, sindikatu bakoitzak etxe barruan aztertuko du. Asteartean, berriz, bakoitzaren analisia aztertu eta balorazio orokorra egingo dute. Bitartean aurrera jarraitzen du apirilaren 9ko deialdiak.

ELAk jada baieztatu du grebarekin aurrera segitzeko asmoa duela. Sindikatuaren irudiko, gehiago biltzeko asmoa ez da nahikoa. «Bileren maiztasuna handitzeak ez dakar berekin funtsezko hobekuntzak egitea, horrekin ez badu eduki jakin batzuk negoziatzeko konpromisorik hartzen». ELAren arabera, gobernuak ez die erantzun sindikatuen aldarrikapenei.

CCOOk datorren astean egingo du balorazioa. Dena den, aurreratu du greba deialdiak bultzatu duela gobernua mugimendu hori egitera. «Ezin du mutu geratu eta entzungor egin. Beraz, greba deialdiak eragina izan du gobernuarengan», aipatu du Unai Alaba CCOOko kideak.

LABeko Isabel Artiedak bileraren nondik norakoak azaldu ditu, eta zehaztu du astelehenean irakurketa sakonagoa egingo dutela. Ostiral arratsean komunikatu bat atera du sindikatu abertzaleak eta aipatu du «tentuz» aztertuko dutela proposamena. Haren esanetan, gobernuak hiru puntuko proposamena helarazi du. araudia premiaz eguneratzea, «behin-behinekotasun tasa murrizten jarraitzeko»; kontratazioari buruzko foru aginduaren aldaketa eta estatutu berriaren ingurukoa.

Proposamen horren aurrean, administrazio publikoko lehen sindikatua diren heinean, «zuhurtziaz eta erantzukizunez» jokatu nahi dutela diote eta horregatik erabaki dute denbora apur bat gehiago hartzea. Gogoan hartu dute konfiantza urratuta dagoela egun: «Gobernuak prozesu hau guztia kudeatzeko moduak mesfidantza handia sortu digu, hainbestekoa non grebara deitzea beste aukerarik ez dugun izan» .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.