LANGILE FALTAN, HAURRA LANABES

Parkeetan topatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek langile faltaren irtenbidea; adingabeak lanean jarri nahi dituzte hainbat estatutan. Besteak beste, Iowan aurkeztutako lege proiektu batek baimenduko luke 14 urtetik gorako haurrek eraikuntzan lan egitea.

Haurrak tipulak jasotzeko lanetan, Weld Countyn, Coloradon. #BARRA_ABILDUA#CHILDLABORCLC / TWITTTER.
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Hamar milioi lanpostu inguru hutsik daude AEB Ameriketako Estatu Batuetan, baina 5,7 milioi langile besterik ez daude horiek guztiak betetzeko. Konpainia askok curriculum potoloak eta enplegu zentroak alde batera utzi, eta parkeetara jo dute eskulan bila. Izan ere, langile eskasiaren aurrean, haurrak lanean jarri nahi dituzte AEBetako hainbat estatuk.

Ikusi gehiago:Ametsen lurra amesgaizto bihurtu da

AEBetako lege federalak arautzen du haurrek eta nerabeek lan egin dezaketela enplegu jakin batzuetan, hala nola jatetxeetan, saltokietan eta arropa dendetan. Baina zerrenda hori handitu nahi dute batzuek. Iowako senatari errepublikano Jason Schultzek lege proiektu bat aurkeztu zuen joan den urtarrilaren 30ean: 167 Artxiboa. Hori onartuz gero, 14 urtetik gorakoek lan egin ahalko dute animalia hiltegietan, meatzeetan, nekazaritzan eta eraikuntzan.

Proposamenak haurren lanak izandako historia «beltzaren» ufadak harrotu ditu, Child Labor Coalition elkarteko koordinatzaile Reid Makiren arabera. «Atzerabuelta bat da. Badakigu zer gerta daitekeen ez bagara erne ibiltzen». Schultz errepublikanoak iritzi dio, ordea, horrelako neurri bat «ezinbestekoa» dela herrialdeak egun duen «langileen behar handiari erantzuteko». Baina haurren osasunak kezkatzen ditu legearen aurkakoak: «Halako enpleguek berezkoa dute arriskua. Edonoiz gerta daiteke istripu bat».

Aukera hori aintzat hartzen du lege proiektuak, hots: enpresak ez luke erantzukizun zibilik izango ikasten eta lanean ari den haur bat lan eremuan zauritzen, gaixotzen edo hiltzen bada. Koordinatzaileak «erabat zinikotzat» jotzen du neurria. «Badakite [haurrek] min hartuko dutela, eta horri aurrea hartu nahi diote, enpresaren onerako», gehitu du. Gainera, adingabeak legez kanpo lanean izateagatik enpresei ezarritako zigor ekonomikoak murrizteko edo bertan behera uzteko eskumena izango luke estatu horretako lan komisarioak.

Dena den, 50 estatuk osatzen dituzte AEBak, eta Iowa ez da gisa horretako proposamen bat aurkeztu duen bakarra. Iragan urtarriletik, eraikuntzan lan egin dezakete 16 eta 17 urteko nerabeek Minnesotan; eskola egunetan gaueko bederatziak arte egin dezakete lan nerabe guztiek Ohion; eta, Arkansasen, 14 urteko haurrek ez dute euren gurasoen baimenik beharko lan egiteko.

Horiek hala, iaz %37 egin zuten gora AEBetan adingabekoekin lotutako lan urraketek. Azken urteei erreparatuz gero, are handiagoa da koska: 2018tik %69 egin du gora legez kanpo lan egiten duten haurren kopuruak.

Ikasgelatik lantokira

Han «ohikoa» da lan munduan gazte sartzea, hala azaldu du Makik. Baina sartzeko moduak eta moduak daude: «Ez da berdin haur batek astean ordu batzuk lan egitea arropa, liburu edo diskoren bat berak irabazitako diruarekin erosi nahi duelako; edo 12, 13, 14 urterekin bizirauteko lan egin behar izatea».

Haren arabera, lan egitea haurraren onerako izan daiteke, baldin eta astean ordu gutxi egiten baditu, arriskutsuak ez diren enpleguetan, eta ikasturtetik at; neguko eta udako oporraldietan, adibidez. Haren iritziarekin bat dator Lan Segurtasun eta Osasunerako Kontseilu Nazionaleko koordinatzaile Marcy Goldstein-Gelb: «Lan egitea osasuntsua izan daiteke haurrarentzat, eta asko ikas dezake. Baina AEBetako Gobernu Federalak araututa ditu adingabekoek astean egin ditzaketen lanordu kopuruak, eta zenbait ikerketetan oinarritu dira horretarako; lan egiteaz gain, haurrek bizitza osasuntsu bat izan dezaten».

Kasu askotan baldintza horiek betetzen badituzte ere, egoera bestelakoa da hainbat sektoretan. Zehazki, nekazaritzan: «Oso ahulak dira sektorean adingabeek egin ditzaketen lanen inguruko legeak. Ikasturtea martxan ez dagoenean, 12 urteko haur batek 10 edo 12 orduko lanaldiak izan ditzake nekazaritzan». Hain justu, nekazaritzaren sektoreko enpleguetan izan ziren 2001 eta 2015 urteen arteko haur langileen heriotzen ia erdiak (%48).

Zaurgarrienak jomugan

Langile falta «arazo estruktural eta hierarkikoa da». Hori uste du Goldstein-Gelbek, eta iritzi dio langile faltari aurre egiteko «ezinbestekoa» dela lan baldintzak hobetzea, hala nola lanpostu seguruak bermatzea eta soldatak igotzea. «Haurrek ez lukete lanik egin beharko haien familiek bizimodu duin bat izateko moduko soldata iraunkor bat izango balute. Hori da arazoaren erroa. Haurrek ez lituzkete beren hezkuntza eta osasuna baztertu behar».

Harekin bat egiten du Makik, baina soldatak igo eta lan baldintzak hobetu ordez, «zaurgarrienen bila» dabiltza konpainiak. Eta nor dira zaurgarrienak AEBetako lan merkatuan? Bada, Goldstein-Gelben arabera, migratzaileak. «Soldata txikienaren trukean lan arriskutsuenak egiteko prest dauden pertsonak nahi dituzte. Horiek egoera etsigarrian egon ohi dira, gehienak migratzaileak dira, ez dakite ongi ingelesez edo ez dituzte dokumentuak».

The New York Times egunkariak egindako ikerketa baten harira, AEBetako Lan Saila zenbait konpainia ikertzen ari da. Horietako bat da Hearthside Food Solutions konpainia. Illinoisen du egoitza nagusia, eta hogei fabrikatik gora ditu herrialdean. Zenbait produktu egiten dituzte horietan, baita marka ezagunen bilgarriak ere, hala nola Lucky Charms eta Cheetos markenak.

Bada, ikerketaren arabera, haurrak dira fabrika horietan lan egiten duten asko. Hala ere, oraingoa ez da konpainia gisa horretako auzi batean murgilduta dagoen lehen aldia; 2019tik 34 urraketa kasu egotzi baitizkiote.

Horiek hala, Goldstein-Gelbek uste du korporazio handiekin «puntuak irabazteko» estrategia politiko baten parte direla zenbait estatu errepublikanotan aurkeztu dituzten lege proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.