Langile publikoek oraindik ez dute jaso soldata igoera

Espainiako aurrekontu proiektua bertan behera geratzeak atzeratu egin du soldaten eguneratzea, baina Madrilek espero du prozesua orain amaitu ahal izango duela.

Eusko Jaurlaritzako langileak lantokira sartzen, Lakuan. RAUL BOGAJO / FOKU
Eusko Jaurlaritzako langileak lantokira sartzen, Lakuan. RAUL BOGAJO / FOKU
pettan uralde
2024ko maiatzaren 15a
15:00
Entzun

Maiatza erdialdera iritsi da, eta Hego Euskal Herriko 200.000 langile publikoak 2023ko soldata bera jasotzen ari dira oraindik. Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek hitzartu zuten 2024an soldatak %2 igotzea, baina estatuko aurrekontu proiektua bertan behera geratzeak atzeratu egin du prozesua. 

Egoerak Hego Euskal Herriko langileen %15i baino gehiagori eragiten die. Batetik daude Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta haien menpeko erakundeetan lan egiten duten 145.000 langileak, udaletan eta kontzejuetan aritzen diren 40.000 lagunak, eta estatuko administrazioak lau lurraldeetan dituen 15.000 beharginak. Horiei itunpeko eskoletako irakasle eta hezitzaileak batu behar zaizkie. Haien soldatak ordaintzeko ere diru publikoa baliatzen da, eta langile publikoei egin ohi dizkieten eguneratzeak egin ohi dizkiete haiei ere. Lotura hori, ordea, ez da automatikoa, eta sektoreko mahai negoziatzaileetatik igaro behar du aurretik.

Aurrekontu orokorrak oztopo

Soldata igoera atzeratzeko arrazoia agerikoa da: langile publikoen nomina igoerak Espainiako Estatuko aurrekontu orokorretan finkatzen dira, eta aurten ez da aurrekonturik. Pedro Sanchez gobernuburuak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen martxoan, Kataluniako hauteskunde prozesua zela-eta, ez zelako ziur nahiko babes lortuko zuen.

Langile publikoen soldatak igo igoko dituela agindu du Espainiako Gobernuak, baina horretarako zeharkako bide bat hautatu du. Ukrainako gerragatik diru laguntzak luzatzeko lege proiektuan langile publikoen soldata igoera gehitzeko zuzenketa bat sartu du, eta, beraz, lege proiektua onartzean gauzatuko da soldata igoera.

Aste Santutik bueltan neurria prest egotea espero zen, apirileko nominan aplikatzeko, baina urteko laugarren hilabetean ere ez zen aldaketarik izan langile publikoen nominan, Eusko Legebiltzarrerako eta Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen ondorioz moteldu egin baita lege proiektuaren tramitazioa. Bi prozesu horiek amaituta, eta panorama politikoa argituta, Madrilgo gobernuak espero du arau horren tramitazioa berriro abiatuko dela.

Bide horrek huts egingo balu —ez da ziurra proiektuak nahikoa babes lortuko ote duen—, Espainiako Gobernuko iturriek azaldu dute beste lege tresna bat bilatuko dutela langile publikoen soldata igoera txertatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.