Langile publikoek hurrengo soldatarekin jasoko dute %2ko igoera

Hegoaldeko sindikatuek erosteko ahalmena galduko dutela salatuko dute bihar, Gasteizen.

Langile publikoak soldata igoera eskatzen, martxoko greba egun batean, Bilbon.  OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Langile publikoak soldata igoera eskatzen, martxoko greba egun batean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 24a
13:00
Entzun

Sei hilabeteko atzerapenarekin iritsiko zaie soldata igoera Hego Euskal Herriko langile publikoei. Jose Luis Escriva Espainiako Funtzio Publikoko ministroak baieztatu egin du biharko ministroen kontseiluan onartuko dutela %2ko soldata igoera, urtarrilaz geroztik atzeratuta dagoena. «Hurrengo soldatarekin» jasoko dutela iragarri du Escrivak, atzerako eraginarekin, hau da, urtarriletik maiatzera ordaindu gabe geratu zenarekin.

Langile publikoen soldaten igoera bertan behera geratu zen 2024rako Espainiako aurrekontuen proiektua bertan behera geratu zenean, baina orain arte Madrilek ez du formularik aurkitu igoera hori aplikatzeko.

%2ko igoera CCOO eta UGT sindikatuekin negoziatutakoa da, baina, hala ere, CCOOk parte hartuko du bihar Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean Hego Euskal Herriko sindikatuek egingo duten protestan. Haren bitartez,  ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek erakundeei eta alderdi politikoei eskatu nahi diete haien lan baldintzak EAEn erabakitzea, eta ez Madrilen.

Aldarrikapen horrekin hainbat greba egin dituzte sindikatu horiek azken hilabeteetan. Halaber eskatu dute zerbitzu publikoak indartzea, pribatizazioak alde batera uztea, enplegu publikoa sortzea eta finkatzea, eta euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzea langile publikoen lan baldintzak hobetuta.

ELAren eskaera

Soldatari dagokionez, ELAk agiri batean salatu du Espainiako Gobernuaren proposamenarekin langileek erosahalmena galduko dutela hirugarren urtez jarraian. Sindikatuak gogorarazi du 2023 amaieran %3,1eko inflazioa izan zela, eta aurtengo igoerak ez duela hori konpentsatuko. Orotara %6ko galera izango dela dio ELAk —%2,9koa 2022an, eta %2,2koa 2023an—.

Ohiko aldarrikapen bat gogorarazi du ELAk: erakundeei eta alderdi politikoei eskatu die bertan behera utz dezatela orain arteko «Madrilekiko mendekotasuna», eta ez dezatela %2ko igoera besterik gabe onartu, «ondorio oso larriak baititu bai langileentzat, bai zerbitzuarentzat».

Sindikatuak uste du Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta diputazioek badutela eskumena beren langileen soldatak erabakitzeko; erakundeek, ordea, erantzuten dute behartuta daudela Espainiako Gobernuaren aginduak betetzera, hark bere gain hartu baitzuen eskumena Atzeraldi Handiaren garaian, lege organiko baten bidez.

LABen kritika

LABek ere ez du ontzat eman %2ko igoera: «Igoera inposizio bat da, akordioa Madrilen erdietsi delako, Hego Euskal Herriko administrazioetako langileei negoziazio kolektiborako eskubidea ukatuz».

Sindikatu abertzaleak azpimarratu du soldaten eguneratzeak ez diela eragingo pribatizatutako zerbitzu publikoan ari diren langileei, «Euren eskubideak egunero borrokatu behar izaten dituzte, euren patronalen eta hauek elikatzen dituzten administrazioen aurka». 

200.000 langile publiko

Hego Euskal Herriko langileen %15i baino gehiagori eragiten die Espainiako Gobernuak bihar onartuko duen dekretuak. Batetik daude Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta haien menpeko erakundeetan lan egiten duten 145.000 langileak, udaletan eta kontzejuetan aritzen diren 40.000 lagunak, eta estatuko administrazioak lau lurraldeetan dituen 15.000 beharginak. Horiei batu behar zaizkie itunpeko eskoletako irakasle eta hezitzaileak; haien soldatak ordaintzeko ere diru publikoa baliatzen da, eta langile publikoei egin ohi dizkieten eguneratzeak egin ohi dizkiete haiei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.